Sormenak hezkuntzan beharko lukeen tokiaren eske

  • 73 hitz

Kultur sorkuntzak hezkuntza arautuan arreta handiagoa eduki beharko lukeela aldarrikatu dute 'Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnas' Huhezik antolatutako mahai inguruan.

Tokia eta denbora. Bien beharra du kultur sorkuntzak hezkuntza arautuan. Horretan bat etorri dira Huhezik antolatu eta BERRIAk lagundutako Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnas izenburuko mahai inguruan. Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldiko mahai inguruetako batean aritu dira Eider Perez Adeletx, Arantxa Hirigoien, Izaskun Egilegor eta Olaia Miranda

Onintza Etxebestek gidatutako mahai inguruan, ideia bat nabarmendu dute: hezkuntza aratuan ez zaio behar besteko tartea eskaintzen kultur sormenari. Bakoitzak bere esperientzietan oinarrituz atera du ondorio hori. Perez, esate baterako, Errenteriako Herri Arte eskolan aritzen da. Etengabe azaldu behar izaten dute han zer lan egiten duen, eta horretatik ondorioztatu du gizartean «ohitura falta» dela sormenerako. Edo, akaso, ez dagoela hainbeste esparru hura lantzeko. 

Eta esparru hori eskola bera dela erantsi du Hirigoienek. Hainbat urtez Seaskan irakasle aritu ostean, Axut kolektiboan aritzen da, antzerkigintzaren alorrean. Eskoletan antzerki tailerrak gidatzen ditu. «Eskola transmisio leku garrantzitsua da, gazteek han topo egiten baitute. Eta egia da hor hutsune bat dagoela». Hutsune hori betetzen saiatzen da Axut, sorkuntzaren eta eskolaren artean zubi lana eginez. «Sormenak bere lekua hartu behar du, curriculumetan-eta aipatu egiten da, baina errealitatea beste gauza bat da», adierazi du.

Sormenak duen hutsunea hizpide hartuta, beste elementu bat aipatu du Izaskun Egilegorrek. «Espazioa ez ezik, denbora ere behar da, pertsonak eta testuinguruak». Antropologia ikasketak egina da Egilegor, eta Huheziko irakasle aritzen da. Olaia Mirandak osatu du Egilegorren ideia hori: «Oso gizarte produktibistan bizi gara, eta hezkuntza arautuan ez dago beharrezko denborarik sorkuntzarako». Miranda EHUko Arte Hezkuntzako irakaslea da, eta Igoa proiektuan aritzen da lanean.

Ikasleei kultur sorkuntzak nabarmen on egiten diela azpimarratu dute. Arantxa Hirigoienek, esate baterako, nabarmendu du antzerki tailerrak lantzen dituztenean ikasleen artean «kohesioa eta lan kolektiboa» sustatzen direla. «Zerbait magikoa sortzen da, eta euskaraz». Sormenak euskararen erabilera bultzatzen duela gogoratu du, eta sormen esparru hori arnasgune bihurtzen dela. 

Sorkuntzarako esparruak izateak zer eragin duen azaltzeko, Art Thinking: cómo el arte puede transformar la educación (Art Thinking-a: arteak nola eralda dezakeen hezkuntza) liburuak dakartzan hainbat ideia ekarri ditu gogora Perezek: «Sormenaren espazio horietan pentsamendu kritikoa, arretatsua eta dibergentea ahalbidetzen dira». 

Egilegorrek gogoratu du, gainera, hezkuntza arautuan ezarrita dauden konpetentziak betetzeko ezinbestekoa dela sormena, eta, beraz, tokia eduki beharko lukeela. 

Sortzearen plazera

Ikasleengan sorkuntzaren harra piztea ere garrantzitsutzat jo dute. Mirandak aipatu du kultura batek, garatu nahi badu, aurrera egin behar duela. Eta aurrera egite horretan gazteak dira etorkizuna. Hirigoienek «sortzearen plazera» transmititzeko beharra nabarmendu du. Eta Perezek pedagogia sexyaren hezkuntza adarra ekarri du gogora: «Erronka da nola erakarri ikasleak, zer egin gustura egon daitezen. Nire ustez, gakoa da haiei entzutea eta, horren arabera, malguak izatea gure programazioekin». 

Halaber, garrantzitsutzat jo dute sorkuntza eremu horietan lantzen diren sormen lanak plazara eramatea, ez daitezen gela baten barruan geratu. Perez: «Gazteek herrian eragin behar dute; egindako lana ez dadila gela barruan geratu». Miranda ere bat etorri da: «Ezinbestekoa da klasean egiten dugun hori plazara eramatea, horrek beste dimentsiocloseOihartzun, hedadura, zabalpena... bat ematen dio eta». 

Finean, ondorioztatu dutenez, gazteen artean sortzeko grina pizten denean, bermatzen da etorkizunean ere artistak izatea. Hirigoienek gogoratu duenez, «artista anitz» dituzte ikasleen artean. Artista direla jabetzen laguntzea baino ez dute behar.

Jatorrizko artikuluak