Brebeta eta baxoa osoki euskaraz egitea ukatu diete

  • 212 hitz
  • Albistea entzun

Frantziako Hezkuntza Ministerioak baxoan irakasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu zuen abenduko zirkularrean. Bordeleko errektoreak, ordea, ez du horrekin bat egin. Jasotako erantzuna salatzeko, 1.500 lagunetik gora bildu ziren Baionan.

Otsailaren 4an bildu ziren Bordeleko akademiako errektorea eta Seaskako ordezkariak, eta erantzun irmoa jaso zuten: orain arte bezala jarraituko dute, eta Ipar Euskal Herriko ikasleek ezingo dituzte brebeta eta baxoa osoki euskaraz pasatu. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erabakia gaitzetsi du: «Hori ez zen batere espero genuen erantzuna. Azken hilabeteetan Parisera joan gara behin baino gehiagotan, eta seinale positiboak ematen zituzten».

Azterketak gero eta hurbilago egon arren, Jorajuriaren hitzetan, oraindik badago denbora probak euskaraz egitea antolatzeko: «Teknikoki ez dago arazorik; eskas den gauza bakarra nahikariacloseApeta da: errektoreak ez du nahikaririk; argi esan du ez duela aitzinamendurikcloseAurrerapausorik nahi».

Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra publikatu zuen abenduan, eta baxoan irakasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu zuen. Errektoreak, ordea, ez du horrekin bat egin, Jorajuriak azaldu duenez: «Errektoreak dio interpretazio desberdin bat egiten duela eta horrek ez digula eskubiderik irekitzen».

Horrelako erantzun bat jasota, ez daude geldirik egoteko, eta ikasleen eskubideak defendituko dituztela nabarmendu du: «Orain, Parisera begira arituko gara. Haurren eskubideen ukazio bat ez dugu uzten ahal errektorearen nahiaren eskuetan; beraz, gorago joanen gara, eta erantzunak lortuko ditugu, erantzun baikorrak».

«Parisera begira arituko gara. Haurren eskubideen ukazio bat ez dugu uzten ahal errektorearen nahiaren eskuetan».

Peio Jorajuria (Seaskako lehendakaria)

Soldata jaitsi diete aldarriarekin bat egin zuten irakasleei

Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Hala, berria jakin eta gutxira hainbat ikastolatako ikasleek eta kideek giza katea egin zuten Baionako geltokiaren eta suprefeturaren artean. Seaskak emandako datuen arabera, 1.500 lagun inguru batu ziren.

Mobilizazio horietan, azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea eskatzearekin batera, hainbat irakaslek aste honetan jaso dituzten zigorrak ere gaitzetsi zituzten. Hala esan du Jorajuriak: «Aste honetan ukan dugun erantzun bakarra zigorra izan da. Hori onartezina da». Izan ere, joan den ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta uko egin zioten frantsesez egindako brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari. Orain, soldata zati bat kendu diete.

Jatorrizko artikuluak