Badaranen

Zer dute amankomunean Philippe Carricartek (Lakarra, Nafarroa Beherea, 1966) eta Carlos Gabarrik, “Gabarri II” (Badaran, Errioxa, 1959)?

Biak esku-huskako pilotariak izan zirela? Bai.
Carricart Iparraldeko plazetan txapeldun handia izan zen hainbat urtetan. Gabarri, berriz, Errioxa eta Hego Euskal Herriko plazetan, profesionaletan bi urte eman zituen erretira hartu arte artzain ebanjeliko bilakatzeko.

Ez zuten elkarren berri joan den igandea arte, ekainak 18. Biek, beste 94 lagunekin batera, egun-pasa ederra izan zuten Badarango herrian, Errioxan.

Pilotarien Batzarrak urtero ospatzen du festa nagusia lurralde ezberdin batean, aurten Errioxari zegokion antolakuntza. Pandemiarengatik, 2019a ezkero ez zen ospatu. Labastidan (Araba) izan zen azkenekoa.

Iparraldean Pilotarien Biltzarra dute; Hegoaldean Pilotarien Batzarra dugu. Anai-arrebak, etxekonekoak baina bakoitza bere sukaldean. Bazkideak: pilotari ohiak eta pilotazaleak nahastuta sail berean.
Hegoaldeko Pilotarien Batzarra duela 38 urte sortu zen. Ilea urdindu eta burua soildu zaigu. Gaur egun ez gara ailegatzen 300 lagunera kuota ordaintzen dugunok; hain zuzen, 20 eurokoa urtean. Huskeria, baina batek daki zer arrazoirengatik: ezezagutua delako behar bada, jendeak atzera egiten du kontu korronteko zenbakia eskatzen zaionean. Kostata lortzen ditugu bazkide berriak.
Agian, errua mezulariaren baitan datza.
Zertarako halako elkarterik? galdetuko du batek baino gehiagok.

Adineko jendea biltzeko eta urtean behin bazkari eder bat egiteko?
Baita hori ere! Baina bada zerbait gehiago.
Euskal pilotak, jokamolde guztiak hartuta, herrialde ezberdinak bateratzen ditu. Mugak hautsiz, bakoitza bere hizkuntzan
Badira alor batzuetan horri sports diplomacy deitzen diotenak. Donostian, urrutira jo gabe, ekainaren 28 eta 29an, World Congress, nazioarteko kongresu bat burutuko da Miramar Jauregian, eta punta puntako adituak etorriko dira atzerritik, kirola eta diplomazia uztartuz. Oso garrantzitsua omen bien arteko lotura. Kirola eta diplomazia.

Batek daki noiztik ari diren euskal piloten jokoak diplomazia lanak egiten, jende desberdina batzen.

Agian, horregatik jaio zen Pilotarien Batzarra orain 38 urte. Enbaxadore lanak eginez diplomazia sustatzeko, besteak beste.

Ikusi egin behar zen ekainaren 18an Badaranen Carricart eta Gabarri II.a solasean. Baxenafarra gaztelaniaz poliki; errioxarra, artzain ebanjelikoa, suelto-suelto bere hizkuntzan. Pilota zuten hizpide; ez ardi gazta edo mahastiak. Jainkoa behin ere ez zuen aipatu Gabarrik.
Badaranen jai giroan omenaldia egin zitzaien lurralde ezberdineko pilotaren alde lan handia egindakoei; 12 lagun, batez beste. Bakarren bat Kataluniatik etorria, Madrildik edo Asturiastik. Baita Estatu Batuetatik, oporretan zeudela probetxua atereaz.
Elkarte xumea da Pilotarien Batzarra, baliabide gutxikoa, baina izpiritua, izatea, sortu zuena bera du.
Carricart eta Gabarri bezalako bi pilotari ohik elkartzen segitzen duten bitartean, etorkizuna bermatuta dago. Diplomazia lanetan buru belarri jarraituko dugu.

