Indarrez itxia

  • Albistea entzun

2003ko otsailaren 20ean itxi zuten indarrez Euskaldunon Egunkaria. Berripaper hura itxi, eta hamar lagun atxilotu zituzten, eta horietako asko torturatu egin zituzten poliziek. Gero, absolbitu egin zituzten guztiak.

'Egunkaria auziaren' kronologia labur bat

2003/02/20: Guardia Zibila Martin Ugalde kultur parkean sartu, erredakzioa itxi, eta Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Peio Zubiria, Luis Goia, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi atxilotu zituen. Egun hartan kaleratu zen Euskaldunon Egunkaria-ren azken zenbakia.

Egunkaria-ren egoitzak itxita eduki arren, langileek Egunero egunkaria argitaratu zuten biharamunean. 2003ko ekainaren 20an atera zen Egunero-ren azken zenbakia; ordutik, BERRIA egunkaria argitaratzen da.

2003/02/22: Milaka pertsonak manifestazio ikaragarri jendetsua egin zuten Donostian, «Egunkaria aurrera, euskarari bai!» lelopean.

Euskaldunon Egunkariaren itxieraren osteko manifestazioa, Donostian. JON URBE /ARGAZKI PRESS

2003/02/25: Atxiloalditik irten berritan, atxilotuek jasandako torturak eta tratu txarrak salatu zituen Martxelo Otamendik kameren aurrean.


2006/12/14: Fiskaltzak, ordura arteko jarrera aldatu, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen, frogarik ez zegoela argudiatuz.

2007/05/07: Espainiako Auzitegi Nazionalak auziarekin jarraitzea erabaki zuen, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia taldeen akusazioak aintzat hartuz.

2009/12/15: Epaiketaren hasiera. Bost lagun eseri ziren, azkenik, aulkian: Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga.

Akusatuak Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketaren lehen egunean. BERRIA

2010/04/12: Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu zuen Otamendi, Uria, Torrealdai, Auzmendi eta Oleaga errugabe zirela; akusazioen argudioak gogor kritikatu zituen, eta ETArekiko lotura ukatu. Baina auzi ekonomikoak aurrera segitu zuen.

Absoluzioa eman ostean, euskal gizarteari eskerrak emateko ekitaldia egin zuten Bilboko Euskalduna jauregian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

2012/09/16: Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen Otamendiren tortura salaketa eraginkortasunez ez ikertzeagatik.

2014/06/04: Epaileak auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen, ustezko delituak preskribatuta zeudelako.

Jatorrizko artikuluak