Iratxe Esnaola: «Googlek umeen datuak lehengaitzat ditu, bere balioa handitzeko»

  • Albistea entzun

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza teknopedagogikorako aurkeztutako plana burujabetza digitalaren aurkako norabidean doala irizten dio Iratxe Esnaolak (Zarautz, Gipuzkoa, 1981), eta «eskandalutzat» jo du hezkuntzan multinazionalen alde egitea: «Norabidea aldatu behar da». Software librea «sutsuki» defendatu du.

Hezkuntza teknopedagogikorako jauzia iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Zer deritzozu?

Oso nabarmena da Hezkuntza Sailak modu aktiboan eta pasiboan Google, Windows eta gisako multinazionalen produktuen eta zerbitzuen alde egiten duela. Eskandalu bat da. Planak hitz egiten du jarraibide metodologikoak diseinatu beharraz eta etapa guztietan teknologia nola txertatu behar den adierazi beharraz, ikasleak konpetenteak izan daitezen, baina ez du jarraibiderik ematen. Oraindik ez daukagu tresna digitalen integrazio pedagogikorako inongo markorik.

Eta zer norabidetatik jotzen du apirilean onartu zen hezkuntza akordioak?

Kontrako norabidean doa. Akordioak ikasleak digitalki ahalduntzeaz hitz egiten du. Konpetentzia baino gehiago da: boteretzea, erabakiak hartzeko gai izatea, kontrola izatea. Esaten du tresna libreak, auditoria egiteko modukoak eta gardenak erabiliz egin behar dela, eta digitalizazioa etikoa, arduratsua... izango dela. Hezkuntza akordioak markatzen du hezkuntza sistema publikoak ardura publikotik hartu beharko lukeen norabidea, burujabetza teknologiko eta digitalerantz. Googlerekin sinatutako ituna [apirilaren 11n] eta aurkeztu den plana ez doaz norabide horretan.

«Hezkuntza akordioak markatzen du hezkuntza sistema publikoak ardura publikotik hartu beharko lukeen norabidea (...). Googlerekin sinatutako ituna eta aurkeztu den plana ez doaz norabide horretan».

Iratxe Esnaola (informatika-ingeniaria)

Software librearen alde zaude.

Bai. Hezkuntza akordioak ere horretaz hitz egiten du. Burujabetza teknologikorako bidean, ezinbestekoa da tresna libreak, software librea, hardware librea eta auditoria bidez aztertzeko moduko tresnak erabiltzea. Googlerekin egindako hitzarmena aztertuta, esaten da datuak ez direla saltzen, eta sinis dezakegu, baina haien esku daude. Arduragabekeria hutsa iruditzen zait bide honetatik jarraitzea, eta horregatik egiten dut sutsuki software librearen alde.

Zer arrisku ditu ikasleen datuak multinazionalen esku uzteak?

Hitzarmenak Europako datuen babeserako legea betetzen du, ez ditu datuak saltzen... Kontua da prozesu horiek ez direla gardenak, eta inork ezin du ikusi zer egiten duen. Datuak haren esku daude. Beharbada ez ditu salduko, ez du ezer txarrik egingo, baina gutxien-gutxienez produktu eta zerbitzuak hobetzeko erabiliko ditu, inteligentzia artifizialeko makinak entrenatzeko. Googlek, hezkuntza sisteman sartuta, lehengaia dauka bere sistemak hobetzeko: umeen datuak erabiliko ditu bere produktuak eta zerbitzuak hobetzeko; hortaz, lehengai bat dira, Googlek bere sistema hobetzeko eta bere balioa handitzeko.

«Ez dago zertan tresna digitalak ahalik eta azkarren sartu, ez baitago ebidentzia zientifikorik hori sostengatzen duenik».

Iratxe Esnaola (informatika-ingeniaria)

Digitalizazioari dagokionez, nolakoa imajinatzen duzu eskola bat hemendik 30 urtera?

Hezkuntzaren digitalizazioa progresioarekin lotu da, eta ezinbestean digitalizatu behar dela ulertu. Gustatuko litzaidake hurrengo hamar urteetarako gutxienez aztertzea, eta agian arlo batzuetan atzerapausoak ematea; alegia, ez dago zertan tresna digitalak ahalik eta azkarren sartu, ez baitago ebidentzia zientifikorik hori sostengatzen duenik. Uste dut hemendik 30 urterako jendartea ere teknologiak erabat zeharkatuko duela, eta hor bizitzeko ahaldunduak egon beharko lukete; gaur egun, ez da hala.

Jatorrizko artikuluak