Nafarroako Pirinioetako erromatarren bidea, Interneten ikusgai

  • 512 hitz
  • Albistea entzun

Duela 2.000 urte baino gehiago, erromatarrek galtzada bat egin zuten Pirinioak errazago zeharkatzeko. Aranzadi zientzia elkarteak webgune batean bildu ditu Nafarroako Pirinioen inguruko aurkikuntza eta jakintza batzuk, galtzada horiek nola eta non egin zituzten erakusteko.

Pirinioek ez dute zertan muga izan, eta hori ongi zekiten erromatarrek ere. Inperio osoan egin zuten bezala, galtzada bat egin zuten isurialde atlantikoa eta mediterraneoa batzeko. Azken hamarraldietan, Aranzadi zientzia elkarteak azalera atera ditu erromatar garaiko zenbait aztarna Nafarroako Pirinioetan: galtzada eta haren inguruan eraikitakoak. Eta webgune batean bildu ditu: www.calzadaromanadelpirineo.eus.

«Galtzadak izan ziren erromatar garaiaren arrakastaren giltzarrietako bat, dudarik gabe; inperio osoan zehar egin baitzuten bide sare oso bat, eraginkorra eta bizkorra», azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko kide eta Pirinioetako galtzada erromatarraren proiektuaren zuzendariak. 

Hiru bide nagusi zituzten erromatarrek Pirinioak zeharkatzeko: iparraldean, Ibañetako lepoa; erdialdean, Somport; eta ekialdean, Panissars. «Ez zegoen bide asko Pirinioak alderik alde zeharkatzeko; beraz, garrantzitsuak ziren. Are gehiago kontuan izanik fatxada atlantikoko hiri nagusiak, Pompaelo eta beste batzuk, Galiako hiririk garrantzitsuenekin lotzen zituztela».

«Ez zegoen bide asko Pirinioak alderik alde zeharkatzeko; beraz, garrantzitsuak ziren».

Oihane Mendizabal (Aranzadi)

Pirinioak, zubi ez ezik, ispilu ere badira erromatarren garaiko aurkikuntzei buruz aritzeko. Izan ere, Pirinioen bi aldeetan antzeko ezaugarriak ikus daitezke. Esaterako: Donazaharren (Nafarroa Beherea) aurkitutakoak Artzin (Nafarroa) aurkitutakoen baliokideak direla azaldu du Mendizabalek: «Biak daude orografia malkartsua hasten den puntuan. Aturri edo Arga ibaien lautadaren eta orografia malkartsuago baten artean dago trantsizioa. Gaur egungo autobideekin paralelismoa eginda, pentsatzen dugu atsedenlekuak izan daitezkeela, restop modukoak, galtzada zeharkatzen zutenek atseden hartzeko».

Artzikoaz gainera, Zalduakoa aurkitu dute. Auritz edo Aurizperriren (Nafarroa) antzeko tamaina zuen herrixka bat egon zen han. «Hemen ere galtzada da protagonista: hori da kale edo ardatz nagusia, iparraldeko noranzkoa daukana, eta eraikinak galtzadaren ertzetan antolatuta daude. Uste dugu herrigune horrek zerikusia lukeela Ibañetako pasabidearen kontrolarekin, baina gero eta gehiago konturatzen ari gara beharbada garrantzi handia izango zutela inguruko meategietatik jaitsitako meakcloseMineralak. eta eraldatutako jarduerek ere», esan du Aranzadikoak.

Galtzadak garrantzitsuak izan ziren Erromatar Inperioarentzat, unean-unean behar zutena garraiatzeko modua eman zietelako: tropa militarrak, zergak, salgaiak, lehengaiak, eskulana... Mendizabalek azaldu du galtzadak egitean baztertu egiten zituztela eremurik malkartsuenak: «Garraio gehiena gurdien eta animalien bidez egin behar zen; beraz, nahiago zuten ibilbidea luzatu, bidea samurragoa izateko, sekulako aldapa igo baino». 

Galtzada egiteko, lehenbizi ingurua prestatu behar zuten: bidearen trazadura zehaztu, bide bazterretako landaredia kendu, eta, beharrezkoa zenean, lurzorua zulatzen zuten harik eta zimendu gisa erabiliko ziren harri lodiak jartzeko oinarri sendo bat topatu arte. Horren ondoren, hondar eta harri txikiagoz betetzen zen eremua, hutsunerik gera ez zedin, eta, bukatzeko, errodadurako azken geruza paratzen zuten: harea, hartxintxarra eta buztina nahasten zituzten horretarako. «Bideak, laua izan beharrean, tontor moduko bat izaten zuen erdian, euri urak-eta bazterrera erortzeko. Gainera, ur hori galtzadatik kanpo ateratzeko bide moduko bat izaten zuten bazterrek».

«Galtzada guziak harlauzazkoak zirela pentsatzen da maiz; kontua da hiriguneetatik kanpokoak lurreko pistak zirela».

Oihane Mendizabal (Aranzadi)

Erromatar galtzada horiek ez dira sobera ikusgarriak. «Galtzada guziak harlauzazkoakcloseHarri handia, mehea eta laua.
 zirela pentsatzen da maiz; kontua da hiriguneetatik kanpokoak lurreko pistak zirela, mantentzeko errazagoak baitira». Euriarekin edo izotzarekin, erraz puskatu, zulatu edo lokaztu zitekeen harlauza.

Bertakoak boluntario

Lehenbiziko aurkikuntzak 2011. urtean egin zituen Aranzadik: galtzada eta hura baieztatzen zuten mugarriak aurkitu zituzten Nafarroako Pirinioetan. 2012tik aurrera hasi ziren indusketekin. Horretan, ezinbestekoa izan da boluntarioen lana, eta inguruko jendeak parte hartzea lehenetsi du Aranzadik. Horietako bat da Eder Martinez auriztarra. Zazpi urtez aritu da indusketetan: «Gure historia ezagutu nahi nuen; gure sustraiak ikertu. Txikitan arkeologoak ikusten nituen, eta interesa piztu zidaten».

«Gure historia ezagutu nahi nuen; gure sustraiak ikertu»

Eder Martinez (auriztarra)

Pala, pikotxa, eskorga, makina geomagnetikoa... denetarik erabili du. «Arkeologia ez da soilik lurra kentzea; ikerketa luzea egin behar da ulertzeko nondik datorren aurkitutakoa». Emaitzak harritu egin du: «Uste dut hemen hobeki bizi zirela duela 2.000 urte, duela ehun urte baino. HipokaustoakcloseTermetako berogailu sistemak.
aurkitu ditugu termetan: garai hartako berogailuak. Auritzen, duela ehun urte, soilik sutondoa zuten, eta hotz handia».

«Uste dut hemen hobeki bizi zirela duela 2.000 urte, duela ehun urte baino».

Eder Martinez (auriztarra)


Jatorrizko artikuluak