Cecilia Bayo: «Google erabat hedatuta dago hezkuntza sisteman»

  • Albistea entzun

Katalunian digitalizazio demokratikoaren aldeko Xnet kolektiboarekin lan egiten duen guraso sareko kide da Cecilia Bayo (Bartzelona, 1975). Iruditzen zaie ikasgelen digitalizazio prozesuak berme batzuk bete behar dituela, eta kezkatuta daude negozioa helburu duen multinazional bat sartu delako hezkuntza sisteman.

Zerk eraman zintuen gai honetaz kezkatzen hastera?

Pizgailua, guretzat, eskolatik bidali ziguten paper bat izan zen, haurrek Googleren tresna bat erabiltzeko baimena eskatzen ziguna. Hezkuntza Departamentuak ematen dituen paper estandar horietako bat zen, eskolek deskargatu, inprimatu eta familiei bidaltzen dizkienetakoa. 

Paperean ez zen inolako azalpenik ematen: ez zer tresna erabiliko zituzten, ez zer egingo zuten datuekin... Eta galdetzea erabaki genuen. Zenbait familia elkartu ginen, eta, pixka bat ikertuta, jakin genuen inguruko zentroetan ere gauza bera gertatzen ari zela. Hau da, Google erabat hedatuta zegoela hezkuntza sistema publikoan. 

Eskolako zuzendaritzara jo zenuten lehenik. Zer esan zizuen?

Harritu egin ziren, zentroak bere buruari egin ez zizkion galderak genituelako. Are, esan ziguten Hezkuntza Departamentuak etengabe gonbidatzen zituela zerbitzu horiek erabiltzera, eta irakasleei formakuntzak eskaintzen zizkiela Googleren G Suite programa paketea ezagutzeko [orain Google Workspace du izena]. 

Zertarako osatu duzue Xnet kolektiboa? Zer eskaera egin diozue Kataluniako Hezkuntza Departamentuari?

Iruditzen zitzaigun ikasgelen digitalizazio prozesuak berme batzuk bete behar dituela, eskubide digitalen eta datu subiranotasunaren alorretan eta adingabeen pribatutasunean. Etxean erabakitzen bada haurrak sakelakoa izan eta bere datuak entregatu ditzakeela, ados, baina hezkuntza sistema publikoak ezin du hori modu estruktural eta masiboan egin. Uste dugu ez dela egokia negozioa publizitatean oinarritzen duten enpresa multinazionalen esku egotea gure eskolen azpiegitura digitala, eta hori aldatzeko eskatu genion Hezkuntza Departamentuari.

«Etxean erabakitzen bada haurrak sakelakoa izan eta bere datuak entregatu ditzakeela, ados, baina hezkuntza sistema publikoak ezin du hori egin».

Cecilia Bayo (Xnet kolektiboa)

Hainbat bilera izan zenituzten, baina jasotako erantzuna ez da izan espero zenutena, ezta?

Hasierako erreakzioa ona izan zen. Haiek ere harritu ziren gaiarekin, eta interesa zutela zirudien, edo behintzat antzeztu egiten zuten. Baina, Google seinalatzen genuela ikusi zutenean, erne jarri ziren, Hezkuntza Departamentuak aurretik hitzarmen bat sinatu zuelako enpresarekin, eta aspalditik daudelako harremanetan. Dena den, iazko uztailean konpromiso bat hartu zuten, idatziz, datuen subiranotasuna eta adingabeen pribatutasuna errespetatuko zituzten digitalizazio ereduetan sakontzeko. Baina hortik gutxira aurkeztu zuten Hezkuntza Digitalerako Planak justu kontrakoa egin zuen. Eskolak Googleren menpe utzi zituen, eta guri geratu zitzaigun sentsazioa da entretenitu egin gintuztela, hura iritsi bitartean presio mediatikorik ez egiteko.

«Programa pilotu bat garatu dugu, eskoletan behar diren tresna guztiak kode irekian eta modu erabilgarrian eskaintzen dituena».

Cecilia Bayo (Xnet kolektiboa)

Eskoletan erabiltzeko moduko programa bat ere landu duzue.

Programa pilotu bat garatu dugu, eskoletan behar diren tresna guztiak kode irekian eta modu erabilgarrian eskaintzen dituena. Eta, Bartzelonako Udalaren laguntzarekin, dagoeneko hiru zentrotan martxan jartzea lortu dugu.

Jatorrizko artikuluak