Duela 500 urte idatzitako euskarazko poema bat aurkitu dute

  • 242 hitz
  • Albistea entzun

Ezagutzen den euskarazko lehen testu lirikoa izan daitekeena aurkitu dute Oñatin, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan. Eskuizkribu anonimoa da, eta 1508 eta 1521 artean idatzia dela pentsatzen dute hura ikertzen ari diren adituek. Uste dute «euskaraz gorde diren poemarik zaharrenak» direla. 

«Ene laztan gozo ederra/ penaz penaçen naçu...». Rosa Aierbe doktoreak Azkoitiko (Gipuzkoa) Miguel Ibañez Insausti eskribauarenclosenotarioaren protokolo batean aurkitu zituen hitzok, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, Oñatin; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskritura batzuetan. Uste dute Insaustirenean lan egin zuen eskribau ikasle bat izan daitekeela testuaren egilea. Datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu asko ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean. 

Testua bera idazketa proba moduko bat da, eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu bateko zirrikituen artean idatzita daude, orrialde baten ertzetan eta hitzen artean.

Oñatin aurkitutakoak «euskaraz gorde diren poemarik zaharrenak» dira, Ander Ros filologoaren arabera. «Horrek ez du esan nahi idatzi diren lehenak direnik. Ondo ikusten da honen aurretik tradizio luzea zegoela. Egile ezezagunak orduko lirikako ereduak baliatzen ditu».

Ondo ikusten da honen aurretik tradizio luzea zegoela. Egile ezezagunak orduko lirikako ereduak baliatzen ditu.

Dialektologiaren aldetik, lehendik jakinekoa zena berresten du testuak: orain baino askoz hurbilago zeudela bizkaiera eta gipuzkera, gaur egun mendebaldeko dialektoa eta erdialdeko dialektoa esaten zaien horiek. Hala ere, testuaren ikerketa ez da hasi besterik egin, filologoaren ustez. Gipuzkera arkaikoari buruz, esaterako, argi dezente eman dezakeela deritzo.

XVI. mendearen hasierako euskarazko testu oso gutxi ezagutzen da, eta mikrotestuak dira gaur egun arte iritsi diren ia guztiak. Hala, Oñatin agerturikoa euskararen historiako gutxieneko luzerako testurik zaharrenetan hirugarrena edo laugarrena litzateke, 1416ko Matxin Zalbaren gutun elebidunaren eta 1425eko Pater noster txikiaren atzetik, 1509ko Uitziko ezkontza fedearen garai bertsukoa.

Jatorrizko artikuluak