Duela 11.700 urteko gizon baten hezurdura aurkitu dute Loizun

  • 394 hitz
  • Albistea entzun

Oso ongi kontserbaturiko giza hezurdura batek 11.000 urtetik gora eman ditu Nafarroako Erro ibarrean, Loizuko Errotalde I leizearen barrualdean. Nafarroako Gobernuak iragarri du historiaurreko aurkikuntzarik nabarmenenetako bat dela. Izan ere, halako oso aztarna gutxi aurkitu dira Iberiar penintsulan eta Europa osoan.

Aurkikuntzaren tamaina ikusita, «aditurik egokienak bilduko dituen» ikerketa talde bat eratu nahi izan du Nafarroako Gobernuak hezurdura ikertzeko. Oraingoz, Europa osoko 26 ikerlarik parte hartuko dute. Aztarna hauek bakarrak dira Iberiar penintsulan, eta oso-oso kasu arraroa kontinentean.

Aztarna hauek bakarrak dira Iberiar penintsulan, eta oso-oso kasu arraroa kontinentean.

Hezurdurari erreparatuta, 1,6 metro luze zen gizona, eta 17 eta 21 urte artean zituen. «Ohiz kanpoko egoeran» aurkitu dute, bikain kontserbatuta. Burezurrean zulo bat du: «Lehen zantzuen arabera, hiltzear zela izan zuen traumatismoa. Ertzei erreparatuta, ez dago berrosatze baten zantzurik, eta zulogunearen inguruko kolorazioa burezurraren kolorazio bera da. Horrek adieraz dezake aldi berean hautsi zela. Dena den, oso arriskutsua da ondorio irmo bat ateratzea», ohartarazi zuen Maitane Tirapu antropologoak.

Hezurretan DNA arrastoak izango ditu, eta informazio genetiko horrek aukera emango die ikerlariei haren aurreko leinuen arbola genealogikoa osatzeko. Izan ere, hezurrek informazio ugari eman dezakete: adibidez, zer gaixotasun izan zituen gizonak, edo zer jaten zuen. 

Pleistozenoaren eta Holozenoaren artean

Karbono-14aren bidez egin dituzten lehen proben arabera, hezurdurak 11.700 bat urte ditu: Pleistozenoaren eta Holozenoaren arteko trantsizio aroan kokatu dute. Pleistozenoa duela bi milioi urtetik duela 12.000 urte ingurura arteko aroa da; Holozenoa, berriz, ordutik gaur egun artekoa. Horrek esan nahi du glaziazioaren amaieran bizi izan zela, klima aldatzen ari zen aldian. Ikerlarien arabera, orduko klima diferentea zen, oso hezea.

Orain arte, Nafarroan izandako aurkikuntzarik zaharrena duela 4.000 urtekoa da: Ariben aurkitutako emakume batena.

Orain arte Nafarroan izandako aurkikuntza zaharrena duela 4.000 urtekoa izan da.

Aztarna horiei esker, ondorioztatu ahal izan dute inguruko orein eta ahuntzak ehizatu ohi zituztela, eta ibaietako amuarrain eta izokinak arrantzatu. Hori jaten ote zuen Loizuko gizonak ere? Ehiztari-biltzaileak ziren garai hartan, 6.000 urte pasa beharko baitziren nekazaritza Euskal Herriraino iristeko.

Baltsamatua izan zenaren zantzuak

Gorpua ahoz gora ehortzi zuten, luzatuta, eskuak sabelaren gainean zituela. Espresuki aukeratu zuten lekua. Pasabide estu batetik igaro behar da, eta, bertatik hilotz bat eramatea ezinezkoa denez, susmoa dute gaur egun blokeatuta dagoen irteera bat zegoela garai hartan. 

Baltsamatu egin zutela uste dute. Inguruan zuen pigmentazio gorrixkak aditzera ematen du estaltzen zuen oihala gorria zela. Jesus Garcia Gazolaz Nafarroako Gobernuko Arkeologia eta Ondare Erregistroko arloko arkeologoaren arabera, «balio sinbolikoa» izan dezake. 

Garcia Gazolazek Sakon taldearen «praxi ona»nabarmendu zuen, arrastoak ez zituztelako ukitu eta ondarea errespetatu zutelako. Aurkikuntza halabeharrez izan zen 2017ko azaroan, Xabier Azanza espeleologoaren arabera. «Taldeko hiru kide galeria estu batera iritsi ziren, eta aurretik zihoanak aurkitu zituen hezurrak. Argazkiak atera genituen, eta ez genuen ukitu».

Jatorrizko artikuluak