Erik

Tantoa egin du eta sakea egitera abiatu da. Ibiltzeko nagiz, oinak arrastaka. Badirudi onenak emandako pilotaria dela eta, edozein momentutan, erretiroa hartuko duela.
Ezagutzen ez duenari ziria sartuko dio. Ez aurkariari, ordea; aurrelaria bada, are gutxiago.
Eszena erabat aldatzen da sakea egin eta tximista bezala korrika abiatzen denean aurreko koadrorantz, zabalera edo txokora, nahieran.
Hamarretik zortzi harrapatzen ditu kontrarioak botatako erremateak. Hain bizkorra da!
Ez zangoak soilik, bista eta kolokazioa ere apartekoak ditu. Badirudi GPS txip bat daramala bi begien artean.
Trakets itxura horren barruan depredadore krudela ezkutatzen da. Arranoak atzaparrak untxiaren lepoan jartzen dituenean bezala, goitik behera ziztu bizian hegaldatu eta gero, Erikek —Izena Erik baitu. Erik Mendizabal, 37 urte duen mutrikuarra. Hainbat urtetan jaun eta jabe Daniako Jai-Alai pilotalekuan— behin pilota xisteraren barruan duenean, labankada jaurtiko dio aurkariari erraietara, txiki-txiki uzteko.
Urte eta erdi zeraman inon jokatu gabe. Berriro agertu da kantxan. Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan, Jai-Alive enpresaren eskutik. Eta dagoeneko Grand-Slameko finalerdietarako sailkatu da Erik; Lekerika lagun duela.
Danian (Florida) ikusi nuen jokatzen egunero, zortzi astez. Bere jokoa deskribatzeko euri-langarra etortzen zitzaidan gogora. Konturatu orduko, blai eginda uzten zaitu. Ematen du ez duela ezer egiten, ez jokorik, ez ezer. Baina eguna joan eguna etorri, kiniela bat bestearen atzetik, bere nagusitasunak ez zuen parekorik.
Pilotari izandakooi, niri behinik behin, gertatzen zaidana da konparazioak egiten hasten naizela, nahi gabe, erreferentzien bila aritu behar… Bazen harmailetan Steve izeneko jai-alaizale amorratua, azken 45 urteetan Floridatik pasatako puntista guztiak ezagutzen zituena.
Behin galdetu nion ea Erik ikusten zuen Miamin jokatzen, duela 40 urte, pilotari on haien artean, izarrez jositako koadroan. Baietz, erantzun zidan. Zalantzarik gabe.
“He´s got all the tools”, esan zidan. Erreminta guztiak dituela Erikek, alegia.
Izan ere, Eriken jokoak “suitzar labana” bat dirudi. Segun eta zertarako behar duzun, estuasunetik aterako zaitu. Den dena egiten baitu ondo Erikek.
Ez da jotzailea, baina pilota atzera jaurtitzen du erraztasun osoz. Altuna III.ak eskuz egiten duen bezala.
Behartu gabeko pilotak, nekez galtzen ditu. Pilotak punpa arraroa egiten duela, ez du ustekabean harrapatuko. Gauza bera pilota erreboteko hormatik datorrenean eta motz edo luze gelditzen zaionean. Zuzenduko du postura azken unean eta, gutxi balitz, ez du bere burua salduta utziko.
Berri ona zesta-puntarentzat Eriken berragerpena. Arerioak, ordea, bekozkoa zimurtzen hasiak dira.

Oteizaren eskutik

Bolada onean gabiltza aspaldi honetan liburuei dagokienez, pilotari buruzko liburuez ari naiz.
Sorta ederra argitaratu da pilota jokoak hizpide dituena. Historia, orokorrean hartuta: Santiago Lesmesen “La increíble historia de la PELOTA VASCA” edo duela egun batzuk aurkeztutako Tiburzio Arraztoaren, “EUSKAL PILOTA” .
Jokoak moldeka hartuta horra hor Joxemari Oterminen, “José Goñi: El Porteño” edo Eibarko Txikiari buruz José Agustín Larrañagak idatzi duena. Olatz González Abrisketak kaleratu zuen erraketistei buruzko liburu arras interesgarria: “RAQUETISTAS. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales”. Joxemari Iriondok ere argitaratu berri du “Pilota eta Bertsoak”. Zerrenda ez da hor amaitzen.“Plazas con frontón en Euskal Herria. La transformación del juego de pelota y su implantación en los centros históricos”. Alberto Ustarroz eta Manuel Íñiguez arkitektoen lana eta Daniel Carballok koordinatua.

