Euskaldunik zoriontsuena

  • 345 hitz
  • Albistea entzun

Xabier Amuriza bertsolariak, Bernart Etxeparek 1545ean idatzitako 'Linguae Vasconum Primitiae' euskara batura ekarri, eta egungo errima eta neurrietara moldatu du, 'Etxepare. Jalgi hadi batura' liburuan.

Xabier Amurizaren hitzetan, «kontzientzia argia», «indartsua» eta are «euforikoa» suma daiteke Bernart Etxeparek 1545ean Linguae Vasconum Primitiae libururako idatzitako testuetan, eta horregatik dio Etxepare izan dela «munduko euskaldunik zoriontsuena». «Haren bizipenak neure gogoan berritzen saiatzen naizenean ezin da egiazki berritu, baina hurbiltzen naiz, emoziozko deskarga batek korritzen du nire izate guztia». Eta, Amurizak azaldu duenez, haren lanean murgiltzeak «bigarren euskaldunik zoriontsuena» bilakatu du bera.

Euskara batura ekarri du, batetik, eta egungo errima eta bertso moldeetara egokitu, bestetik. Etxepare. Jalgi hadi batura izenez argitaratu du orain Amurizak berak, eta itzulpenaren eta bertsioaren arteko zerbait da emaitza, dioenez.

«Argi dago Etxeparek ez zeukala errima sistema garatu bat», azaldu du bertsolariak. «Neurrian nahiko zuzena da, baina hor ere, gaurko ikuspegitik, libertate handiak daude». Argitaratu berri duen liburuko hitzaurrean dioenez, teknika oso oinarrizkoa zuen Etxeparek bere testuetan, eta hori kontuan harturik erabaki zuen itzulpen soila egin beharrean «interesgarriagoa» zela «bertsio-itzulpen bat» egitea. 

Teknika oso oinarrizkoa zuen Etxeparek bere testuetan, eta hori kontuan harturik erabaki zuen itzulpen soila egin beharrean «interesgarriagoa» zela «bertsio-itzulpen bat» egitea. 
Idazle bainoago koblakari

Edonola ere, moldaketa guztiak erraz identifikatzeko modua izango du irakurleak, ezkerreko orrietan topatuko baitu jatorrizko testua, eta eskuinekoetan Amurizaren bertsioa.

Kontrapas izeneko bertso ezagunak izan daitezke Amurizak egindako moldaketa azaltzeko adibidea. Bertso lerroak, grafia, puntuazioa, hiztegia eta errima moldatu baititu egokitzapena egiteko orduan. «Heuscara ialgui adi campora», dio jatorrizko bertsioak, esaterako, eta bi lerrotan banatu du hori Amurizak. «Euskara!/ Jalgi hadi kanpora!». Eta jarraitzen du gero. «Garacico herria/ Benedica dadila/ Heuscarari eman dio/ Behar duyen thornuya». Eta moldatuta alboan. «Garaziko herria/ benedika dadila!/ Euskarari eman dio/ behar duen maila».

Irakurtzeko eta kantatzeko idatzitako liburua da Linguae Vasconum Primitiae, Amurizak orain berretsi duenez. «Ziur haren buruan eta tradizioan doinu batzuk zerabiltzala, baina gaurko erara neurketa hori ez da oso zehatza». Doinu horiek topatzeko ikerketa zientifikoa falta dela dio Amurizak, baina Ipar Euskal Herriko kantutegi zaharreko doinuen airera arituko zela uste du berak. «Kontzientzia osoz zen koblakaria Etxepare, berak ere hitzaurrean esaten baitu poema horiek kantatzeko eta errezatzeko direla».

«Kontzientzia osoz zen koblakaria Etxepare, berak ere hitzaurrean esaten baitu poema horiek kantatzeko eta errezatzeko direla».

Xabier Amuriza (bertsolaria)

Errimak eta neurriak aldatzen hasita, esanahia ere aldatuko ote zien beldur izan zen Amuriza, eta hori izan du erronka nagusia, aitortu duenez. «Ni saiatu naiz itzulpena egiten, eta ematen neurri, kategoria eta bariazio handiagoa erriman». Etxepareren estiloa mantentzen saiatu dela dio, «haren airea», baina testua gaur egungo irakurleentzako argiago bilakatuta, eta aberastuta. «Instintuak eta senak eman didaten tokiraino heldu naiz hor».

Emazten fabore poemako bertsoak kantatuz frogatu du bere hipotesia Amurizak liburuaren aurkezpenean. Emakumeen alde izendatu du moldaketa, hain zuzen. «Ez dut entzun emazteak/ lehen eraso gizonik/ bai gizonek emaztea/ beti ere lehenik./ Txarkeria sortzen baita/ beti gizonetarik!/ Nola egozten zaie, bada/ emazteei errurik?».

Amurizak jakinarazi duenez, Etxepareri buruzko saiakera bat ere badu prest, eta hurrengo urtean kaleratzeko asmoa azaldu du.

Jatorrizko artikuluak