Ez bada orain

Katixa Agirre |
  • 554 hitz
  • Albistea entzun

Gazteen egoeraz idatzi du iritzi artikulu honetan Katixa Agirre idazle eta EHUko irakasleak. Pandemiak agerian utzi dituen arazoez ari da, osasun mentalari buruz, besteak beste. Uste du gaur egungo gizarte ereduan bilatu behar direla arazo horien jatorria eta arrazoiak ulertzeko gakoak.

Ez banaiz ni niretzako, orduan nor? Baina niretzako bakarrik banaiz, orduan zer naiz? Eta ez bada orain, orduan noiz? Esaera talmudikoJudaismoaren Talmud testu bilduma erlijiosoari dagokiona.
 hau, tinta beltzean inprimatuta, Madrileko nire logelan zintzilikatuta neukan, idazmahai gainean, begien aurrean etengabe. 22 urte nituen eta hiri handira ailegatua nintzen doktorego bat hasteko asmoarekin edo gidoilaritza ikasteko ideiarekin. Azkenean, bataren eta bestearen artean ezin erabakita, biak egiten nituen: goizez zine eskolara nindoan gidoilaritza ikastaroa egitera eta arratsaldez Konplutentsera, doktorego ikastaroak jarraitzera. Ordu libreetan, logela horren alokairua (228 euro, gogoan dut) ordaintzeko adina emango zidan edozer gauza egiten saiatzen nintzen, normalean ingeles klase partikularrak, metro lineen azken geltokietan zeuden etxeetan. Inoiz erabilgarria suertatuko zitzaidalakoan, bigarren hezkuntzako irakasle izateko ziurtagiria ateratzeko ikasten nuen tarteka (CAP deitzen zen orduan, eta ez, ez dut inoiz ezertarako erabili izan). Gauez, denbora eta energia topatzen nuen oraindik ordenagailua piztu (nire lehenengo portatila, gurasoen karrera amaierako oparia) eta idazteko: film laburretako gidoitxoak, desamodio poemak eta lehiaketetara bidaltzeko moduko ipuinak (nire bigarren diru iturria garai hartan). Gainera, bizitza soziala deitzen den hori zegoen, jakina: kontzertuak, antzerkia, afariak (normalean kañak eta hauekin musu-truk zetozen tapak) eta festak. Hirian berria izanda, ez nuen ezer galdu nahi. 

Ez dakit nondik ateratzen nuen energia. Gaurko talaiatik begiratuta, ezinezkoa iruditzen zait. Baina hala izan zen. Paretan itsatsita nuen esaera horretatik, uste dut azken parteari erreparatzen niola bakarrik: eta ez bada orain, orduan noiz? Dena nahi nuen egin, eta denak izan behar zuen orain. Orainaldia erre. Pastel osoa jan mahaitik altxatu baino lehen.

«Dena nahi nuen egin, eta denak izan behar zuen orain. Orainaldia erre».

Gaztaroak gordetzen dituen paradoxa horietako bat: berez aurretik denbora gehiago daukazun momentuan denbora ondo xahutzeko premia hori inoiz baino itogarriagoa da. Zer esanik ez nerabezaroan: larunbat gau batean ezin ateratzea —gaixorik egoteagatik, edo senide astun baten ezkontzagatik— katastrofe bat zen, zure bizitzako esperientzia, gertakizun funtsezko hura, lapurtuko zizun desgrazia.

Askotan ekarri izan dut gogora garai hartako grina eta urgentzia pandemia hasi zenetik. Ez naiz nostalgikoa, baina nire gaztaroko frenesi hura gogoan, izurri garaiko gazteengan pentsatzen nuen. Zer-nolako frustrazio eta angustia ez ote zuten sentituko etxean itxita, lagunak ezin ikusita, edo poliziaren mehatxupean ateratzen hasi zirenean. Ez zen zaila imajinatzea, ikusi ere egiten nuen: unibertsitatean online klaseak hasi zirenean, eserita eta jantzita zeuden ikasleak, kamera piztuta, egoera berriarekin urduri baina emozionatuta. Asteek aurrera egin ahala, kamera pizteari utzi zioten, eta txat bidez komunikatzen ziren mamu batzuei ematen nizkien eskolak. «Piztu kamera behintzat elkar agurtzeko», esaten nien, pantaila beltz bati hitz egiteaz nekatuta: hondoratutako gazteak ikusten nituen orduan, sofan etzanda, pijamak, mantak, dorito poltsak.

«Izurri garaiko gazteengan pentsatzen nuen. Zer-nolako frustrazio eta angustia ez ote zuten sentituko etxean itxita, lagunak ezin ikusita, edo poliziaren mehatxupean ateratzen hasi zirenean».

Ordutik, aurrez aurreko eskolak itzuli diren arren, desgaitasunak dituzten pertsonentzako EHUko zerbitzutik iristen zaizkigun ohar gehienek depresioarekin eta antsietatearekin dute harremana. «Bere egoera dela-eta ikasleak hutsegiteak egingo ditu. Eskola orduetan krisialdia sufrituz gero, atera egin beharko du, medikazioa hartu, lasaitu arte atsedena hartu eta abar. Izan zaitez malgua eta adaptatu ikaslearen egoerara».

Osasun mentalaren hondorapena ez zen pandemiarekin hasi, eta ez da harekin amaituko, noski. Gaur egun hain orokortua ematen badu, ikusgaitasunagatik ere bada, horretaz hitz egiten delako, desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak aintzat hartzen duelako, orain dela hogei urte baino askoz gehiago.

Hala ere, bihotza apurtzen didate gazte apurtu hauek. Hein handi batean gazte izate hutsa da pisu zaiena. Sekulako ardura kokatu dugu bizitzaren etapa horretan. Gaztaroa glorifikatuz eta mutur barregarrietaraino eramanez zera interpretatu daiteke: gaztaroa dela merezi duen aro bakarra. Gero, ezer ez: dekadentzia, gaixotasuna eta heriotza. Ez hori bakarrik, gaurko gazteek beste pisu bat daukate gainean. Gero, ezer ez: hondamendi klimatikoa, planetaren itomena. Ahaztu egin dugu adin ertaina dela berez garairik luzeena (eta agian plenoena ere bai, estableena akaso), adin ertaina ia desagerrarazi dugulako, errelatorik gabe utzi.

«Hein handi batean gazte izate hutsa da pisu zaiena. Sekulako ardura kokatu dugu bizitzaren etapa horretan».

Orain da zure garaia, esaten diegu gazteei, baina oraina kaka zaharra da. Eta oraina kaka zaharra iruditzen bazaizu, ez espero ezer etorkizunaz, hori are okerragoa izango da. Ez baitzara ordurako gaztea izango.

Agian gaztaroari presioa kentzen hasi beharko genuke. Oso ondo egon daiteke gaztaroa, baina ez du zertan izan behar gure arorik onena: gerokoa askoz hobeagoa izan daiteke, zinez.

Ez bada orain, orduan noiz? Ba orduan bihar. Edo etzi. Edo etzidamu. Horixe idatziko nuke orain, berrogei urte bete berriak ditudala, Madrileko nire gelatxo hartan etengabe eraso egiten zidan leloaren gainean.

Jatorrizko artikuluak