Xabier Monasterio: «Klasiko deitzen ditugun horien balioa erakusten saiatu naiz»

  • Albistea entzun

Xabier Monasterio idazleak (Bilbo, 1959) Iparreko eleak. Ipar Euskal Herriko testu laginak saiakera karrikaratu du. «Lehenbiziko testu idatziak Ipar Euskal Herrian sortu zirenez», klasiko haien testu laginak hautatu, eta beren testuinguruan kokatu ditu. 

Idazle haiei «gorazarre» egiteaz gain, «Iparraldeko lehengo idazleen eta Hegoaldeko oraingo irakurleen arteko zubi txiki bat» eraiki du Monasteriok, «mugaz alde batetik bestera zabaldu den amildegia sakonagoa izan ez dadin».

«Eskuarazko liburu bat gehiago. Pfu... [...] Zerentzat? Nork irakurtuko du? [...] Ez duzue, dohakabeak, ikusten Eskual-Herria egunetik egunera ttipitzen hari zaukula?», idatzi zuen Jean Barbierrek 1926an, Piarres eleberriaren aitzinsolasean.

Hainbeste kritikatua izan den Jean Barbier duela mende bat ari zitzaigun abisatzen gure herria bestelakotzen ari zela kanpotarren eta gure utzikeriaren eraginez. Ez dugu prezatzen closeAintzakotzat hartzen.
daukagun ondarea; arbuiatu eta kritikatu ere egiten dugu: gure literatura berantiarra, kaskarra, urria dela, beti gai berberei buruzkoa...

Saiakera hau izkiriatucloseIdatzi. duzu literatura klasikoa estimatu eta autoestimua handitzeko?

Iparraldea eta Hegoaldea bata bestetik gero eta urrunago daude, politikoki zein soziokulturalki. Normaltzat hartzen dugu normala ez dena: hiru administraziotan banatua egotea. Mugak komunikaziorik eza ekarri du, eta, horregatik, aldentzen ari zaigu hizkuntza. 

Batez besteko irakurleak ez du ezagutzen Ipar Euskal Herriko literatura. 40 urteko hezkuntzak ez du ziurtatzen Axular eta Joanes Etxeberrikoa nor diren transmititzea, edo Lehen Mundu Gerlan zer gertatzen zen. Amildegi horretan nire hondar alea ekarri dut.

«Mugak komunikaziorik eza ekarri du, eta, horregatik, aldentzen ari zaigu hizkuntza». 

Xabier Monasterio (Idazlea)

Zerk du egiten idazle bat klasiko?

Betiko galderei egoki erantzuten jakin izan dutelako, belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira, eta hor dago baliagarritasuna. Guk ere baditugu gureak, askotan umiliatu ditugunak: lau abade zoro zirela. Ba, eskerrak horiei. Zergatik izan ziren abadeak? Bi inperiok menderatutako herri batez ari garelako. Zer azpiegitura zuen euskarak? Mende urrun haietan, eliza zen bakarra idazten eta irakurtzen zekien jendea zeukana. Daukaguna daukagu, eta, mespretxatu beharrean, maitatzen ikasi beharra dugu. 

Dena kontra zutelarik «hizkuntza idatziaren bidea urratu» zutela diozu.

Euskara batuaren sorrerak badu zerikusi handia lapurtera klasikoarekin. Idazle apal horiei omenaldia egin behar zaie, garai zail haietan euskaraz idazteko hautua eta ausardia izan baitzuten. Joanes Leizarragak, adibidez, Biblia itzultzeko agindua jaso zuelarik, 1531n, ez zeukan batere eredurik. Edukitzekotan, Etxepareren liburuaren berri izanen zuen. Huts-hutsetik eredu bat sortu behar izan zuen Europa osoan itzultzen ari ziren liburua itzultzeko. 

«Leizarragak, adibidez, Biblia itzultzeko, huts-hutsetik eredu bat sortu behar izan zuen Europa osoan itzultzen ari ziren liburua itzultzeko»

Xabier Monasterio (Idazlea)

Lehenbiziko testu idatziak Ipar Euskal Herrian sortu zirela diozu, bertsotik saiakeraraino.

Bernart Etxeparetik Jean Etxeparera klasiko deitzen ditugun horien balioa erakusten saiatu naiz, baina horiekin batera ezezagunagoak ere ekarri nahi izan ditut: Martin Bilbo, Donibane Lohizuneko alkatea izanikoa, edo Etienne Decrept, lehen operak idatzi zituena. 

Euskaldunek zergatik «gutxietsi eta baztertu» dute beren literatura?

Gure literatura neurtzeko parametroak kanpokoak izan ziren, nire ustez. Literaturaltasunari gehiago begiratu zaio, soziologiari edo egoerari baino. Ahaztu dugu literaturak zerikusi zuzena duela garaian-garaian herri batek bizi duen egoera politikoarekin. Gure garai oparoenak noiz izan ziren? Lapurdin balearen arrantzaren hazkunde garaian: Sarako eskola sortu zen orduan, XVI. eta XVII. mendeetan. Hori ahantzi eta konparatu nahi badugu gure egoera auzoko bi inperioen garapenarekin, beti galtzaile ateratzen gara. 

Zailtasunak baduia gozamenik? 

Gozamena izan da liburu hau egitea, izugarri irakurri baitut. Konturatu naiz gure literatura bere dimentsio osoan hartzen dugunean gure herriaren dimentsioarekin bat egiten duela, beraz ez dela hain urria eta kaskarra. Arnaut Abadiaren deskribapenak, adibidez, marko batean jartzekoak dira. Kepa Altonagak eman du ezagutzera. Natur zientzietan irakurri beharko litzateke.

Jatorrizko artikuluak