Sormena hezkuntzan: denbora eta toki bila

Kultur sorkuntzak hezkuntzan dituen erronkez aritu dira Huhezik antolatutako 'Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnas' mahai inguruan. Sormena lantzeko esparruak sortzeko beharra nabarmendu dute lau parte hartzaileek.

'Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnas'
Onintza Etxebeste moderatzailea eta Eider Perez, Arantxa Hirigoien, Izaskun Egilegor eta Olaia Miranda mahai inguruko parte hartzaileak. JAZKI FONTANEDA / FOKU
inaki petxarroman
2026ko otsailaren 25a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tokia eta denbora. Bien beharra du kultur sorkuntzak hezkuntza arautuan. Horretan bat etorri dira Huhezik antolatu eta BERRIAk lagundutako Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnas izenburuko mahai inguruan. Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldiko mahai inguruetako batean aritu dira Eider Perez Adeletx, Arantxa Hirigoien, Izaskun Egilegor eta Olaia Miranda. Denek ezagutzen dute ongi irakaskuntzaren alorra, eta bakoitzak bere esparrutik ikusten du kultur sorkuntzari zer ekarpen egin diezaiokeen.

Onintza Etxebestek gidatutako mahai inguruan, ideia bat nabarmendu dute: hezkuntza aratuan ez zaio behar besteko tartea eskaintzen kultur sormenari. Bakoitzak bere esperientzietan oinarrituz atera du ondorio hori. Perez, esate baterako, Errenteriako Herri Arte eskolan aritzen da. Etengabe azaldu behar izaten dute han zer lan egiten duen, eta, besteak beste hori kontuan hartuz, ondorioztatu du gizartean «ohitura falta» dela sormenerako. Edo, akaso, ez dagoela hainbeste esparru sormen hori lantzeko: «Espazioak eskaini behar dira». 

Eta espazio hori eskola bera dela erantsi du Hirigoienek. Hainbat urtez Seaskan irakasle aritu ostean, Axut kolektiboan aritzen da gaur egun, antzerkigintzaren alorrean. Azken finean, eskoletan antzerki tailerrak gidatzen ditu. «Eskola transmisio leku garrantzitsua da, gazteek han topo egiten baitute. Eta egia da hor hutsune bat dagoela». Hutsune hori betetzen saiatzen da Axut, sorkuntzaren eta eskolaren artean zubi lana eginez. «Sormenak bere lekua hartu behar du, curriculumetan-eta aipatu egiten da, baina errealitatea beste gauza bat da», adierazi du.

Sormenak duen hutsunea hizpide hartuta, beste elementu bat aipatu du Izaskun Egilegorrek. «Espazioa ez ezik, denbora ere behar da, pertsonak eta testuinguruak». Antropologia ikasketak egina da Egilegor, eta Huheziko irakasle aritzen da gaur egun. Olaia Mirandak osatu du Egilegorren ideia hori: «Oso gizarte produktibistan bizi gara, eta hezkuntza arautuan ez dago beharrezko denborarik sorkuntzarako». Miranda EHUko Arte Hezkuntzako irakaslea da, eta Igoa proiektuan aritzen da lanean, irakaslegaiei zentroetan aniztasun soziolinguistikoa bideratzeko eta kultura transmititzeko tresnak eskaintzeko programan.

Ikasleei kultur sorkuntzak nabarmen on egiten diela azpimarratu dute laurek. Arantxa Hirigoienek, esate baterako, nabarmendu du antzerki tailerrak lantzen dituztenean ikasleen artean «kohesioa eta lan kolektiboa» sustatzen direla. «Zerbait magikoa sortzen da, eta euskaraz, jostatuz, artistekin topaketak eginez». Sormenak euskararen erabilera bultzatzen duela gogoratu du, eta sormen esparru hori arnasgune bihurtzen dela. «Gaur egungo gure ikasleak biharko artistak izango dira». 

Sorkuntzarako esparruak izateak zer eragin duen azaltzeko, Art Thinking: cómo el arte puede transformar la educación (Art Thinking-a: arteak nola eralda dezakeen hezkuntza) liburuak dakartzan hainbat ideia ekarri ditu gogora Perezek: «Sormenaren espazio horietan pentsamendu kritikoa, arretatsua eta dibergentea ahalbidetzen dira. Sozializazioa ere gertatzen da. Toki bat sortzen da taldeko sinergiak, pentsamenduak bideratzeko». 

Egilegorrek gogoratu du, gainera, hezkuntza arautuan ezarrita dauden konpetentziak betetzeko ezinbestekoa dela sormena, eta, beraz, tokia eduki beharko lukeela. 

Ikasleengan sorkuntzaren harra piztea ere garrantzitsutzat jo dute. Mirandak aipatu du kultura batek, garatu nahi badu, aurrera egin behar duela. Eta aurrera egite horretan gazteak dira etorkizuna. Hirigoienek «sortzearen plazera» transmititzeko beharra nabarmendu du. Eta Perezek pedagogia sexyaren hezkuntza adarra ekarri du gogora: «Erronka da nola erakarri ikasleak, zer egin gustura egon daitezen. Nire ustez, gakoa da haiei entzutea eta, horren arabera, malguak izatea gure programazioekin; haiei entzun, eta horren arabera programak moldatzea». 

Halaber, garrantzitsutzat jo dute sorkuntza eremu horietan lantzen diren sormen lanak plazara eramatea, ez daitezen gela baten barruan geratu. Perez: «Gazteek herrian eragin behar dute, egindako lana ez dadila gela barruan geratu, baizik eta kanpora atera». Miranda ere bat etorri da horrekin: «Ezinbestekoa da klasean egiten dugun hori plazara eramatea. Horrek beste dimentsio bat ematen dio eta». 

Finean, ondorioztatu dutenez, gazteen artean sortzeko grina pizten denean, bermatzen da etorkizunean ere artistak izatea. Perezek, esate baterako, gogoratu du garai batean Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso udalekuetan aritutako zenbat gazte ari diren gaur egun bertsotan edo beste kultur diziplina batzuetan. Hirigoienek gogoratu duenez, «artista anitz» dituzte ikasleen artean. Artista direla jabetzen laguntzea baino ez dute behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.