Errusiak Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko hitzarmenak sinatu ditu Putinek

  • 241 hitz
  • Albistea entzun

Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk eskualdeek Errusiako Federazioarekin bat egin dute ofizialki. Kievek esana dauka ahaleginduko dela horiek militarki berreskuratzen, eta, gainera, Zelenski presidenteak iragarri du eskaera egingo dutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko.

Otsailean Donetskekin eta Luhanskekin egin moduan, irailaren 29an Zaporizhiaren eta Khersonen independentzia aitortu zuen Putinek. «Errusiak beste lau eskualde ditu», nabarmendu zuen. Kremlineko maizterraren arabera, herritarrek «aukeratu» zuten Errusiako Federazioarekin bat egitea, «erreferendumetan» bozkatu ondoren. 

Moskuk hauspotu zituen galdeketa horiek, ikusi zuenean Ukrainaren kontraeraso militarra areagotzen ari dela herrialdearen ekialdean eta hegoaldean. 

Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken, %98k; Zaporizhian, %93k, eta Khersonen, %87k. Ukrainaren azaleraren %15 inguru anexionatuko du Errusiak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan indarrez egindako anexiorik handiena da.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan indarrez egindako anexiorik handiena da.

Baina Mendebaldeak ez die zilegitasunik ematen, argudiatuta nazioarteko zuzenbidea urratu dutela galdeketekin. Moskuren aliatu batzuek, gainera, kasurako Serbiak eta Kazakhstanek, ez dituzte anexioak aitortuko, eta Txinak ez ditu begi onez ikusten.

Gerran jarraitzeko erabakiak

Gerran jarraitzeko erabakiak eta adierazpenak izan dira azken egunetakoak. Izan ere, Kremlinen erabakiaren ondoren, Volodimir Zelenski presidenteak iragarri zuen eskaera egingo dutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko, horretarako urgentziazko prozedura erabilita. Hain zuzen, otsailean inbasioa hasi aurretik, Putinek esaten zuen hori zela egoera areago ez gaiztotzeko gurutzatu ezin ziren marra gorrietako bat: Ukraina Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzea.

Errusiak arma nuklearrak erabili ahalko ditu eremu hori defendatzeko. Putinek ohartarazi zuen «baliabide guztiak» erabiliko dituela herrialdea babesteko.

Behin lurralde horiek anexionatuta, Errusiak arma nuklearrak erabili ahalko ditu eremu hori defendatzeko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi zuen «baliabide guztiak» erabiliko dituela herrialdea babesteko, haren «lurralde osotasuna mehatxupean» baldin bada. «Ez da ahoberokeria», gaineratu zuen.

Jatorrizko artikuluak