Jone Larrañaga: «Presio estetikoak izugarrizko sufrimendua eragiten du»

Jone Larrañaga Elikaeskolako kideak (Zarautz, Gipuzkoa, 1990) uste du andreak direla presio estetikoa «gehien» jasaten dutenak. Elikadura nahasmenduak izaten dira presio estetikoak eragiten duen ondorio fisiko eta mental gogorrena.
Presio estetikoak zer eragin du osasun fisikoan eta mentalean?
Izugarrizko sufrimendua eragiten du, eta guk egunero ikusten dugu gure kontsultetan. Emakumeei eragiten die batez ere, gu garelako presio hori gehien sufritzen dugunak. Azken batean, presio horrek gorputz edo kanon estetiko jakin bat bilatzera eramaten gaitu, eta, bilaketa horretan, hainbat estrategia jar daitezke praktikan.
Zer estrategia, adibidez?
Dieta murriztaileak, aldizkako barauacloseEpe batez elikagairik ez hartzea., gehiegizko jarduera fisikoa... Milaka estrategia daude modan, eta ondorioak izaten dituzte: patologia closeEritasun batek eraginiko aldaketa anatomikoen eta fisiologikoen multzoa.digestiboak, trastorno funtzional digestiboak... Dieta bat bestearen atzetik egiteagatik izaten dira ondorio horiek. Halere, elikadura nahasmenduak izaten dira presio estetikoak eragiten duen ondorio fisiko eta mental gogorrena.
Aipatu dituzun dieta murriztaileak norberak ezartzen dizkio bere buruari, edo profesional batek ezarriak dira?
Guk askotariko egoerak ikusten ditugu. Urtean zehar, garai jakin batzuetan dieta murriztaileekin hasten da jendea; udaren eta Gabonen ondoren, adibidez. Jendea libreago sentitzen da data horietan, eta zera pentsatzen da: «Nahi dudana jan dut eta disfrutatu dut. Orain, zigortu egingo dut neure burua». Gaur egun, harrigarria iruditzen zaizkidan ideia asko daude zabalduta: karbohidratoek gizentzen dutela, adibidez, edo platanoak gizentzen duela. Hori pentsatzea astakeria bat da, eta demostratuta dago ez dela egia. Halere, dieta murriztaileak ez dizkio soilik nork bere buruari jartzen: nutrizionistek ere jartzen dituzte. Elikaeskolan lau nutrizionista gara, eta duela hamar urte dietak jartzen genizkien hona etortzen zirenei.
«Gu ere eguneratzen ari gara, eta gaur egun badakigu lehen jartzen genituen dietek ez dutela funtzionatzen».
Eta orain?
Orain eboluzio bat egon da gure profesioan, zorionez. Gu ere eguneratzen ari gara, eta gaur egun badakigu lehen jartzen genituen dietek ez dutela funtzionatzen. Beste praktika batzuk jartzen ditugu martxan pertsonaren osasuna modu global batean zaintzeko. Halere, oraindik badira dietak jartzen dituzten profesionalak, bai eta profesionalak ez direnak ere. Entrenatzaile fisiko asko daude dietak jartzen ari direnak jakin gabe zer-nolako ondorioak ekar ditzaketen.
Elikadura osasuntsu baten alde egiten duzue zuek. Uste duzu jendeak badakiela zer den elikadura osasuntsu bat?
Ez. Dieta batek eskatzen dituen neurriekin eta errutinarekin lotzen du jendeak elikadura osasuntsua. «Nik badakit zer ez dudan jan behar eta zer ez zaidan komeni». Horrelakoak askotan entzuten ditugu gure kontsultan, eta buelta eman behar zaie, kontua ez baita zer ez duzun jan behar, baizik eta zer jan behar duzun horren nutritiboak ez diren elikagaiak hobeto kudeatu ahal izateko. Zure elikadurak zentzu guztietan asetzen zaitu? Galdera horri egin behar diogu geure buruari. Izan ere, elikadura emozioak dira, konpartitzea da, arlo soziala ere bada... Hori guztia asetzen du zure elikadurak? Galdera horren erantzunean dago gakoa.
Eta ez badu asetzen?
Esan nahiko luke elikadura hori ez dela uste bezain osasuntsua.
Ezjakintasun handia dago?
Gurasoek kanpotik ikusten dutena da euren alabak arazoak dituela janariarekin, jarduera fisikoa egitearekin... Eta, orduan, elikaduran zentratzen dira, batez ere. «Platerean dagoena jan ezazu eta kito!» esaten badiozu zure alabari, arazoaren oso azalean geratzen ari zara. Askoz ere sakonagotik egin behar da lanketa, hala arlo psikologikoan nola nutrizionalean. Mito ugari daude elikadura nahasmenduen inguruan.
Zer-nolako mitoak?
Jendeak uste du elikadura nahasmendua dutenek gorputz jakin bat izan behar dutela; argaltasunarekin lotzen da beti, baina ez da hala: gainpisua dutenek edo gorputz handia dutenek ere edozein motatako elikadura nahasmendu bat izan dezakete. Ikusten dugu sozialki oso onartuta dagoela gehiegizko jarduera fisikoa egitea eta elikadura osasuntsu bat eduki nahi izatea, eta, horren atzean dagoen arazoaz konturatzen garenerako, beranduegi izaten da askotan. Guraso askok zera esaten digute: «Gure alaba hainbat elikagai ez jaten hasi zen». Kontua da jakitea zergatik utzi zion elikagai batzuk jateari, nondik zetorkion behar hori. Konturatzen zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta konplikatuagoa izango da tratamendua. Izan ere, denbora asko pasatzen bada, oso barneratuak egon daitezke jarrera batzuk, eta, agian, depresio bat ere egon daiteke tartean.
«Sakonetik egin behar da lanketa, hala arlo psikologikoan nola nutrizionalean».