Duela ia 2.000 urteko bainuetxea

  • 221 hitz
  • Albistea entzun

Erromatarren garaiko terma batzuk topatu dituzte Auritzen, Nafarroan. Bainuetxearen aztarnekin batera, eraikin xumeagoen aztarnak eta galtzada baten arrastoak ere aurkitu zituzten. Aldi berean, Ptolomeok eta Estrabonek aipatu zuten  'Iturissa' izeneko hiria ote den ikertzen jarraitzen dute.

Pirinioen magalean, Nafarroako Auritz eta Aurizberri herrien arteko zelai zabal baten azpian, Zalduan, erromatarren garaiko herri baten aztarnak aurkitu zituzten 2012an. Aranzadi zientzia elkartea ordutik dabil ikerketa arkeologikoa egiten, eta 2017ko udan eman zuten lehendabizikoz indusketa horien berri: besteak beste, erromatarren garaiko sei metroko zabalerako galtzada bat aurkitu zutela  280 metro koadroko eremu batean. Galtzadaren alde batera zein bestera, bi eraikinen arrastoak daude: bata arruntagoa, bestea harrizkoa. 

Harrizko egiturak aditzera eman zien ikerlariei hura eraikin garrantzitsua izan zela Zalduako kokagune erromatar hartan, eta, 2019ko azken indusketei esker, azkenik jakin dute bainuetxe bat izan zela erromatarren garaian edo bolada luze batean bederen.

Izan ere, harrizko eraikin hark gutxienez hiru mende eta erdi iraun zuen zutik: «350 urte horietan, eraikinak bizitza eta eraldaketa ugari izan ditu, eta, horregatik, ez dakigu urte haietan guztietan termak izan ziren, baina bai gutxienez hainbat fasetan bainuetxe publikoa izan zela», azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak. 

«350 urteetan eraikinak bizitza eta eraldaketa ugari izan zituen».

Oihane Mendizabal (Aranzadi Elkartea)

Hipokaustoaren aztarnak

Terma erromatarretan, igerileku bero eta hotzak, aldagelak eta ataria egon ohi ziren. Igerileku beroetan, hain zuzen, hipokausto izeneko berogailu sistema erabili ohi zuten: inguruko labe batean berotutako airea mugitzeko, hutsune bat sortzen zuten, eta aire ganbera hori metro erdi inguruko zutabetxo batzuen bidez sostengatzen zuten. Era berean, airea behetik gora mugitzeko, horman beste hutsune bat eratzen zuten.

Hain zuzen, hipokaustoaren zutabetxo horien aztarnak atzeman dituzte: adreilu borobilak eta adreilu karratuak. Azken horiek «tokian bertan» zeuden, eta zoruan adreiluen markak aurkitu dituzte. «Gainera, zutabetxo horien inguruko geruza beltza da; labearekin konektatuta zegoenez, ikatzak eta keak zikindu egingo zuten», azaldu du Mendizabalek.

2019an, beste aurkikuntza nabarmen bat egin zuten arkeologoek: harri batean, itxura antropomorfoacloseGiza itxura.
duen irudi bat agertu da, eta, haren azpian, hiru hizki: T, E eta beste letra baten zati bat. Goiz da ezer ondorioztatzeko, baina, Aranzadik kontsultatutako adituen arabera, «berezia» da. Nafarroan «hatzekin zenba daitezke» antzeko grabatuak, Mendizabalen esanetan.

Iturissa ote den ikertzen

Oraindik ere galdera ugari daude erantzuteko. Erromatarren kokaguneak lau hektarea eta erdi hartu zituen, eta haren zati txiki bat besterik ez da ikertu orain arte. Adibidez, ez da egiaztatu zer izen zuen: garai hartako idatzietan agertutako Summun Pirineum edo Iturissa izan liteke, baina, metodologia zientifikoak eskatzen duen frogarik gabe, ez dago ezer zehatz-mehatz ziurtatzerik.

Historialari garaikideen hipotesia izan da Iturissa izan daitekeela. Izan ere, Ptolomeok eta Estrabonek idatzi zuten Iturissa izeneko hiri bat zegoela Pompaelo (Iruñea) eta Ibañeta artean, baskoien lurraldean. 

Ptolomeok eta Estrabonek idatzi zuten Iturissa izeneko hiri bat zegoela Pompaelo (Iruñea) eta Ibañeta artean.

80ko hamarkadatik egon dira susmoak Zalduan erromatar gune bat egon zitekeela. Hala ere, zalantzak zeuden hain negu gorriak dituen leku batean halako gune bat egon zitekeen. 2011n, hiru miliarri topatu zituzten —erromatar garaian miliak adierazteko bide seinaleak—, eta horrek adierazten zuen erromatarren garaian ere galtzada garrantzitsu bat bazela, egungo Donejakue bidearen aitzindaria.

Aurkikuntza hura eta Zalduan aurkitutako txanpon batzuk zirela medio, Juan Martinez Txoperena Aranzadiko ikerlariak ondorioztatu zuen han azpian zela erromatar gunea, eta 2012an egindako lehen indusketak hipotesi hura baieztatu zuen.

2014tik, Aranzadiko eta MOLA Londresko Arkeologia Museoko ikerlariek indusketa arkeologikoa zabaldu eta sakondu dute, urtetik urtera. 

Jatorrizko artikuluak