Ikerketa serioak denak, hemerotekak eta artxiboak arakatu dituzte eta horra hor fruitua. Tiburzio Arraztoak zioen jokamolde bakoitzeko tomo bat sor zitekeela, agian gehiago.
27 jokamolde ezberdinez osatzen dira euskal pilota jokoak guztira kontuan hartuta, Arraztoari kasu egingo bagenio: a zer ekoizpena!
Ikerketen arabera, euskaldunekin lotutako pilota modalitateak, aztarnak, XIV. menderaino ailegatzen dira. Alferrik harago joatea, ez dugu deus aurkituko, adituek diotenez.
Horrek zer esan nahi du, lehenago euskal pilota jokoak, bakarren batzuk ez zirela existitzen?
Demagun soropilotak, mendi batzuetan; Aralarko mendizerran, besteak beste, lokalizatuta daude soropilotak. Noiztik aritzen ziren pilotan artzainak? Auskalo.
Euskara noiztik hitz egiten da Euskal Herrian?: batek daki.
Joan den urtean berebiziko aurkikuntza suposatu zuen “Irulegiko eskua”ren aztarnak. 2.000 urte baino gehiago duen brontze puska, “Sorioneku” zioena. Hizkuntza baskonikoaz idatzitako zaharrena orain arte. Non eta Iruñatik gertu, Aralarko Mendizerratik nahikoa hurbil.
Zorioneko esku horiekin eskuz jokatzen al zuten garai hartako euskaldunek edo lehenagotik?
Erantzunaren bila ez joan lehen aipaturiko liburuetara. Arrastoak, asko jota, XIV. mendean gelditzen baitira.
Oteizak bai, Orioko (Gipuzkoa) aztia haratago joan zen pilota jokoak hizpide izan zituenean. Begira bestela Miguel Pelay Orozcoren “Pilota, Pilotari, Frontón” liburuaren hitzaurreari. Metafisikaz, poetikaz edo intuizioaz baliatuz harribitxi batzuk utzi zizkigun Oteizak.
Batek baino gehiagok, burutazio horiek irakurri ostean, pentsatuko zuen: “Jostuna jostera, okin labera”.
Jorge Oteiza, ospe handiko eskultore bihurtuko zena, haur bat besterik ez zela, egun batean bere izeba Kandelariak etxeko ganbarara eraman zuen eta erakutsi zizkion han gordeta, hautsez beteta, pilotarien argazki zaharrak, marradun elastiko eta guzti; xisterak eta pilotak ere, urteen poderioz ilunduta. Erlikia haiek Embil anaienak omen, behiala fama handiko pilotariak, Oteizaren senideak aitonaren aldetik.
Txundituta, Jorgek galdetu zion zertan jokatzen zuten. Pentsakor geratu omen zen izeba. Halako batean: “Jokatzen zuten mugimenduekin eta aldaketekin, sinbolizatu dezaketenak zerbait?”
Gogoan iltzatuta geratu zitzaion izebaren hausnarketa. Urte mordoaren ondoren antzerako galdera egiten dio Oteizak bere buruari: “Zer joko klase da euskal pilota? Zer da plaza eta frontoia euskaldunen pilota jokoetan?
Agian, aurretik galdetu behar genioke geure buruari zein ofizio jokatzen zuen euskaldunak bere historiaurreko kultur-abiatzean”.
(Antes debemos preguntarnos por el oficio u oficios que jugaba el vasco en su arranque cultural prehistórico)
Oteizak planteatzen duena da, besteak beste, euskal pilota jokoak ulertzeko, baita frontoia bera ere, urrun jo behar dela. Irulegiko eskuaren garaitik urrunago behar bada. Ehizarekin lotzen ditu, ehiztariekin… frontisa ikusten du… kobazuloko hormaren gisa non margolariek margotzen duten, milaka urte geroago, non pilotariek horma, frontisa, desagerraraziko duten.
“Al volver el vasco su juego contra la pared del frontón, juega en su memoria remota con el cielo”.
Halako ideien bila ez joan argitaratu berri diren liburuen zerrendara, ez duzu ezer topatuko.
Berak zioenez: “No se ve lo que se tiene delante si no se ve más de lo que se está viendo”.

Beranduegi

Denborarik gabeko lekuetan, denborak abandonatu dituen parajeetan posible da, agian, jende ona aurkitzea, hustutako pertsonak, grina txarrik gabeko gizakiak.

