Adimen artifiziala: kezkak eta gogoetak
Adimen artifizialaren azken urteotako tsunamiak galdera eta kezka sakona eragin du gizartean. Unibertsitateko bi irakaslek gogoeta egin dute horren inguruan, BERRIAk antolatutako Ahomentan saileko mahai inguru honetan. Adimen artifizialaren aurrean, gizatasunaren alde egin dute.
Ez zuten elkar ezagutzen. BERRIAk eta adimen artifizialak elkartu ditu Mondragon Unibertsitatearen Bilboko As Fabrik campusean. Kanpoan sargori, barruan epel. Kanpoan Zorrotzaurreko obren eta Bilboko uztaileko lanegun baten zurrunbiloa, barruan elkarrizketaren eta gogoetaren patxada. Unibertsitateko irakasle dira biak: adimen artifiziala lantzen du Calvok, eta filosofia Mentxakatorrek.
Adimen artifiziala deitzen zaio. Izenak berak ez al du gaizki-ulerturik sortzen? Adimen deituta, badirudi berezko adimen bat duela, bere kabuz pentsatzeko gai den teknologia bat dela.
BORJA CALVO: Adimen artifiziala ez da tresna bat, jakintza arlo bat baizik. Izenak asko du marketinetik. Helburua zera izan da, gizakiok adimena erabiliz egiten ditugun gauza konplexuak egin ahal izatea, imitatzea. Hitza, adimena, urte askoan kritikatu da, baina gure esparruan badago joera metaforakcloseHitz edo kontzeptu bat erabiltzea beste zerbait adierazteko. erabiltzeko, horrela hobeto ulertzen ditugulako: ikasi, entrenatu... hitz horien guztien atzean dauden kontzeptu matematikoak zailak baitira ulertzen. Edozein izen jarrita ere, jendea nahastuko litzateke.
JON MENTXAKATORRE: Niri kezka filosofikoa pizten dit: ez gizartean eragin ditzakeen gaizki-ulertuengatik, baizik eta giza adimenaren ikuspegi mugatua eman dezakeelako. Oro har, kalkulura, analisira, probabilitatera, neurketara, definiziora mugatutako jakintza arlo batek pentsarazi diezaguke giza adimenak hori bakarrik egin dezakeela. Baina giza adimena hori baino askoz ere gehiago da. Giza adimenak metakognizioacloseAtal edo arlo guztien ezagutza. du, gizakiok meditatzeko gaitasuna dugu, badaukagu kontenplatzekocloseErrealitatea, natura edo kanpoko mundua behatzeko gaitasuna. gaitasuna. Giza adimenaren ikuspegia mugatzeak potentzialtasun horiek baztertzea ekar dezake. Hori gertatzen ari da azken hamarkadetan: gero eta gutxiago lantzen da barnatasuna.
CALVO: Uste dut Isaac Asimov idazleak esan zuela: «Arazoa ez da makinek guk bezala pentsatzea edo jokatzea, guk makinen moduan pentsatzea eta jokatzea baizik».
Ia edozertarako erabiltzen da adimen artifiziala, adimen artifizial sortzailea bereziki: jendeak zerbait eskatzen dio, eta hark erantzun bat ematen dio. Sinplifikatzeko, esaten da matematika edo estatistika hutsa dela. Baina jendeak badaki nola funtzionatzen duen?
CALVO: Ez. Baina ez dakit hori arazo bat den. Kontua da gauza asko adimen artifizialaren esku uzten dituzula zuk zeuk egin beharrean. Eta hori ez da ulertzea edo ez ulertzea. Irakasle Eskolatik etorri zaizkigu esanez oso kezkatuta daudela ikasleek gradu amaierako lana ChatGPT erabiliz egiten dutelako. Galdetu digute ea zer egin dezaketen. Bada, ikasleei azaldu behar diete gradu amaierako lana ChatGPT erabiliz egitea tranpa egitea dela.
