Gero eta hodei gutxiago Lurrean: planetarentzako kalte
Lurreko hodeien estaldura gutxitzen ari dela ohartarazi du NASAko ikerlari talde batek. Joera horrek jarraituz gero, litekeena da klima aldaketa areagotzea, hodeien funtzioetako bat Lurraren tenperatura erregulatzea baita.
NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziako ikerlari talde batek eman du lehen aldiz datua: hodeien kopurua murrizten ari da. Amerikako Batasun Geofisikoaren azken biltzarrean aurkeztu dute lana, eta Geophysical Research Letters aldizkarian ere eman dute argitara. Geroz eta hodei gutxiago daude Lurrean. Hainbat modelo aztertu dituzte, eta Terra sateliteak hartutako irudiak baliatu —2001etik 2024ra hartutakoak, besteak beste—. Emaitza zera da: azken hogei urteotan, pixkanaka-pixkanaka, baina etengabe, murriztu egin dela hodeien estaldura: %1,3 eta %3 artean, hamarkada bakoitzean. Arrazoiak ez daude guztiz argi baina ondorioak bai: joera horrek bere hartan jarraitzen badu, nabarmen eragingo du klima aldaketan, eta Lurraren berotze globalean.
Eta hodeiek bi eratara lortzen dute hori: eguzkiaren energia islatuz, eta lurrazalaren energia jasoz. «Eguzki argiaren eta erradiazioaren parte bat islatzen dute, eta klima hozten lagundu. Baina lurrazalak jariatzencloseSortzen, isurtzen. duen beroaren parte bat ere hodeiek xurgatzen dute, eta berriro bueltan itzultzen dute lurrazalera», azaldu du Peio Oria meteorologo eta fisikariak. Beraz, hodeiek klimari eragiten diote, baina klimak ere bai hodeiei? Lehenengo baieztapena agerikoagoa da, eta bigarrena «konplikatuagoa», Oriak dioenez: «Klima hori asko ari baita aldatzen, berotegi gasen ondorioz». Horiek aipatu ditu Christian Jakobek ere euren ikerketan —Australiako Ikerketa Kontseiluak XXI. mendeko klima aztertzeko zentroko zuzendari eta aipatu ikerketa argitara eman duen NASAko ikertzaile talde horretako kidea da Jakob—. «Hodeiak murriztearen lehen ondorioa zera da: eguzki erradiazio gehiago iritsiko direla lurrazalera». Alegia, hodeirik ezean, zailagoa izango da planeta fresko mantentzea, eta areagotzen dena zer da? «Berotegi efektua, eta berotze globala». Eta IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen modeloek iragarri baino azkarrago, gainera, Jakobek ohartarazi duenez.
Paloma Castro meteorologoa eta fisikaria da, eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren Nafarroako ordezkaria. NASAko ikerlari talde horrek egindako lana goratu du Castrok, eta testuinguruan jarri. Castrok dioenez, «tentuz» ibili behar da zenbait gauzari buruz hitz egiterakoan. «Klima aldaketari buruzko datu termometrikoakcloseTermometroari dagozkionak, hau da, tenperaturak. badaude. Eta ondorioak daude. Guztiz berretsi eta ikertu gabe daudenak hodeiak eta prezipitazio datuak uztartzen dituzten horiek dira. Badaude horretan ari diren modelizazio adituak, eta asko aurreratu dute. Horietako bat da Christian Jakob».
Aemeteko ordezkariak dio urte askoko lanaren emaitza dela Jakobena eta atera dituztela lehen ondorioak orain: «Hodeien estaldura murrizten ari dela. Eta hodeitzaren funtzioetako bat atmosfera freskatzea denez, funtzio hori galtzen ari dela». Peio Oriak, berriz, horren adibide bat jarri du: «Agerikoa da, adibidez, Europan, udan, hodeien estaldura hori murriztu egin dela. Horrek eragin du Europako kontinentea munduko beste zona batzuk baino gehiago berotzea. Hortik datoz bero bolada zakar horiek ere: eguzkiaren erradiazioa askoz handiagoa da orain, duela 30 urte baino».
Kotoizko mundu eder bat
Baina hodeiak murriztearen arrazoiez eta ondorioez harago, kotoizko mundu eder bat ere bada hodeiena. «Meteorologoak entrenatu egiten gaituzte hodeiak bereizteko. Eguraldiari begira, bakoitzak bere esanahia baitu. Adibidez, Atlantikotik fronte bat badator, badakizu lehenengo goi mailako hodeiak ikusiko dituzula, gero ertainak, gero lodiago bihurtzen diren horiek... Eta euria egingo du. Hodeiak interpretatu egiten dira», azaldu du Oriak.
Mundu eder bat da hodeiena, eta mundu hori Hodeien Nazioarteko Atlasean dago jasota. Munduko Meteorologia Elkarteak sortutako webgune liluragarri bat da: Cloudatlas.wmo.int. Azalpenak, definizioak, sailkapenak, argazkiak eta bideoak. Mundu osoko erabiltzaileek euren kamerekin jaso eta webgunera igotako hodeiak daude bertan. Zehaztasun harrigarriz datatuak denak: egilearen izena, tokia, koordenatu geografikoak, kameraren noranzkoa, eta hodei mota. Hamar generotan banatuta daude: cirrus, cirrucumulus, cirrostratus, altocumulus, altostratus, nimbostratus, stratocumulus, stratus, cumulus eta cumulonimbus. Eta elkarren artean nahasten dira, eta beste horrenbeste forma eder sortu. Begiratu gora: ez dira, oraingoz, denak desagertu. Ea asmatzen duzun bakoitza zein den.
Jatorrizko artikuluak
-
Hodeiak saretzen ari dira
Enekoitz Telleria Sarriegi |
|