Baina ez. Horietan ere ez, ziurrenik. Denborarik gabeko lekuetan beldurrik ez balego, beharbada. Baina ez al dago beldurrik denborarik gabeko lekuetan? Izua hil egin ote da? Denborak bakarrik ematen al du beldurra?

Berak beti uste izan zuen norbaitekin atsegina izanez gero, norbait horrek ez ziola minik emango. Ez ziola minik emango nahita. Ez zuen bestelakorik espero. Orain beldur da.

Giza arimaren gaiztoa ezagutu du.

Alde egin, joan egin beharko luke… horrek izua kenduko balio, kenduko ahal dio.

Lourdes Oñederra
Irudia: Juan Mari Apaolaza

Estoikoak

Partida gogoangarria ikusten ari nintzen. Ematen zuen Altuna III.a eta Tolosa nagusituko zirela. Izan ere, 19 eta 16 joanda, hiru tantoko abantaila, nahikoa zirudien. Are gehiago, kontuan hartzen bada partidan zehar uneoro aurretik joan zirela. Bai, ondo bidean, gipuzkoarrak astebetera Iruñean izango ziren Lasorekin eta Imazekin Bi-bitako txapela borrokatzeko.

Ondo bidean esan dut, zeren derrepente keinu txar bat antzeman zitzaion Anoetako (Gipuzkoa) atzelariari. Zerbait serioa gertatu zitzaion, ez aurreko batean bezala, karrankak medio, partida amaitu ezinean ikusi nuenean Ez, oraingoan, lesio gaiztoren bat, zaintiraturen bat, haragi-etena edo batek daki… Itsusia, inondik ere!

Estoizismoaz idaztea pentsatuta neukan Jokin Altunaren adierazpenak entzun eta gero, astean zehar, komunikabideetan.
Modan daude estoiko klasikoak: Epikteto, Seneca edo Marco Aurelio, besteak beste. Modan, baita ere, horien gainean idatzitako liburuk, dozenaka aspaldi honetan.
Liburuak, ordea, edozein liburuk, ez du inongo baliorik ez badigu laguntzen eguneroko bizitzan. Nik ez dakit Altuna III.a liburuzalea den ala ez. Epikteto edo Marco Aurelioren berri ba ote duen. Jokabidearen arabera ematen du baietz. Edo ez. Zeren gertatu liteke ateratzen zaion guztia sena baliatuz egitea. Kantxa barruan bezala, pilotakada bakoitza intentzioz egina du.

Partida irabaztea helburu baino, sistema du estrategia amezketarrak. Gauzak ahalik eta ondoen egin, dena eman, eta gero gerokoak. 22arekin itsutu gabe.

Epiktetok azpimarratzen du badirela zure mendean dauden gauzak; eta, bestaldetik, zure kontroletik kanpo geratzen direnak. Altuna III.a eta Tolosa ondo ari ziren jokatzen, euren partea egiten. Baina, ai bigarren partea! Zure eskutik at geratzen dena…
Zorte txarra, destino petrala.
Estoizismoa modan omen, dozenaka liburu argitaratzen dira eta lagungarriak dira bizi dugun ziurgabetasunari aurre egiteko, soseguz bizitzeko ahal den neurrian.
Epiktetok esan zuen (idatzita ez baitzuen ezer utzi): “Gauzek, berez, ez digute minik egiten, ezta eragozpenik jartzen. Ezta beste pertsonen jokabideek ere. Nola ikusten ditugun gauzak, beste kontua da. Gure jarrerak eta erreakzioak dira arazoak sortzen dizkigutenak”.
Hasi hori guztia azaltzen Altuna III.a eta Tolosari partida bertan behera utzi zutenean. Kirolaren gordintasunak, goi mailakoarenak, zaplaztekoa ematen dizu gutxien espero duzuenean. Lehenago edo geroago gertatzen den bezala. Bizitzak berak, ataka gaiztoetan jartzen gaituen moduan.
Bai, sinetsita nago estoikoak inoiz baino beharrezkoak ditugula zoratu ezean.

Gargantuaren zain

Garai bateko esku-huskako pilota modalitateak —enpresa-partidetan oinarrituta, apustua negozioaren bizkarrezurra izaki, hierarkiatan sailkatuta— fabrika baten usaina zuen.

Gazteek debuta egin ahala, apurka-apurka, urteen poderioz gora egiten zuten, kategoriak sortuz: primerakoak, segundakoak eta tertzerakoak.

