Amaia Nausia: «Esan digute emakumeok ez garela izan historiaren protagonistak»

Emakumeak erdigunean jarri, eta haien bizimoduaz mintzo da Amaia Nausia historialaria (Iruñea, 1982). Begirada androzentrikoaren kontra, feminismoa txertatzen du historian. Besteak beste, emakumeen egoeraz, jokabideaz eta bizirik irauteko erabili izan dituzten baliabideez mintzo da.

Noaingo batailari buruz, adibidez, zergatik bereizten dituzu borrokatu eta gudukatu hitzak? 

Hasteko, historiografia normalean oso androzentrikoa delako. Historialariek beti garrantzia eman diete gizonezkoak protagonistak izan diren eremu horiei; bat gerra da. Haiek ziren protagonista nagusiak, arma fisikoak haiek hartzen zituztelako, baina badaude beste arma sinboliko batzuk eta borrokatzeko beste modu batzuk.

Esan digute ez garela izan historiaren protagonistak, eta hori uste dugu oraindik. Lau erregina eta lau salbuespen kenduta, ez dago emakumeen izen propiorik.

Beraz, nora zuzendu behar da begirada?

Egunerokora eta erresistentzia espazio txikietara; etxean, lurrak kudeatzen, ekonomia kudeatzen, lan munduan... protagonistak izan ziren emakumeak, baina itzaleko protagonistak; gainera, oso garai gogorrean. Europan, Aro Modernoaren eta estatu modernoaren eraikuntzan, oso bortitza izan zen emakumeen kontrako zapalkuntza.

«Europan, Aro Modernoaren eta estatu modernoaren eraikuntzan, oso bortitza izan zen emakumeen kontrako zapalkuntza».

Amaia Nausia (historialaria)

Arreta egunerokoan jarriz gero, hainbat erresistentzia adibide ikus daitezke. Zeintzuk?

Sorginkeria salaketen kasua, adibidez. Estatu modernoak diziplina oso bortitza erabili zuen emakume jakin batzuen kontra: besteak beste, alargunak, adinekoak... eta, askotan, medikuntzarekin zerikusia zuten emakumeak izaten ziren. Estatu modernoaren obsesioa emakumeak ama izatea zen; beraz, emakumeok doktrinatu egiten gintuzten ama izateko. Garai hartan, ez zegoen bekatu handiagorik abortatzea baino. Hortaz, emaginek laguntzen zituzten emakumeak haurrak ekartzen, baina baita abortatzen eta haurdun ez gelditzen ere.

Nola aipatu izan dira emakumeak historian?

Oso modu ezkorrean beti. Gizarte patriarkala sortu zenetik, emakumeen irudia ezkorra da: gaitz guztien iturritzat hartzen gaituzte. Sokratesek esaten zuen emakumea gaitz guztien iturria dela.

Emakumeen menpekotasuna justifikatzeko, esaten dute intelektualki eta biologikoki ahulagoak garela. Horrez gain, esaten dute sistemarentzat arriskutsuak garela, baldin eta gure rola betetzen ez badugu.

Kontakizun horrek nola eragin dio gaur egungo historiari?

Historiografia androzentrikoak zera lortu du: emakumeok ez izatea gure iraganaren kontzientziarik. Hori ere emakumeen kontrako indarkeria modu bat da. Guri ukatu egin zaigu gure iragana, gure historia. Sinetsarazi zaigu ez dugula historiarik egin, eta hori emakumeen eginkizuna gutxiestea da. Gainera, esango nuke ez duela erraztu kontzientzia feminista hartzea, zuk uste baituzu zure rolak ez duela garrantzirik izan historian, eta ez baituzu erreferenterik. 

«Sinetsarazi zaigu ez dugula historiarik egin, eta hori emakumeen eginkizuna gutxiestea da».

Amaia Nausia (historialaria)

Erreferenteak bilatzeko orduan, non jarri behar da arreta?

Emakume nabarmenak bilatzen tematu eta arreta horretan jarri beharrean, nik emakume arruntetan jarriko nuke indarra. Emakume gudariek igual ez dute gure erreferenteak izan behar; igual kaleko emakume arruntek izan behar dute gure erreferenteak. 

Asko sinplifikatzen da esaten dugunean sorginen alabak garela, baina egia da agian berreskuratu beharko genukeela emakume horien memoria, eta aldarrikatu zer emakumeri jazarri zitzaizkien eta zergatik.

Zer aitortza egin zaie emakume eta gizon kategoria binarioetatik ateratzen direnei?

Oso txikia. Oso isilduak egon dira. Adibideak badaude, baina oso zigortuak izan dira. Zigorren ondorioz ezagutzen ditugu haien bizitzak. Emakumeei dagokienez, lerro artean irakurri behar duzu jakiteko nolakoa zen haien bizitza, eta horrelako kasuak ezagutzeko, berriz, ez dakit zenbatgarren lerroan irakurri behar duzun.

Jatorrizko artikuluak