Euskarazko izenak

Goizalde Landabaso |
  • 298 hitz
  • Albistea entzun

Gasteizko epaile batek ez die utzi haur jaio berri baten gurasoei harentzat hautatua zuten izena jartzen: Hazia. Horren harira idatzi du iritzi artikulua Goizalde Landabaso kazetariak, eta euskarazko izenez egin du gogoeta, bere izena dela-eta bere gurasoek izan zituzten gora beherekin hasita.

Gurasoak tematu ziren: Goizalde izan behar nuen; Miren, Maria edo Marie barik. Etxean beti kontatu izan da bai nirekin, eta baita neben izenekin ere, Euskaltzaindira jo behar izan zutela. Gure izenek espainieraz parekorik ez zutela erakutsi behar izan zuten. Beraz, etxean gorderik dut Euskaltzaindiaren agiria. Dagoeneko ohitu egin naiz nire izena errepikatzen, hizkiz hizki kantatu, esangura ematen ere bai. Ohitu eta aspertu. Espainiako Estatistika Institutuak duen webgunean diotenez estatuan 201 emakume gara izen hau daramagunak, Hego Euskal Herrian denak. Frantziako Estatistika Institutuan ere begiratu dut, baina orriak dio gutxiegi dagoela aintzat hartzeko.

«Etxean beti kontatu izan da bai nirekin, eta baita neben izenekin ere, Euskaltzaindira jo behar izan zutela».

Euskarazko izena baduzu, zelanbaiteko fiskalizazioa egingo dizute: zer esan nahi du? Nongoa? Zein mendetakoa? Eta gero esango dizute (neuri behintzat pasatu zait) ea zergatik ez duzun izen errazagoa, Patricia edo Beatriz bezalakoak. Behin Jabier izena zuen gizon bat ezagutu nuen, nire izena esan nionean atoan galdetu zidan esanahiaz. Bere izenaren esanahia esaterakoan adieraziko niola aipatu nion. «Nire izena santu bat da», erantzun zidan. Salbuetsita daude santuak, antza; esangurarik ez. Okerragoa da zure euskarazko izenak espainieraz parekorik badu. Gontzal bazara Gonzalo izango zara; Katalin, Catalina; Ander, Andrés. Batzuentzat soilik gara gazteleraz bagara.

«Okerragoa da zure euskarazko izenak espainieraz parekorik badu. Gontzal bazara Gonzalo izango zara; Katalin, Catalina; Ander, Andrés. Batzuentzat soilik gara gazteleraz bagara».

Zinez opa diot Haziari (eta bere gurasoei) Euskaltzaindiaren agiria. Behin eta berriro azaldu beharko du hasieran H dela, eta Z hizkiz idazten dela. Ahaldundu beharko du, baina berarentzat hautatu zuten izena eramango du. Angustias edo Dolores izenak eraman zitzakeen. Ziurrenen, Gasteizko epaileari ondo begitanduko litzaizkioke izen horiek. Ez dakit zer gertatzen zaien Gasteizko epaile batzuei euskararekin. Zaila dela irizten du batek, Hazia ezin dela izena izan gizonezkoek isurtzen duten likitsa delako besteak. Gorrotorik ote? Gutxiespenik?

Jatorrizko artikuluak