Kantxatik at, pilotaria libre zen bere bizitza egiteko. Erantzukizuna, enpresarekiko eta zaleekiko, kantxako jarduerarekin lotuta zegoen soilik. Fabrikako lanak bukatu ostean, libre. Pilotariak kirolari baten itxura baino, langile batena zuen.

Errotik aldatu da egoera joan deneko 30 urteetan telebistak aginte makila hartu ondoren. Bai finantziazioari dagokionez, baita exijentzia maila parte hartzaileei dagokienez ere.
Telebistaren eraginaz, langile zirenak kirolariak bilakatu dira, beste edozein kirolaren pareko kirolari homologatuak.

Modernitate horrek, komunikabideak medio, aldaketa nabarmenak ekarri zituen berehala. Gaztetu egin ziren koadroak, gero eta beterano gutxiago eta gero eta aurpegi berri gehiago kantxetan.

Sistema berrian txapelketak dira negozioaren muina, urte osoan gainera: binaka, banaka ala lau t`erdian. Bestelako partidak, enpresakoak, inongo erakargarritasunik gabeak, ezpada udaran, herriko festetan.

Txapelketek elite baten sorrera dakarte, exijentzia maila, haatik, goren-gorenekoa. Hautatuak errendimenduaren arabera izaten dira, mementoko jokoak du garrantzia; ez izenak edo izanak.

Kotizazioa, kontratu berriak, elitearekin lotuta daude. Babak txapelketen lapikoan egosten dira.

Sistema zaharrean pilotaria, enpresa-partidetan eroso bizi zen, entrenatu ala ez. Errendimendua, intendentearen esku neurri batean. Derrepente, etenik gabeko erakusleihoan ageri da, profesional bilakatu da, erabatekoa.

Telebistaren fokuen azpian ari den pilotari berria, lehia basatian murgiltzen da, eta honek ondorioak ekarriko dizkio.
Pilotariak aurpegia eman behar du une oro. Lortutako balentriak ahaztu egiten dira biharamunean, estatistiken kaxoian gordetzen dira. Berriro hasi beharra, zerotik. Denboraldiz-denboraldi, sekulako estresa sortzen du.
Kirolarien zaurgarritasuna agerian geratzen da.
Ikustekoak dira egungo esku-huskako pilotarien entrenamenduak —prestaketa fisikoaz ari naiz—. Olinpiar jokoetan parte hartuko dutenen parekoa dela esango nuke.

Goi mailan aritzeak edo ailegatu nahiak higadura dakar, jasanezina batzuentzat. Bolo-bolo dabil arlo psikologikoaren eragina pilotan ere; natural-natural hitz egiten da horretaz. Zergatik?
Kirol modernoan elitera ailegatu eta bertan egonkortu nahi duten guztiek baldintza batzuk bete behar dituzte.

Genetikoki egokiak izatea. 2. Muturreko entrenamenduak burutzea. 3. Burua, psikologikoki, ondo prestatuta edukitzea. 4. Lesioekin zorte ona izatea.
Kirol modernoan lehiakor izan nahi duen lehiakideak jakin behar du edozein mementotan Gargantua agertuko zaiola.

Zedarritze-ariketa bat

Zer da bihotz bat taupadarik ez badu.

Zer da zure baitatik erauzten dizuten hori,

bere aitari betiko lotuko zaituena nahi ez baduzu ere.

Fetu ilun, txiki eta likin bat,

odol eta mintzen artean igerian.

Biluzik zaude anda batean,

ume jaioberrien argazkiez inguratuta.

Eskutik heltzen dizu abandonatuko zaituela erabaki duen gizonak.

Arduraz apuntatzen du hartu behar dituzun botiken hurrenkera,

eta negar egiten du autora sartzerakoan.

Zuk ere negar egiten duzu.

Badakizulako dezepzio baten guraso izanen zaretela beti.

Ezerk ez zaituztela lotuko hemendik aurrera,

soilik zuen indar guztiekin entzun nahi zenuten bihotz hura,

oroitzapenetan besterik taupada egiten ez duena.

Medikuak hoztasunez esaten dizu

gorputzak memoriarik ez duela,

lehengo berbera izanen zarela.

Baina oroitzea da bizitzeko zure modua.

Beldur batek ordezkatzen du umeki bat.

