Erromatarren bidean, aurrera

Duela 2.000 urte baino gehiago, erromatarrek galtzada bat egin zuten Pirinioak errazago zeharkatzeko. Aranzadi zientzia elkarteak webgune batean bildu ditu Nafarroako Pirinioetan egindako aurkikuntzak eta jakintzak, galtzada horiek nola eta non egin zituzten erakusteko eta zabaltzeko.

Galtzada egiten. Erromatarrek galtzadak nola egiten zituzten erakusten duen infografia bat, galtzadak zituen geruza guziak nabarmenduta. ISAAC MORENO GALLO / CALZADAROMANADELPIRINE.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Pirinioek ez dute zertan muga izan, eta hori ongi zekiten erromatarrek ere. Iparraldeko eta hegoaldeko isurialdeak batzeko galtzada bat eraiki zuten, inperio osoan egin zuten bezala. Aranzadi zientzia elkarteak azalera atera ditu erromatar garaiko aztarnak azken hamarraldietan Nafarroako Pirinioetan: galtzada eta horren inguruan eraikitakoak. Proiektua ez da egin, baina orain arte pilatutako jakintza guzia webgune batean bildu dute, denen eskura egon dadin.

«Galtzadak izan ziren erromatar garaiak izan zuen arrakastaren giltzarrietako bat, dudarik gabe; inperio osoan zehar egin baitzuten bide sare oso bat, eraginkorra eta bizkorra», azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Hark zuzentzen du Pirinioetako galtzada erromatarraren proiektua. Hiru bide nagusi zituzten erromatarrek Pirinioak zeharkatzeko: iparraldean, Ibañetako lepoa; erdialdean, Somport; eta ekialdean, Panissars. «Ez zegoen bide asko Pirinioak alderik alde zeharkatzeko; beraz, garrantzitsuak ziren. Are gehiago Atlantiar fatxadako hiri nagusiak, Pompaelo bezalakoak, Galiako hiririk garrantzitsuenetik lotzen zituztelako».

Pirinioak, zubi ez ezik, ispilu ere badira erromatarren garaiko aurkikuntzei buruz aritzerakoan: «Bai isurialde bateko zein besteko erromatarkuntza ulertzeko bi aldeetako informazio guztiak osagarri dira», azaldu du Mendizabalek. Izan ere, Pirinioen bi aldeetan antzeko ezaugarriak ikus daitezke. Esaterako: Donazaharren (Nafarroa Beherea) aurkitutakoak Artzin (Nafarroa) aurkitutakoen baliokideak direla azaldu du Mendizabalek: «Biak daude kokatuta orografia malkartsua hasten den puntuan. Aturri edo Arga ibaien lautadaren eta orografia malkartsuagoaren artean da trantsizioa. Pentsatzen dugu atseden lekuak izan daitezkeela, gaur egungo autobideekin paralelismoa eginda, restop modukoak, galtzada zeharkatzen zuten pertsonek atseden hartzeko».

Artzikoaz gainera, Zalduakoa aurkitu dute. Auritz edo Aurizperriren (Nafarroa) antzeko tamaina zuen herrixka bat egon zen han. «Hemen ere galtzada da protagonista: hori da kale edo ardatz nagusia, iparreko norabidea daukana, eta eraikinak galtzadaren ertzetan antolatuta daude. Uste dugu herrigune horrek zerikusia lukeela Ibañetako pasabidearen kontrolarekin, baina gero eta gehiago konturatzen ari gara inguruko meategietatik jaitsitako meak eta eraldatutako jarduerek ere garrantzia handia izan zezaketela», esan du Aranzadikoak.

Galtzadak elementu garrantzitsu izan ziren erromatar inperioarentzat, momentu bakoitzean behar zutena garraiatzeko modua egin zietelako: tropa militarrak, zergak, salgaiak, lehengaiak, eskulana... Mendizabalek azaldu du galtzadak eraikitzerakoan eremurik malkartsuenak baztertzen zituztela: «Garraio gehiena gurdien eta animalien bidez egin behar zen; beraz, nahiago zuten ibilbidea luzatu, bidea xamurragoa izateko, sekulako aldapa igo baino». Hala, ohartu ziren galtzada Donejakue bidetik ez, Artzibarretik (Nafarroa) joaten zela. Maldak Erroko portuan baino xamurragoak dira han.

Galtzada egiteko, lehenbizi ingurua prestatu behar zuten: bidearen trazadura zehaztu, bide bazterretako landaredia kendu, eta, beharrezkoa zenetan, lurzorua zulatzen zuten zimentazio gisa erabiliko ziren harri lodiak jartzeko oinarri sendo bat topatu arte. Horren ondoren, azalera hondar eta harri txikiagoez betetzen zen, hutsunerik gera ez zedin, eta, bukatzeko, errodadurako azken geruza paratzen zuten: harea, hartxintxarra eta buztina nahasten zituzten horretarako. «Bidea laua izan beharrean, erdian tontor moduko bat izaten zuen, euri urak-eta bazterrera erortzeko. Gainera, bazterrek izaten zuten ur hori galtzadatik kanpo ateratzeko bide moduko bat».

Erromatar galtzada horiek ez dira sobera ikusgarriak. «Galtzada guziak harlauzazkoak zirela pentsatzen da maiz; kontua da hiriguneetatik kanpokoak lurreko pistak zirela, mantentzeko errazagoak baitira». Euriarekin edo izotzarekin erraz puskatu, zulatu edo lokaztu zitekeen harlauza.

Bertako historiaren lekuko

Lehenbiziko aurkikuntzak 2011. urtean egin zituen Aranzadik: galtzada eta hura baieztatzen zuten mugarriak aurkitu zituzten Nafarroako Pirinioetan. Mugarri horiek izan ziren proiektuaren abiapuntua: «Ikusi genuen nekropoliak eta aurkitutako beste elementuak ez zirela salbuespena, paisaian bazeudela erromatar garaiko aztarna askoz gehiago», kontatu du Mendizabalek.

2012tik aurrera hasi ziren indusketekin. Horretan, ezinbestekoa izan da boluntarioen lana, eta inguruko jendeak parte hartzea lehenetsi du Aranzadik. Horietako bat da Eder Martinez auriztarra. Zazpi urtez aritu da indusketetan: «Gure historia ezagutu nahi nuen; gure sustraiak ikertu. Txikitan arkeologoak ikusten nituen, eta interesa piztu zidaten».

Pala, pikotxa, eskorga, makina geomagnetikoa... denetarik erabili du. «Arkeologia ez da soilik lurra kentzea; ikerketa luzea egin behar da ulertzeko nondik datorren aurkitutakoa». Emaitzak harritu egin du: «Uste dut hemen hobe bizi zirela duela 2.000 urte duela ehun urte baino. Hipokaustoak aurkitu ditugu termetan: garai hartako berogailuak. Auritzen, duela ehun urte soilik sutondoa zuten, eta hotz handia».

Gero eta gehiago ikertu,orduan eta galdera gehiago sortzen direla esan du Mendizabalek. Lanekin jarraituko dute, baina baliabide ekonomikoek zehaztuko dute bidea. Edonola ere, orain arte ikertutako erromatarren galtzadan aurrera egin liteke, sarean.

Aranzadik sortutako webgunea: www.calzadaromanadelpirineo.eus/eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.