4.660 tortura kasu bildu dituzte Eusko Jaurlaritzaren ikerlan batean

  • 240 hitz
  • Albistea entzun

Paco Etxeberria auzi medikuak zuzendu du torturari buruzko Tortura: 1960-2013 ikerketa lana. Lau mila lagunek baino gehiagok sinatu dute torturak jasan zituztela dioen agiria. Horietako 202 kasuri Istanbulgo Protokoloaren araberako peritu frogak egin dizkiete; kasuen %98ri eman diete sinesgarritasuna.

Eusko Jaurlaritzak eskatuta eta Paco Etxeberria auzi medikuak zuzenduta, tortura ikertzen aritu da 40 laguneko aditu talde bat. Tortura 1960-2013 lanean jaso dute ikertutako guztia. «Hau dudan jartzen duenak ikus ditzala testigantzen bideoak, eta entzun ditzala audioak», adierazi zuen Paco Etxeberriak txostenaren aurkezpenean, 2016. urtean.

Bederatziehun pertsonaren tortura testigantzak bildu dituzte  Etxeberriak aipatutako bideo eta audio horietan. Denera, 4.009 lagunek izenpetu dute torturatuak izan zirela dioen agiria. Gehiago dira kasuak, pertsona horietatik %17k esan baitute behin baino gehiagotan torturatu zituztela. Hala, 4.660 kasu identifikatu dituztela kalkulatzen dute. Hori, Laura Pego juristak nabarmendu bezala, kontuan hartuta zailtasunak izan dituztela 1970eko eta 1980ko hamarkadetako kasuak biltzeko. «Lan handia dago oraindik eremu horretan».

«Hau dudan jartzen duenak ikus ditzala testigantzen bideoak, eta entzun ditzala audioak».

Paco Etxeberria (Auzi medikua)

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak jaso dute tortura salaketa gehien: 1.589 eta 1.561, hurrenez hurren; 3.060 guztira. Ertzaintzari, berriz, 310 salaketa egin dizkiote. Gainerakoak polizia erakundeen artean egindako operazioetako salaketak dira. Datu baseko salatzaileetatik %17 dira emakumezkoak, eta %83 gizonezkoak.

Nazioarteko protokoloak lanabes

Hainbat modutako materiala bildu dute ikerlanean. Batetik, tortura salatu eta proiektuan parte hartu duten 4.009 lagunek agiri bat sinatu dute, beren eskaerari balio instituzionala  emateko. Kasu horiei buruzko materialarekin batera sailkatu dituzte denak, banan-banan. Bestetik, 900 lagunen testigantza zuzenak jaso dituzte, bideoan eta audioan. Eta, horrez gain, froga dokumentalak (22.782 dokumentu) eta perituenak bildu dituzte, Istanbulgo ProtokoloacloseTortura, Zigor eta Tratamendu Krudel, Anker eta Iraingarriei Buruzko Dokumentazio Eraginkorra eta Ikerketa Eskuliburua da.ri jarraituta egindakoak, besteak beste.

Lehen aldia da Euskal Herrian erakunde publiko batek gisa horretako ikerketa bat babesten duena.

Hain zuzen, 202 kasu landu dituzte Istanbulgo Protokoloaren bidez, eta txosten bat osatu dute. Kriminologiaren Euskal Institutuko Benito Morentinek azaldu du kasuen %2 soilik baztertu dituztela ez dituztelako torturatzat hartu. Gainerakoetatik, %41 «sinesgarriak» direla ondorioztatu dute; %46, «oso sinesgarriak», eta %11, «erabat sinesgarriak». Parte hartu dutenetatik, %20k trauma osteko estresa jasan dute, eta %10ek, nahasmendu depresiboa.

Aitortza eta prebentzioa helburu

Lehen aldia da Euskal Herrian erakunde publiko batek gisa horretako ikerketa bat babesten duena, baina tortura aspalditik salatu dela oroitarazi du Etxeberriak. Espainiako Estatuaren eta haren mendeko estamentuen jarrera, ordea, «ukazioa» izan da beti, ikerketaren egileek nabarmendu dutenez.

Aztertutako aldi osoan (1960-2013), 21 kondena baino ez dira egon torturengatik.

«Ukazio» eta zigorgabetasun horren harira, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuen jokabidea ere kritikatu du Etxeberriak. 1997tik, BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean protokolo bat ageri da auzi medikuek erabili beharrekoa, atxilotuei azterketak egiteko. Etxeberria: «Harrezkero zergatik ez dute inoiz egin hor jartzen dena?».

Laura Pego legelari eta ikerketa lanean parte hartu duen adituaren arabera, «ukazioari» aurre egitea funtsezkoa da egia ezagutarazteko. Haren ustez, beste bi eginbehar ere badaude aurrera begira: tortura delituen preskripzioa gainditzea —bost urteren buruan preskribatzen dute Espainian–, eta, azkena, sententziarik egon ez arren, ikerlanean jasotakoak biktima gisa hartzea. Aztertutako aldi osoan (1960-2013), 21 kondena baino ez dira egon torturengatik. Espainiako auzitegiek ez dute zigorrik jarri 1992az geroztik.

Jatorrizko artikuluak