Euskarari eguneroko prentsa eman ziotenekoa

  • Albistea entzun

Abenduaren 6an kaleratu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia, 1990ean. Orduko langile batzuek zailtasunak, ezinak eta nahigabeak kontatu dizkiote BERRIAri, baina baita zeukaten ilusioa ere. Haien esfortzuarekin egin zuen aurrera proiektuak: «Jendea bere bizitzan zuen guztia ematera zihoan».

Ez zen lan makala izan 1990eko abenduaren 6 hartako zenbakira iristeko egindakoa. Hamarkada batez onducloseGaratu, hobetu.tako ideia azken urtean finkatu zuten. Iñaki Uria lehen zuzendariordeak argi du zein izan zen gakoa Euskaldunon Egunkaria kioskoetan egon zedin: «Orduan, giroa zen: ezin da, ez dago kazetaririk, ez dago irakurlerik, ez dago dirurik... Momentu batean, esan genuen: 'Egitera goaz'».

Argia-ko hainbat langilek izan zuten ekimena, eta euskalgintzako kide esanguratsu batzuk ere batu ziren. Egunkaria Sortzen taldea osatu zuten, eta kanpaina abiatu, herritarrak kontzientziatzeko eta dirua lortzeko. Herriz herri, festa egunak antolatu zituzten, eta kanpaina bukaerako jaialdi handi bat egin zuten Donostiako Belodromoan. Hantxe aurkeztu zuten zero zenbakia. Josu Landa arduratu zen produkzioaz lehen hilabeteetan, eta zenbaki hura ez dauka ahazteko: «Gehiago gogoratzen dut zero zenbaki hura, hemen [Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) egoitzan] egindako lehen zenbakia baino».

Herritarren babesa jaso arren, erresistentziak eta errezelocloseSusmo.ak ere ez ziren falta izan. Eusko Jaurlaritzaren «oztopoak» azpimarratu dituzte. Uriak azaldu du nagusia: «Durangon atera zuten beste egunkari instituzional bat, kontrajarria». Egunkaria-ri «kalte egiteko» proiektutzat dauka: «Ez zeukan ibilbiderik». Landaren eta Uriaren iritziz, Jaurlaritzak uste zuen ez zutela aurrera egingo. «Prentsaurreko bat eman zuten, proiektu hori ateratzera zihoazela esateko. Joan nintzen, eta galdetu nien: 'Badakizue bihar aterako dela Egunkaria?', eta 'hori zuek esaten duzue' zioten». Haiek esaten zuten gurea agitazioa eta propaganda zela», nabarmendu du Uriak. 1994ra arte ez zuten hitzarmenik sinatu Euskaldunon Egunkaria-k eta Eusko Jaurlaritzak. 

Eusko Jaurlaritzak jarri zizkien «oztopoak» azpimarratu ditu Iñaki Uria 'Euskaldunon Egunkaria'-ko lehen zuzendariordeak: «Durangon atera zuten beste egunkari instituzional bat, kontrajarria».

Egunkaria-k aurrera egitea lortu zuen, ordea. Lantaldea ere sortu zuten, eta frogatu zuten gai zirela egunkari bat euskaraz ateratzeko: «Demostratu genuen bazeudela kazetariak, eta, gainera, oso onak», ziurtatu du Uriak. Talde horretan zeuden, besteak beste, Uriaz eta Landaz gain, Jose Luis Aizpuru, Maite Arregi, Ana Unanue, Pantxike Agirre, Beatriz Zabalondo, Maixa Olano, Jon Barandiaran eta Eba Arratibel.

Berehala iritsi zen egun erabakigarria: abenduaren 5a. Biharamunean kioskoetan egon behar zuen Euskaldunon Egunkaria-k. «Gogoan daukadan bakarra tentsio handia da», nabarmendu du erredakzioko idazkari Maite Arregik. Behin lanak amaituta, ospatzeko tarte txiki bat hartu zutela azaldu du agendako langile Jose Luis Aizpuruk: «Gogoratzen naizena da Txillardegik kaxa bat xanpain ekarri zuela». Gero, Egin-en errotatibara joan ziren batzuk [hango errotatiban inprimatzen zuten Euskaldunon Egunkaria], emaitza ikustera; besteek, ordea, etxerako bidea hartu zuten, Beatriz Zabalondo zuzentzaileak esaterako: «Gogoratzen naiz lana, lana eta lana, eta bukatu zenean ez nintzela joan ere egin errotatibara. Geratu zitzaidan ideia zera zen, 'eta hau berriz bihar?'». «Zaila» iruditzen zitzaion erritmo hori luzaroan mantentzea.

