Albistea entzun

Zientzia

Marteko esploratzailea iritsi da

NASAren 'Perseverance' ibilgailuak Marten lur hartu du, operazio korapilatsu bat egin eta gero. Haren helburu nagusiak, berriz, iraganeko bizitza arrastoak bilatzea, Planeta Gorria hobeto ezagutzea eta etorkizunean hara gizakiak bidali ahal izateko esperimentuak egitea dira.
<em>Perseverance</em>-k Marteko lurrazalari ateratako lehen argazkia.
Perseverance-k Marteko lurrazalari ateratako lehen argazkia. NASA Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2021eko otsailak 19

Izan al zen bizitzarik Marten? Galdera horri erantzuten saiatuko da Perseverance ibilgailua. Horretarako, bizitza arrasto fosilduak bilatuko ditu Planeta Gorriaren gainazaleko arroketan eta baita lur azpian ere. Bizitza arrasto txikienak ere aurkitzeko prestatu dute, eta mikrobioen eta haien eraginaren bila joan da. Bizitza Marten? Bai, ura behintzat badago. Izotza aurkitu dute, lur azpiko ur gaziko lakuak ere bai, eta lurrundutako ura topatu dute atmosferan. Horrek indartu egiten du Marten bizitza arrastoak aurkitzeko aukera.

Lan egiten hasi aurretik, ordea, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren ibilgailuak Martera iritsi behar zuen, han lur hartu, ehunka urrats eta prozedura kritikoz osatutako operazio batean. 480 milioi kilometro inguruko eta sei hilabete eta erdiko bidaiaren amaiera (iazko uztailaren 30ean jaurti zuten).

Amaiera bortitza, espaziontzia orduko 19.500 kilometroko abiaduran iritsi baitzen Marteko atmosferara; atmosferan sartzean 1.300 gradu inguruko tenperatura jasan behar izan baitzuen; abiadura moteltzeko paraxut erraldoi bat zabaldu baitzuen; gero suziri batzuekin are gehiago geldotu eta lur hartzeko lekura hurbildu; eta, azkenik, orduko 2,7 kilometroko abiaduran lur hartu. Ez zen gorabeherarik izan lurreratze operazioan.

Lorpen zientifikoa eta teknologikoa ikuskizun mediatiko bihurtuta, lur hartzea zuzenean eskaini zuen NASAk. Bueno, zuzenean ez, telebistako terminologia erabilita, zuzeneko faltsua dei dakioke, Marteko irudien seinalea zerbait gertatu eta 11 minutu eta 22 segundora iristen baita Lurrera.

Eta halako denbora aldea baldin badago, nola zuzendu eta kontrolatu ahal izan zuten lur hartzearen moduko operazio neurtua, zehatza eta kritikoa Lurretik? Marteren orbitan dagoen Mars Reconnaissance Orbiter (MRO) espaziontziaren bidez. Perseverance-k, antenen bidez, hari bidali zizkion seinaleak, eta MROk, iaz gehitu zioten gaitasun berri bati esker, ia denbora errealean bidali zuen telemetriari buruzko informazio zehatza Lurreko kontrol gunera. Perseverance-ren eta Lurraren arteko komunikazioak etenda ere, badaezpada, ibilgailu robotikoak lur hartzeko jarraibideak zituen programatuta.

Eta lur hartu eta gero zer? Aurrena argazkiak aterako ditu, non dagoen eta bere ingurua zehazteko. Horrez gain, ibilgailuaren osasuna neurtuko dute, arazorik edo matxurarik izan duen jakiteko. Burua, masta, aterako du. Hilabete inguru beharko du lanean hasteko, iraganeko bizitza arrastoen bila. Denbora badu: gutxienez urte martetar bat egingo du han, Lurreko 687 egun.

Perseverance-k Jezero kraterrean lur hartu zuen, eta Jezero kraterra ikertuko du. 45 kilometro zabal da kraterra, eta 610 metro garai diren ertzak ditu. Zientzialariek uste dute garai batean, duela 3.500 milioi urte, laku bat zegoela bertan, ibai bat iristen zela hara, eta lakuaren arroa dela kraterra. Amildegiak eta dunak ditu, eta arrokaz beteta dago.

