Ukraina ekialdeko erreferendumek beste fase batera eraman dute gerra

Lurrak anexionatuz gero, Moskuk bere legeen babesa izango luke eremua arma nuklearrekin defendatzeko. Errusiako Poliziak 740 lagunetik gora atxilotu ditu gerraren kontrako protestetan

Luhanskeko (Ukraina) herritar bat, Errusiara anexionatu ala ez erabakitzeko erreferendumean bozkatzen. STRINGER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainaren kontrako gerra hasi zuenetik zazpi hilabetera —otsailaren 24an ekin zion erasoari—, beste fase batean sartu da gatazka. Moskuk okupatuak dituen lurrak anexionatzeko urratsa egin du, Ukraina ekialdeko lau eskualdetan babestu dituen erreferendumekin. Bozketa horietan, herritarrei galdetu diete beren eskualdea Errusiako Federazioaren parte bihurtzea nahi duten ala ez. Emaitza baiezkoa bada, eta Errusiak eskualde horien anexioa gauzatzen badu, gatazkak jauzi kualitatibo bat egingo du, zeren Kremlinek, bere legediaren arabera, arma nuklearrak erabili ahalko baititu eremu hori defendatzeko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak asteazkenean ohartarazi zuen «baliabide guztiak» erabiliko dituela herrialdea babesteko, haren «lurralde osotasuna mehatxupean» baldin bada. «Ez da ahoberokeria», gaineratu zuen.

Putinen hitzak aintzat hartu beharrekoak direla uste du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak. «Norbaitek ahoberokerietan ez dabilela dioenean, serio hartu behar duzu», adierazi zuen atzo. «Egiazki, une arriskutsu batean gaude». Konponbide negoziatu baten alde agertu zen, baina Ukrainaren lurralde osotasuna errespetatuta.

Errusiarekin bat egiteko bozketa ostiralean hasi zuten Ukraina ekialdeko Zaporizhia eta Kherson eskualdeetan, eta Donetsk eta Luhansk herri errepubliketan. Astearte gauera arte iraungo du botoa emateko epeak. Errusiaren kontrolpeko eremuetan, Moskuren aldeko agintariek adierazi dute herritarrek bozkatzeko aukera izan dutela erreferendumen lehen bi egunetan, nahiz eta salatu duten Kievek zibilen kontrako bonbardaketak egin dituela, galdeketa zapuzte aldera. Horien esanetan, erreferenduma bermatzeko segurtasun neurriak eraginkorrak dira, eta nazioarteko begiraleak bozketa ikuskatzen ari dira. Kremlinek esana du eskualde horietako herritarren autodeterminaziorako eskubidea babestuko duela.

«Antzerki hutsa»

Kherson eskualdeko presidenteorde Juri Sobolevskik atzo salatu zuen erreferendumak «antzerki hutsa» direla. Errusiako militarrak, haren arabera, bozkatzera behartzen ari dira biztanleak. «Boto emaileen ehizan dabiltza, eta herritarrak izkin egiten saiatzen dira».

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere erreferendumak «iruzur bat» direla nabarmendu zuen herenegun gauean egin zuen hitzaldi batean. Ziurtzat jo zuen «munduak» ez dituela emaitzak onartuko. «Gaitzetsi egingo ditu, inolako zalantzarik gabe».

Joe Biden AEBetako presidenteak herenegun adierazi zuen Washingtonek ez duela «sekula ere» aitortuko «Ukrainako lurraldea» beste estatu baten parte bihurtzea. «Errusiaren erreferendumak iruzur hutsa dira, Ukrainako zati batzuk indarrez eta nazioarteko zuzenbidea urratuz anexionatzeko aitzakia». Errusiaren kontrako zigor ekonomiko gehiago iragarri zituen Bidenek, eta EBko estatu kideek zigorren gogortzea aztertuko dute bihar egitekoa duten bileran.

Txinak, Errusiaren aliatu nagusiak, ez die aipamen zuzenik egin Moskuk babestu dituen galdeketei, baina Wang Yi Atzerri ministroak Pekinen jarrera zein den azaldu zion joan den ostegunean Dimitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroari, elkarrekin egin zuten bileran. Wangek lau puntutan laburbildu zituen Txinaren eskariak: estatuen lurralde-osotasun printzipioa defendatzea, Nazio Batuen Agiria errespetatzea, estatuen segurtasun kezka zilegiak aintzat hartzea, eta krisiaren konponbide baketsu baterako ahalegin oro babestea. Pekinek gatazka konpontzeko «jarrera eraikitzailea» izango duela gaineratu zuen Wangek.

Bestalde, Errusian, protestak piztu ziren atzo gobernuak beste 300.000 herritar gerra fronteradeitu ondoren. Poliziak 740 lagunetik gora atxilotu zituen, 30 hiritan, OVD-Info gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Ostegunean ere protestak izan ziren, eta 1.400 herritar baino gehiago atxilotuzituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.