Hura itzaltzeko zain zaude,

Erabaki dezan ez zarela nahikoa erakargarria zuri lotuta egoteko.

Beldur bat,

beste zerbaiten antzik ez duena,

ez bada lotsarena.

Hortzak garbitzen dituzu odola egin arte

zauri bat behar duzulako horri erreparatzeko:

odol gorri eta usaingabea.

Zauriak azkar sendatzen badu

elkar maitatzeari utzi diozuelako da.

Hankartea minberatua duzu oraindik,  

baina zerbait egin nahiko zenuke orain arte egin ez duzuna:

diskoteka batean dantzatu,

larrutan egin hondartzatik gertuko hoteletan,

urruneko familia bisitatu auto alemaniar batean,

ezpainak gorriz pintatu,

etorkizun brioleta zarela sinetsi,

gauza xumeak ulertzen saiatu,

minutuen leku zehatza jakin.

Izan ere, ingurukoei ez diegu erreparatzen

min ematen diguten arte.

Mundua hondoratzen ari da,

baina salbamendu txalekoa duzu jantzita

zuen bihotzen oihartzunak estaltzeko.

Bainugelako zakarrontzian pilatzen dira haurdunaldi-probak.

Orbain batzuk ez dira inoiz erabat sendatzen,

baina erre gabe ukitu ahal izaten ditugu.

Orbainek ez dute ezertarako balio,

ez bada oroitarazten digutelako beste batzuen beharra dugula.

Aldi berean ikasten da maitasuna eta dolua zedarritzen.

Castillo Suárez
Irudia: Timothy Paul Smith

Zuhaitzak

Barruko zuhaitzak kanpora doaz, basora

hainbeste egun hutsik egon den baso horretara

non ezin zen txoririk pausatu

ez intsekturik gorde

ez eguzkiak ere oinak itzaletan sartu;

baso hori, hainbeste gau hutsik egona,

zuhaitzez beteta egongo da goizerako.

Gau guztian sustraiak lanean

portxeko zoruko

arrakaletatik askatu nahian.

Hostoak tenk kristalerantz

adaxkak zurrun eginahalaren eginahalaz

adar luze bihurrituak teilatupean nahaspila

senda-agiria jaso berri duten pazienteak bezala

erdi nahastuta

klinikako aterantz.

Barruan eserita nago, portxeko ateak zabalik

gutun luzeak idazten

baina doi-doi idatzi dut nola basoa

badoan etxetik.

Gaua fresko, ilargi betea dir-dir

zeru oraindik garbian

hosto- eta liken-usaina

aditzen da oraindik geletatik ahots baten gisan.

Xuxurlaz beterik daukat burua

baina isilduko dira biharko.

Entzun. Puskatzen ari da kristala.

Badoaz zuhaitzak estropezuka

gauerantz. Haiekin batera, haizea ziztuan.

Puskatu da ilargia ispilu bat bezala,

eta haren zatiek distira orain haritzik

garaienaren gailurrean.

Adrienne Rich
Itzulpena: Maialen Berasategi
Irudia: Elurre Iriarte

Absentzia negu era bat da

Elurretan garaitutako gizon baten gorputza bezala,
abestiak izozten dituen negu horrekin berarekin
arratsaldea gau bihurtzen denean auto baten irratian,
telegramak bezala, ahots zauritua bezala
gaueko telefonoak gurutzatzen dituena,
itsasargi batek gurutzatzen duen bezalaxe
lehorreko txalupen malenkonia,
zalantzak eta ziurtasunak bezala,
leihoko nire silueta bezala,
horrela min ematen du gau batek,
zure falta dudan negu horrekin berarekin,
zuri utzi nauen elur horrekin berarekin, dena ahazten baitzait
zu gogoratzen ikasi behar badut.

Luis García Montero
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Aleksei Min

Iraun behar duenaren alde

Zer esan nahi dute

lore urdinek sasietan

eta asunen artean.

Zeren seinale dira

tximeleta zuriak

eta tximeleta iluna.

Zer iragartzen dute

benetan, zer

txoriak eta katuak

bide-ertzean hilak.

Zeri eskaini kantu bat.

Zer isildu.

Nola jakin

nola jardun

nola paratu behar —beti—

iraun behar duenaren alde.

Jon Gerediaga
Irudia: Elurre Iriarte