
Duela laurogei urte, erbesteko Eusko Jaurlaritzak batailoi berezi bat sortu zuen indar aliatuekin batera nazien kontra borrokatzeko. Gernika jarri zion izena.
Gure azken ekintza trenbide ondoan zegoen fortifikazio izugarri bat izan zen. Gure aurretik bidali zuten Leclerq batailoia tanke eta guzti saiatu zen, baina alemanek lur arrasean tiratzen zuten, eta birrindu zituzten. AbisiniocloseEgun Etiopia den lurraldeko herritarrak.ek ere ez zuten deus lortu. Deitu ziguten, eta erasotzeko agindu: arratsaldeko bostetarako hartuta egon behar zuen, eta ezin genuen atzera egin %70 baino baja gutxiagorekin». Euskal gudariak abisiniarren ondoan, alemanen kontra, 1945eko apirilaren 14tik 19ra bitarteko Medoceko (Okzitania) borrokaldietan, Frantziako armadaren Marokoarren eta Atzerritarren 8. Erregimentu Mistoaren adar bihurtuta. Kepa Ordoki komandantea (Irun, Gipuzkoa, 1912-Baiona, 1993), eta haren aginduetara dozenaka gudari. EAE-ANVko kidea, 36ko gerrako ofizial beteranoa zen Ordoki, hari egokitu zitzaion euskal herritarrez osatutako batailoi bat gidatzea II. Mundu Gerrako azken oldarraldi haietan.
«Odol asko isuri zuten euskaldunek alemanen kontra»
«La Rochelle eta Verdun aldean ibili ginen. 30-40.000 aleman zeuden han, Francok bidalitako txokolatez, tabakoz eta lataz ondo hornituta. Gero 40. kota deiturikoan aritu ginen, Pointe de Graven. Gogoan dut nola agindu ziguten artilleria postu batzuk gureganatzea. [...] Odol asko isuri zuten euskaldunek alemanen kontra». Kepa Ordoki berriz ere, 1988ko udazkenean Larrun aldizkariak argitaratu zuen elkarrizketa luzean. Haren agindupeko batailoiko bost gudari hil ziren azken borrokaldi haietan. Juan Jose Jauroso Sasia sozialista. Alonsotegikoa (Bizkaia) zen; 29 urte zituen. Felix Iglesias Mina komunista. Atarrabiarra (Nafarroa) jaiotzez; Errenterian (Gipuzkoa) bizi zen; 32 urte zituen. Anton Mujika Arrizabalaga. Jeltzalea. Donostian jaioa, Tolosan (Gipuzkoa) bizi zen; 19 urte zituen. Antton Lizarralde Garamendi. EAE-ANVko kidea. Durangokoa (Bizkaia) zen, 37 urte zeuzkan. Prudencio Orbiz Uranga anarkista (Villabona, 33 urte). Beste 23 gudari zauritu egin ziren.
Berlin erortzear zen. Naziak garaitzeko aparraldian, Jose Antonio Agirre lehendakaria aurrean, minutu bat egin zuen Charles de Gaulle jeneralak ikurrinaren aurrean, soldaduei errebista pasatzen ari zela. «Frantziak ez du sekula ahantziko bere lurra askatzeko euskaldunek egindako borroka», esan zion buruzagi frantsesak Ordoki komandanteari. Frantziak ahaztu egin zuen, baina. Eta ez zen bakarra izan.Ahanzturaz
«Ez dut erranen Gernika batailoia ahantzia izan denik, baina lan gutxi egin izan da haren inguruan, eta lan hori oso gutxi agertu izan da. 36ko gerra egin eta galdu; diktadura bat jasan eta ihes egin, erbesteak dakarren guztiarekin; eta erbestean, bertze gerla batean parte hartu zuten, unitate militar batean sartu eta beren bizia eskainiz. Askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu ziren». Franck Dolosor kazetariarenak dira hitzok. Hark idatzi du Gernika batailoia. Askatasunaren ametsa dokumentalaren gidoia, Iban Gonzalez zuzendariarekin batera. Euskal Herrian, Frantzian eta Alemanian aurkitutako ikus-entzunezko materiala biltzen eta elkarrizketak egiten aritu da Dolosor.«Batailoian abertzaleak nagusi ziren. Ni, berriz, jazarpenaren, injustiziaren eta faxismoaren kontra altxatutako banako bat izan naiz».