Laborategi gurpilduna

Lurretik kontrolatuko dute, baina autonomia maila handia du. Perseverance laborategi gurpildun bat da. Biologo, kimikari, geologo eta esploratzaile. Zehaztasun handiko tresnak ditu, arroka edo hauts lagin txikienetan bizitza arrastoak aurkitu ahal izateko. SuperCam laser, espektrometro eta kamerak, esaterako, laserra jaurtiko die aukeratutako arroka zatiei, laserrarekin arrokaren zati txiki bat lurrundu egingo da, eta espektrometroak eta kamerak lurrun horretako informazioa irakurri ahalko dute. Hau da, konposizio kimikoa, atomikoa eta molekularra.

Horrez gain, laserra jaurti eta gero entzuten den soinuak arrokaren masari, osagaiei eta testuinguru geologikoari buruzko informazioa emango die Lurrean entzungo duten zientzialariei. Perseverance-k mikrofonoak izango ditu eta, lehen aldiz, Marte entzun ahal izango da.

Beso robotikoan Sherloc izpi ultramoreen espektrometroa eta Pixl X izpien espektrometroa dauzka. Marteko arroken eta lurraren osagai kimikoak identifika ditzakete, gatz ale baten neurrikoak, iraganeko osagai kimikoak, molekula organikoak eta mineralak atzemateko.

Oso garrantzitsuak izango dira Marteko gainazaleko elementuei ateratako goi bereizmeneko argazkiak ere, horien bidez, laginen testuraren bidez, Lurreko ikertzaileek jakin ahal izango baitute ea mikrobioek sortutakoak diren.

Etorkizunerako laginak

Perseverance-k Marten bertan egingo ditu azterketak eta neurketak, baina 40 lagin bilduko ditu, metalezko hodietan. Horietako batzuk ibilgailuan bertan gordeko ditu; beste batzuk, aldiz, Marteko lurrazalean utziko ditu, leku zehatzetan, etorkizunean beste misio batek bildu eta Lurrera eraman ahal izateko. Orduan, ikertzaileek bertatik bertara eta sakonago aztertu ahal izango dituzte. NASAk eta ESA Europako Espazio Agentziak badute programa bat, elkarrekin Martetik laginak bueltatzeko, baina oraindik eperik gabea.

Misioaren helburu bakarra ez da bizitza arrastoak bilatzea. Marteko eguraldia hobeto ezagutzen lagunduko du. Eta etorkizunean astronautak bidaltzeko eta Marten bizi ahal izateko zenbait esperimentu ere egingo ditu. Nagusiena, Marteko atmosferako karbono dioxidoa oxigeno bihurtzeko saiakera. Funtsezkoa izango da, bai astronautak han bizitzeko, bai astronautak Lurrera bueltatzeko. Izan ere, oxigeno likidoa erabiliko lukete itzultzeko suziri espazialaren bulkagailu gisa. Marteko atmosferaren %96 da karbono dioxidoa (CO2) eta %0,13 bakarrik oxigenoa (Lurrean %21).

NASAk bidali du Perseverance Martera, baina Euskal Herriko teknologiak eta ikerkuntzak lagundu du: Sener eta AVS ingeniaritza enpresek eta EHUko bi ikerketa taldek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

«Gezurra esango nuke izozkigile bokazioa nuela esango banu»

«Gezurra esango nuke izozkigile bokazioa nuela esango banu»

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

Afizioz surflaria, ofizioz ostalaria eta garraiolaria izandakoa, eta orain, izozkigilea da Alberdi. Ez daramatza urte asko sektore horretan, baina bere lekutxoa egiten asmatu du. Hainbat lehiaketa irabazi ditu jada, eta Espainiako final bat jokatuko du aurki.

Donostiako kaian dago ibilaldiko bigarren geldialdia, arrain saltzaileen inprobisazioak gogoratzeko. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bidaia bat bertsolaritzara

Ane Insausti

'Bertsolaritza Donostian barrena' izeneko ibilbidea sortu du Bagera elkarteak. Parte Zaharrean zortzi geldialdi egitea proposatzen dute, bertsolaritzari buruzko istorioak entzuteko.

Joseba Aurkenerena eta Xerar Urrutia idazleek sortu dute Urruñako aldizkari berria. ©URTZI URKIZU

Kultur aldizkari bat Urruñan

Urtzi Urkizu

Artikuluen %90 baino gehiago euskaraz dira, eta urtean bi zenbaki argitaratuko dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.