«Gogoratzen naiz lana, lana eta lana, eta bukatu zenean [1990ko abenduaren 5ean] ez nintzela joan ere egin errotatibara. Geratu zitzaidan ideia zera zen, 'eta hau berriz bihar?'».

Beatriz Zabalondo ('Euskaldunon Egunkaria'-ko euskara zuzentzailea)

Baldintza zailetan, eusten

Baina eutsi zioten. 1990eko abenduaren 6an, kalean zen Euskaldunon Egunkaria, eta iritsi ziren abenduaren 7a, 8a, 9a... Lanean segitu behar zuten. Lehen urte haietako baldintzak ez ziren errazak, nabarmendu dutenez. «Urtebete eta piko egin genuen larunbatero lan eginez; igandeetan bakarrik izaten genuen jai», azaldu du Arregik. Oporrak ere, gutxi: «Hamabost egunekoak soilik izan genituen hasieran», azpimarratu du Aizpuruk. Eta egunak, bete-beteak. Hala dio Zabalondok: «10:00etarako sartzen ginen, eta 22:00etan alde egiten genuen». Tentsioak, zenbaitetan, haserreak ere sortzen zituen, Landaren hitzetan: «Jendeak oso argi zeukan zein zen helburua, eta hori lortzeko gure artean haserretu behar bagenuen, haserretuko ginen». Aizpuruk dio tentsioa askatzeko bazutela erremedioa: «Parranda asko egiten genuen».

«Jendeak oso argi zeukan zein zen helburua, eta, hori lortzeko gure artean haserretu behar bagenuen, haserretuko ginen». 

Josu Landa ('Euskaldunon Egunkaria'-ko produkzio arduraduna)

Internetik ez, sakelakorik ere ez, hala moduzko ordenagailuak... 32 urte  geroago, zaila da imajinatzen nola egiten zen lan egunkari batean. Ana Unanue Iruñeko ordezkaritzako kazetariak eta Lasarte-Orian aritzen zen Pantxike Agirre kazetariak kontatu dute telefono kabinetatik deituta kontatu behar izaten zituztela, orduaren arabera, manifestazioak, prentsaurrekoak... Testuak ordezkaritzetatik egoitza nagusira bidaltzea bera ere ez zen erraza, bi ordenagailuek aldi berean konektatuta egon behar baitzuten. Batzuetan arazoak izaten zituztela azaldu du Unanuek: «Txantxetan esaten genuen: 'Irurtzunen geldituko zen testua'».

«Naziogintza oinarrizkoa zen, eta horretarako egin behar zen esfortzu guztia».

Jose Luis Aizpuru ('Euskaldunon Egunkaria'-ko kazetaria)

Albisteak ez ezik, bestelako zerbitzuen gaineko informazioa ere ematen zuten Agenda sailean: telebistako programazioa, zinemakoa, kultur ekitaldiena, eguraldia... Aizpuru aritzen zen osatzen, eta azpimarratu du naziogintzari garrantzi handia ematen ziotela: «Naziogintza oinarrizkoa zen, eta horretarako egin behar zen esfortzu guztia». Batez ere, Ipar Euskal Herriko informazioa lortzea kostatzen zitzaien. Telebistaren programazioa jasotzeko, esaterako, autobusez bidaltzen zieten aldizkaria, edo mezulariak Donostiako kiosko batean erosten zuen. Agenda horrek bazuen protagonista bat: horoskopoa. Uxue Agirreren izenean idazten zuten Bilboko pisu batean bizi ziren ikasle batzuek. Aizpururen arabera, dei bat baino gehiago izan zituzten esanez harekin hitz egin nahi zutela. Arregik bat gogoratzen du bereziki: «Deitu zuen esanez beti txarra ateratzen zitzaiola, eta mesedez aldatzeko, bere bizitzan eragina zeukala. Zenbat barre egin genuen horrekin».

Nola idatzi behar zen 'Txernobyl'?

