NASAk Ilargian ura dagoela baieztatu du

  • Albistea entzun

Azken behaketen arabera, satelitean izotz erreserba handiak daude, eta baliteke funtsezkoak izatea hara egingo diren misio tripulatuetan, edateko ura lortu ahal izango baita. NASAk asmoa du Ilargirako misio bat egiteko 2024. urtean. Ura izoztuta mantendu da Ilargiko Clavius kraterrean, Eguzkiak inoiz ez baitu han jotzen.

Ur izoztua dago Ilargian. Hori baieztatu du NASA AEBetako Espazio Agentziak; orain argitaratu ditu 2018ko abuztuaren 31n egindako behaketa batzuen emaitzak, eta, haiek aztertzen bi urte baino gehiago jardun ostean, «zalantzarik gabe» ur izoztua aurkitu dutela ondorioztatu du. Ez gutxi, gainera. Adierazi dutenez, gutxienez 40.000 kilometro koadro dira satelitean ur izoztua duten gainazalak. Nature Astronomy aldizkariak bi lan argitaratu ditu ondorio horiek azaltzen dituztenak. 

Aurkikuntza oso garrantzitsuak izan daitezke aurrerantzean Lurraren satelitera egingo dituzten misio tripulatuetarako; edateko ura eskuratzeko modua egongo dela uste dute orain ikertzaileek. Izan ere, Ilargiko ura Lurrekoaren berdina dela ondorioztatu dute, eta erabilgarria izango dela: «Edan aurretik iragaztea nahikoa izango da». 2024. urtean Ilargirako misio bat egiteko asmoa du NASAk.

Aurkikuntza oso garrantzitsuak izan daitezke aurrerantzean Lurraren satelitera egingo dituzten misio tripulatuetarako.

Aurkikuntzotan erabakigarriak izan dira, besteak beste, Boeing 747SP batetik lortutako irudiak, munduko behaketa zentrorik altuenetik, 13.000 metroko garaieran; hegazkinean jarritako teleskopioak argi infragorri bat antzeman zuen, urak soilik isla dezakeena. Ikertzaileen arabera, Ilargian ez dago isla hori egin dezakeen beste materialik: ura bakarrik. 


Teleskopioa Clavius kraterrera begira jarri zuten, 200 kilometroko diametroa duen zulo batera, Ilargiko hego polotik gertu. Kraterretan ez du sekula jotzen Eguzkiak, eta, horri esker, ura egonkor manten daiteke haietan, izoztuta. Esan dutenez, lur gramo bakoitzeko 200 mikrogramo ur daude, eta, ondorioz, Ilargian litro bat ur lortzeko astronautek bost tona lur beharko lituzkete. Hala esanda, oso ur gutxi dela dirudi, baina zientzialariek nabarmendu egin dute aurkikuntzaren garrantzia: «Ezer ez egotea baino gehiago da». 

Jatorrizko artikuluak