Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 43 of 48

Komunikabideak eta euskal presoak

Orain hiru aste Teresa Toda Sare plataformako kideak Azpeitiko solasaldi batean 1990eko hamarkadaren erditik aurrera euskal kazetarien artean presoen egoerari buruz egindako aldizkariaren ale batzuk erakutsi zituen. “Interneten-edo egin beharko genuke antzeko zerbait”, zioen.

1996ko urrian euskal komunikabideetako kide batzuek astebeteko baraua egin zuten Donostiako Artzain Onean. 45. txanda zen. Urriaren 22an, hedabideetako 666 langilek sinatutako agiri baten berri eman zuten prentsaurreko batean: Komunikabideetako langileak euskal presoak Euskal Herriratzearen alde. Sarrera Xabier Euzkitzek eta Mariano Ferrerrek egin ondoren, Martxelo Otamendik, Teresa Todak eta Luzien Etxezaharretak irakurri zuten idatzia, euskaraz, espainolez eta frantsesez. Hauxe zen:

“Idatzi honen bidez euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatu nahi dugu, legearen aurkakoa delako eta baita preso zein senideentzat zigor erantsia delako ere. Horregatik, sakabanaketa amaitzeko eskatzen dugu, eta hala nahi duten euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen dugu. Honekin batera, preso guztiei dagozkien eskubideak errespetatzeko exijitzen dugu, eta bizi baldintza duinak izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Azkenik, komunikabideetako langileak izanik, gure lantokietan presoen inguruan ahalik eta informazio zuzenena eta kontrastatuena zabal dadin gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu”.♦

(ondoren, aldizkari haien ale batzuen eta 1996ko urriko prentsaurrekoaren argazkiak).

Continue reading

Barkosek emandako pistak

Astelehen gauean Esparza (UPN) eta Araiz (EH Bildu) Nafarroako lehendakarigaien arteko eztabaida saioa izan zen Navarra TVn, eman zituzten klabe batzuk, baina aurretik prentsaurreko batean beste lehendakarigai batek ere eman zituen gakoak, hauteskunde ostekoaz batez ere: Barkosek (Geroa Bai). Bi ideia:

– Barkosen ustez, Nafarroan gobernu aldaketa posible da, “nahiz eta koalizio gobernu bat ez egon”. Hau da, gobernu berri horrek parlamentuan unean uneko babesak baliatuz. “Aldaketa gobernu baten alde egin behar dugu lan horretarako prest gauden aktore politiko guztiok, baina ez gaitezen erori aldaketaren era bakarra koalizio gobernua den tentazioan”.

– Aldaketa nahi dutenen artean gobernuko lehendakaritza, “hiritarrek hautestontzietan erabakiko duenak” izan behar du.

Pistak dira. Geroa Baik bere estrategia garatzeko, alternatibarako zenbakiek emateaz gain, EH Bilduren (eta PSNren) aurretik beharko luke. Hala balitz, eta usaintzen denez, hark nahiago ez EH Bildu bere gobernuan (PSN hartuko luke), baizik eta kanpotik babesten. Bozetan ere zer gertatuko den, ordea…♦

 

Falta dena

Nafarroako EH Bilduk iragarri du Kontsulta Legea proposatuko duela hurrengo legealdian. Hauek lirateke lau ereduak: izaera orokor edo sektorialeko herri kontsultak; Nafarroako lehendakariaren edo gobernuaren jarreraren ingurukoak; foru legeei buruzkoak; eta udal esparrukoak. Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainean onartu zuen Kontsulta Legea, euskal gatazkara mugatutakoa; “bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio prozesu bat irekitzea” zuen xedea (Bi Kontsulta Lege, bi bide). Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008ko irailean debekatu egin zuen EAEko egitasmoa (Espainiako Konstituzioa parean), erraz ulertzen den argudio bat emanda: “Espainol Herria da nazio subiranotasunaren jabe bakarra”.

Azken beltzean, “izaera orokorraz” hemen benetan falta dena ez da lege edo arau bat, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapena hor baden arren (behean, xehetasunak*). Edo Jule Goikoetxeak dioena: “Falta zaiguna ez da eskubidea, erabakia da”. ♦
Continue reading

Eztabaida bukaezina

1990eko otsailaren 15ean Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde bozkatu zuen, lehen aldiz. 2004ko abenduaren 30ean Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartu zuen, EAEko Estatutu Politiko Berriaren proposamena ontzat jota. 2008ko ekainaren 27an, berriz, Kontsulta Legea onartu zuen, “herritarren oinarrizko eskubidea askatasunez” gauzatzeko, eta 2008ko urriaren 25erako finkatu zuen galdeketa eguna. Iazko maiatzaren 29an, berriro ebatzi zuen Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela. Iazko urriaren 9an Kataluniako prozesua babestu zuen, eta herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko “zilegitasun demokratikoa” dutela zioen. Atzo, Euskal Herria subjektu politikoa dela eta erabakitzeko eskubidea duela onartu zuen.

El Pais-eko kazetari batek idatzi duen bezala, eztabaida bukaezin egiten ari da erabakitzeko eskubidearena.♦

Post scriptum. Zaldieroa-ren BERRIAko gaurko zinta:

zaldieroa

Gerturatze bat

BERRIAn argitaratutako erreportajea. Laburpena: Juan Jose Ibarretxek eta ezker abertzaleak nolabait bat egin zuten 2004an, EAEko estatutu berriaren proposamenean, baina azkeneko urteetan adostasun sakonagoak azaldu dituzte. Gertuago dituzte posizioak bide politiko eta demokratikoez, errealitate printzipioaz, erabakitzeko eskubideaz, aldebakartasunaz, (in)dependentziaz…♦

Josu Urrutikoetxearen gutun hura

Gaur Eusko Legebiltzarrean Ibarretxe planari buruz-eta ari dira, EH Bilduren ekimenez. Legebiltzarrak 2004ko abenduaren 30ean onartu zuen EAEko Estatutu Politiko berria. Arnaldo Otegi SAko parlamentariak Josu Urrutikoetxea taldekide eta iheslariaren gutun bat leitu zuen. Hemen pasarte batzuk eta gutuna bera.

– “Egun garrantzitsu honetan nire ahotsa eta ekarpena SA taldeko beste kideen lanari gehitu nahi nion”.

– “Alderdi guztiak kontziente dira egungo markoaren agorpena geroz eta nabariagoa dela. Eta testuinguru horretan, ezker abertzalearen urte luzetako borrokaren lorpenak agerian geratzen ari dira. Larrutik ordainduta bada ere. Ezker abertzaleak autodeterminazio eskubidea lortzeko prozesu baten alde egin du betidanik. Hori izan da gure borroka eta proposamen politikoaren muina”.

– “Herri galdeketaren alde egiten ari gara, akordiorako aukeraren alde. Gatazkari guztion artean konponbidea ematearen alde, alegia. Ez litzateke zentzuzkoa aukera horri interes partidisten arabera ateak ixtea”.

– “Gaurtik aurrera, denon artean egin beharreko bide bat zabaltzea proposatzen dugu. Eseri gaitezen, eta adostu dezagun guztion artean hori egiteko prozesua Aurrebaldintzarik gabe, ikuspegi hertsirik gabe, baina mugarik gabe ere bai”.

(Gutuna osorik, behean. Klikatuta handitu daiteke irudia)

urrutikoetxea

« Older posts Newer posts »

© 2026 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