Testuak idazteaz gain, zuzendu ere egin behar ziren. Horretan aritzen ziren Beatriz Zabalondo eta Jose Luis Aranguren Txiliku, baina lan karga ikusita, laster bildu ziren taldera beste hiru bat lagun. «Gogoratu behar da orduan euskara batua nola zegoen: gramatika oraindik osatu gabe, eta UZEIren hiztegiak hasita zeuden, baina kimikakoa, zuzenbidekoa eta erlijiokoa bakarrik zeuden», azaldu du Zabalondok. Egunkaria-k egindako ekarpena nabarmendu dute Zabalondok eta Landak, esaterako, atzerriko hitzak euskaraz emateko. Nola idatzi behar zuten Txernobyl edo Azerbaijan? Zabalondok azaldu duenez, inguruko sarera jotzen zuten zalantzei erantzuteko: «Deitzen nion diputazioko itzultzaileari Gipuzkoara edo Bizkaira, Hernaniko euskara teknikariari...». «Presazkoak» zirenak horrela konpontzen zituzten batzuetan.

Zabalondok argi du euskararen normalizazioan eta estandarizazioan lanik handiena estilo liburuak egin duela. Landa izan zen 1990eko uztailerako egin zutenaren sortzaileetako bat. Euskararen aldetik finkatzeko asko zegoela iruditzen zaio, baina baita kazetaritza hizkeran ere: «Gauza bat literatura da, eta beste bat, kazetaritza». Zabalondoren irudiko, zuzentzaileentzat ere baliagarria izan zen: «Kazetariari esaten genion: 'Etxe honetan, estilo liburu bat dago, eta estilo liburu horretan hau jartzen du: bete egin behar duzu'».

«Orriak osorik ateratzen ziren, baina itsatsi egin behar izaten zitzaizkien data eta zenbakia zeramatzan zintillo moduko bat, eta irudi guztiak».

Eba Arratibel ('Euskaldunon Egunkaria'-ko muntatzailea)

Sarri, kazetariaren lana da bistakoa, baina ondoan ditu funtsezko beste hainbat langile; tartean, maketatzaileak. Maixa Olano horretan aritzen zen. Tipometroarekin —erregela berezi bat— kalkulatzen zuten zenbat karaktereko testuak idatzi behar zituzten kazetariek, eta argazkiak eta publizitateak kokatzen zituzten. Kazetariek monitore batean idazten zuten, eta, gero, produkzioko langileen esku geratzen zen testu hura hurrengo egunkariko orrietan ateratzeko egin beharrekoa. Fotolito —plastiko garden moduko bat— bihurtzen zituzten orriaren elementuak, eta horiek elkartzen aritzen zen Eba Arratibel, muntatze mahaian. Zuloa deitzen zioten leku batean bihurtzen zituzten paperezko argazkiak fotolito. Haiek itsastea eta moztea zen haren lana: «Orriak osorik ateratzen ziren, baina itsatsi egin behar izaten zitzaizkien data eta zenbakia zeramatzan zintillocloseZinta. moduko bat, eta irudi guztiak». «Eskulana» zela adierazi du, eta ez du ahaztu eskuetan kuterrarekin ebakiak egiten zituztela batzuetan. AstraloiacloseMuntaketa mahaia.n jartzen zituzten orriak launaka, eta plantxacloseInprimatzen jartzeko euskarria. bihurtzen zituzten. Hor bukatzen zuten Lasarte-Oriako egoitzako lana. Azken pausoa falta zen: plantxak Egin-en errotatibara eramatea.

«Asko bizi nuen, eta esaten nuen: 'Hau ez da lagunarteko gauza bat, ezta bihar galduko den gauza bat ere. Agian, galduko da gaizki gabiltzalako edo ez digutelako laguntzen, baina hau gauza inportante bat da herri baten historian'».

Beatriz Zabalondo ('Euskaldunon Egunkaria'-ko euskara zuzentzailea)

Egunkaria-k langileen esfortzuarekin lortu zuen irautea, Landak ziurtatu duenez: «Ez ditut gogoan orduko datu ekonomikoak, zenbat kobratzen genuen edo kobratzen ote genuen ere. Halere, jendea bere bizitzan zuen guztia bertan ematera zihoan». Zabalondoren hitzetan, bazekiten zerbait handia egiten ari zirela: «Asko bizi nuen, eta esaten nuen: 'Hau ez da lagunarteko gauza bat, ezta bihar galduko den gauza bat ere. Agian, galduko da gaizki gabiltzalako edo ez digutelako laguntzen, baina hau gauza inportante bat da herri baten historian'».

Jatorrizko artikuluak