MENTXAKATORRE: Adimen artifizialak planteatzen digun erronka handienetako bat da haren esku uzten dugula erabakiak hartzeko gaitasuna. Hori filosofikoki oso kezkagarria da. Gizaki egiten gaituen ezaugarri nagusietako bat erabakiak hartzea eta erabakien jabe izatea da, eta hori adimen artifizialaren esku uzten badugu, gure gizatasuna ere haren esku uzten ari gara, eta deshumanizazio prozesu bat hasten da orduan. Gizakiok beharrizan humano batzuk ditugu, eta horiei ezin zaizkie erantzun teknikoak eman. Galdera edo egoera humanoa da, eta erantzunak ere humanoa izan behar du. Pertsona batek barnera begiratzeko ezintasuna baldin badu, bere buruarekin hitz egiteko gaitasunik ez baldin badu, orduan kanpoko norbaitekin egin beharko du. Horrelakoak gizakiekin egiteko zailtasunak baldin baditugu, azkenean makina batekin egingo dugu. Psikologoak, gizarte langileak... kezkatuta daude.
«Adimen artifizialak planteatzen digun erronka handienetako bat da haren esku uzten dugula erabakiak hartzeko gaitasuna»
Zeintzuk dira edo izan daitezke horren ondorioak?
MENTXAKATORRE: Gaur egun, teknologia berrien erabileraren eraginez, kognitiboki, norbera izateko eta antolatzeko modua oso ezberdina da. Zer esan nahi dut honekin? Hemendik urte batzuetara, elkarri begietara begiratu, eta itxuraz elkar ezagutuko dugu, baina gure barne izaera uste dugun baino askoz ere ezberdinagoa izango da, baita termino logikoetan bakarrik pentsatuta ere. Horrekin kezkatuta gaude; izan ere, belaunaldien arteko elkarrizketa zaila da berez, eta gero eta zailagoa izango da, gazte-gaztetatik uste baino ezberdinago eratuta egongo garelako barrutik.
Honek guztiak ba al du atzera-bueltarik?
CALVO: Teknologia gero eta azkarrago doa, eta, ondorioz, gero eta azkarrago aldatzen gaitu, aldatzen gara. Itxaropena dut honi guztiari buelta emango zaiola. Dena da ziklikoacloseOrdena jakin baten arabera errepikatzen dena.. Bestela, erritmo honetan jarraituz gero, ezin dut imajinatu nola egongo garen 50-100 urte barru. Gure gizartea eta bizitza ez ditugu ezagutuko. Honi guztiari buelta emateko behar den denboran agian belaunaldi bat edo bi galduko dira. Hori bai, ea zenbat denbora behar dugun buelta emateko, eta ea nola gauden buelta ematen diogunean.
Adimen artifizialak eta teknologiaren zabalkundeak eragindako arazoei buruz hitz egitean, eztabaida hezkuntzara bideratzen da.
CALVO: Arlo teknologikoari buruzko hausnarketak egiten dituen jendeari irakurri diot hezkuntzan arazo handia dagoela, ikasteko, berez, ahalegina egin behar delako, eta teknologia hauek hain justu kontrakoa sustatzen dutelako: ahalegin hori kentzea.
MENTXAKATORRE: Borjak oso gauza garrantzitsua esan du: ikasteak ahalegina eskatzen du. Adimen artifizialarekin, aldiz, klik bat egin eta berehala daukagu erantzun zoragarria, neurri handi batean fidagarria. Erantzun eraginkorrak berehala lortzera ohitu zaitezke, baina mundua ez da horrelakoa. Ez da ikasketei edo garapen intelektualari buruzko kontua soilik: tresna hauen ondorioz, gauzek modu jakin batean funtzionatzen dutela espero edo uste duzu.
CALVO: FrustrazioacloseHelburu bat lortzea ezinezkoa gertatzen zaienean pertsonek izaten duten egoera animiko edo emozionala. gero eta gutxiago onartzen da, zeren dena lortzen badugu ezer egin gabe...
MENTXAKATORRE: Asko pentsatu beharko dugu hezkuntza sistemaz.