Elkarrizketa horietako batzuk —Francisco Perez Lusarretari (Jaurrieta, Navarra, 1922) eginikoak— dokumentalaren hari nagusi bihurtu dituzte. Perezek libertariotzat dauka bere burua, eta, maiatzean, BERRIAri adierazi zion zerk bultzatu zuen Gernika batailoian parte hartzera: «Batailoian abertzaleak nagusi ziren. Ni, berriz, jazarpenaren, injustiziaren eta faxismoaren kontra altxatutako banako bat izan naiz. Faxismoak nire familiari [36ko gerran] hainbesteko kaltea egin zion, non horren kontra egin nuen».
1945eko urtarril amaieran, Euskal gazteriari deia izeneko testua plazaratu zuen Jaurlaritzak, gazteek izen eman zezaten nazismoaren kontra borrokatzeko. Jesus Maria Leizaolak sinatu zuen testu hura, eta II. Mundu Gerran ere, 36koan legez, totalitarismoaGobernu erez mintzatuz, gizarte askatasuna ukatzen duena eta aginpide osoa eskuratzen duena.ren kontra egin behar zela esan. Dei hari erantzun ziotenek osatu zuten Gernika batailoia, eta talde hark izenetik beretik zekartzan 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpeak Euskal Herriari egindako kaltearen oihartzunak: 1937ko apirilaren 26an Francoren aliatuek —aleman naziek eta italiar faxistek— suntsitutako herriaren izenean zihoazen aliatuekin borrokara; nazismoa eta faxismoa garaitu ostean Franco eraitsi eta Hego Euskal Herria askatzea zuten amets Jaurlaritzako buruek.
114 laguneko komandoa
Ranger britainiarren eta estatubatuarren pareko trebakuntza jaso zuten Rotschild jauregian 114 euskal herritarrek. Pointe de Graven borrokatutakoak ziren haietatik %70. Hego Euskal Herritik propio joandako gazteak ziren komandoko gainontzekoak. Agirre lehendakariak AEBetako presidente Franklin Delano Rooseveltekin egindako tratuaren ondorioa izan zen ikastaro hura. Agirrek-eta uste zuten estatubatuarrek herria askatzen lagunduko zietela. Tratu hark izan zituen beste ondorio batzuk ere. Estatubatuarren zerbitzu sekretuekin kolaboratu zuten euskal herritarrek, esaterako —baita britainiarrekin eta frantsesekin ere—. Roosevelt hil —1945eko apirilaren 12an— eta lagun estatubatuarren ametsa zapuzten hasi zenean ere bai. Horren adibide da Gotzon Arruti Larrañaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1924-1978).«Rotschilden ranger formazioa jaso zuten osabak eta gainerakoek, garaiko gerra material onenekin. Pertsonak hiltzeko hamaika modu erakutsi zizkieten»
36ko gerraren ondorioz ebakuatua, erbestean zaildua, Gernika batailoiko kide bihurtua, Rotschildeko gazteluan itzultzaile lanetan aritua, Venezuelaraino heldu zen Arruti zerbitzu sekretuetako agente lanetan. «Rotschilden ranger formazioa jaso zuten osabak eta gainerakoek, garaiko gerra material onenekin. Pertsonak hiltzeko hamaika modu erakutsi zizkieten. Baita tokiak memorizatzen ere. Beren biziak emateko eta besterenak kentzeko prest zeuden, itxaropen baten alde», dio Gotzon Arrutiren iloba Txominek.
Duela laurogei urteko ametsa bete gabe hil zen Gotzon Arruti. Baita batailoiko gainerakoak ere, Franck Dolosorren esanetan: «Gerra Hotza sartu zen berehala, eta komunisten beldurra nagusitu zen. Franco ez zen hainbesteko arazoa Roosevelten ondoren ezarri zutenarentzat, Trumanentzat. Azkenean, bi hilabete eta erdi iraun zuen Rotschildekoak eta, hangoak bukatutakoan, berriz elkartu ziren Bordelen eta Baiona-Miarritzen». 1945eko irailaren 30ean desmobilizatu zituzten denak. 1947a arte mugaldeko mendietan bizi izan ziren haietako asko, ekintzarako agindu baten zain.
Jatorrizko artikuluak
-
Batailoi bat amets zapuztu
Amagoia Gurrutxaga Uranga |
|