CALVO: Hezkuntza sistemak arazo bat dauka: emaitzetara bideratuta dago. Unibertsitatera sartu aurretik ikasleak 18 urtez obsesionatuta egoten dira kalifikazioekincloseIkasleei ikasgai bakoitzean jarri ohi zaien nota edo emaitza.. Unibertsitatean, lehen egunean, ikasleei esaten diet: «Kalifikazioak berdin du, benetako mundurako entrenatzen ari zarete». Mundu horretan, enpresa batean, ez dizute kalifikazioa eskatuko, galdetuko dizute ea zer egiteko gai zaren. Baina guztia emaitzetara bideratuta dagoenez, emaitza ematen dizuten tresnak baldin badituzu, kito. Aurreko astean ikastaro bat izan genuen, eta Carlos Magro etorri zen, hezkuntza berrikuntzan aditua. Liburu oso interesgarria idatzi du [IA y la educación: una relación con costuras; Adimen artifiziala eta hezkuntza: josturak dituen harremana]. Esaldi bat idatzi zuen: «Galderatik erantzunera gertatzen dena da ikasketa prozesua». Zer gertatzen da orain? Galdera sortu eta bost segundora erantzuna daukazula. Bitartean ez dago ezer. Ahaleginaren aldeko mentalitatea eta kultura berreskuratu behar dugu. Aspaldi galdu genuen porrotetatik ikasteko mentalitatea, eta porrotak ikasteko aukerak dira. Ez dakit noiz galdu genuen, baina ez zen izan adimen artifizialagatik. Espero dut humanitateen itzulerarekin halakoak berreskuratuko ditugula.
«ChatGPT unibertsitate batek aterako balu eta konturatuko balitz jendeak aholku psikologikoak eskatzeko erabiltzen duela, automatikoki kenduko luke»
Enpresa erraldoiak daude adimen artifizialeko eredu nagusien atzean. Batez ere AEBetakoak eta Txinakoak. Horrek are arriskutsuago bihurtzen du gaur egun nagusitu den adimen artifizialaren eredua eta haren erabilera?
CALVO: Hori da arriskua. ChatGPT unibertsitate batek aterako balu eta konturatuko balitz jendeak aholku psikologikoak eskatzeko erabiltzen duela, automatikoki kenduko luke. Arazoa enpresa horiek dira. Boterea nahi dute, eta lortu dute boterea kontzentratzea. Gero eta botere gehiago dute.
Ez dute autokontrolerako borondaterik.
CALVO: Silicon Valleykoa, korronte filosofiko moduan, aztertzekoa da. Ez dute, besterik gabe, dirua nahi. Konplikatuagoa da.
MENTXAKATORRE: Horrelako enpresetan pentsamendu teknologikoa ez dago bakarrik haien tresnetan edo langaietan. Izaeran dute pentsamendu teknologikoa: etekina, errendimendua, ospea, dirua... Borjak esan du ChatGPT unibertsitate batean garatu izan balitz beste modu batera gizarteratuko luketela. Izan ere, unibertsitatean, pentsamendu teknologikoaren ondoan badago pentsamendu humanistiko bat, badago pentsamendu sozial bat, badago pentsamendu etiko bat, eta elkarrekin joaten dira. Baina pentsamendu teknologiko hori besteetatik erauzten baduzu, aurrerapenean, etekinean eta kapitalean aurrera egiten badu, hor dago arrisku handiena.
Euskal Herriak ez du estaturik, eta hizkuntza gutxitu bat du. Zer egin behar dute Euskal Herriak eta euskarak iraultza honetan guztian?
CALVO: Lan asko. Teknologiak garatu eta egokitu behar ditugu euskara ere aintzat har dezaten. Badaude hizkuntza batzuk txikiak izan arren interesgarriak izan daitezkeenak. Euskal Herrian bakarrik ez, Europan ezin da inon lehiatu adimen artifizialeko eredu handiekin, botere handia eta diru asko behar baita. Baina hori ez da bide bakarra gauza batzuk egiteko. Gauza asko egin daitezke, eta hemen Latxa adimen artifizialeko euskarazko eredua garatzen ari gara. Egiten ditugun gauza askotarako Latxaren neurriko eredu bat nahikoa izango da. Beraz, bultza dezagun. Argi izan behar dugu ezin dugula lehiatu, eta agian ez duela zentzurik lehiatzeak. Ahal dugun neurrian zaindu behar dugu ekosistema digital osoa. Zer egin behar dugu? Beti egin duguna: euskal kultura bultzatu eta lan egin.
|