Hodeiak saretzen ari dira

NASAko ikerlari talde batek lehen aldiz egiaztatu du Lurreko hodeien estaldura murriztu egin dela. Ohartarazi dute joera horrek jarraitzen badu litekeena dela klima aldaketa areagotzea, hodeien funtzioetako bat lurrazalaren tenperatura erregulatzea baita.

Hodeiak Goñerri ibarrean, Lizarrako merindadean, Nafarroan. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
Hodeiak Goñerri ibarrean, Lizarrako merindadean, Nafarroan. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
enekoitz telleria sarriegi
2026ko otsailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da eguraldi iragarpen baikor bat. Hodeirik gabeko zeruak ez dira beti albiste ona, ezta Euskal Herrian betiereko laino erraldoi baten pean bizi direla pentsatzen duten horientzat ere. Hodeiak lainotzen ari dira. Laino beltzak datoz hodeientzat. Etorkizun gandutsu bat. Orainaldi langar bat. Lanbroa eta tristura margolari, poeta eta ameslarientzat. Kotoiaren formak ihesbide dituztenentzat. Hodeiek zer usain ote duten galdetzen zutenentzat. Cumulus, estratus, cirrus eta nimbus. Hodeiak desagertzen ari dira. Saretzen. Ez, ez da eguraldi iragarpen baikor bat.

NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziako ikerlari talde batek eman du lehen aldiz datua: hodeien kopurua murrizten ari da. Amerikako Batasun Geofisikoaren azken biltzarrean aurkeztu dute lana, eta Geophysical Research Letters aldizkarian ere eman dute argitara. Geroz eta hodei gutxiago daude Lurrean. Hainbat modelo aztertu dituzte, eta Terra sateliteak hartutako irudiak baliatu —2001etik 2024ra hartutakoak, besteak beste—. Emaitza zera da: azken hogei urteotan, pixkanaka-pixkanaka, baina etengabe, murriztu egin dela hodeien estaldura: %1,3 eta %3 artean, hamarkada bakoitzean. Arrazoiak ez daude guztiz argi —atmosferaren zirkulazioaren eskala handiko aldaketak izan daitezkeela diote—, baina ondorioak bai, ondorioak argi daude: joera horrek bere hartan jarraitzen badu, nabarmen eragingo du klima aldaketan, eta Lurraren berotze globalean. Hodeien funtzio nagusietako bat Lurraren tenperatura erregulatzea baita.

Cumulonimbusak hodei trinkoak dira, mendi edo dorre formakoak. Ekaitz elektriko, txingor eta haize iragarleak. Albacetekoa da argazkia (Espainia).
Cumulonimbusak hodei trinkoak dira, mendi edo dorre formakoak. Ekaitz elektriko, txingor eta haize iragarleak. Albacetekoa da argazkia (Espainia). CLOUD ATLAS

Eta hodeiek bi eratara lortzen dute hori: eguzkiaren energia islatuz, eta lurrazalaren energia jasoz. «Eguzki argiaren eta erradiazioaren parte bat islatzen dute, eta klima hozten lagundu. Baina lurrazalak jariatzen duen beroaren parte bat ere hodeiek xurgatzen dute, manta handi batzuk balira bezala, eta berriro bueltan itzultzen dute lurrazalera», azaldu du Peio Oria meteorologo eta fisikariak. Beraz, hodeiek klimari eragiten diote, baina klimak ere bai hodeiei? Lehenengo baieztapena agerikoagoa da, eta bigarrena «konplikatuagoa», Oriak dioenez: «Klima hori asko ari baita aldatzen, berotegi gasen ondorioz». Horiek aipatu ditu Christian Jakobek ere euren ikerketan —Australiako Ikerketa Kontseiluak XXI. mendeko klima aztertzeko zentroko zuzendari eta aipatu ikerketa argitara eman duen NASAko ikertzaile talde horretako kidea da Jakob—. «Hodeiak murriztearen lehen ondorioa zera da: eguzki erradiazio gehiago iritsiko direla lurrazalera». Alegia, eguzki erradiazioa islatuko duten hodeirik ezean, zailagoa izango da planeta fresko mantentzea, eta areagotzen dena zer da? «Berotegi efektua, eta berotze globala». Eta IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen modeloek iragarri baino erritmo azkarragoan, gainera, Jakobek ohartarazi duenez.

«Hodeiak murriztea ez da albiste ona, inolaz ere, eta klima aldaketak ez du horren ondorioetan batere laguntzen»

PALOMA CASTROMeteorologoa

Paloma Castro meteorologoa eta fisikaria da, eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren Nafarroako ordezkaria. NASAko ikerlari talde horrek egindako lana goratu du Castrok, eta testuinguruan jarri: «Ezberdindu egin behar dira: gauza bat da eguraldia eta beste gauza bat da klima. Eguraldia da leihotik begiratu eta kanpoan ikusten dena: euria ari du, ez du ari, hodeiak daude, ez daude... Eta klima da horren guztiaren datuak, ontziratzea, biltzea: azken 30 urteotako prezipitazio datuak, azken bost urteetako tenperatura...». 

Eta Castrok dio denak duela denarekin zerikusia, baina «tentuz» ibili behar dela zenbait gauzari buruz hitz egiterakoan. «Klima aldaketari buruzko datu termometrikoak badaude. Eta ondorioak daude: tenperaturaren igoerari buruzkoak eta bestelakoak. Guztiz berretsi eta ikertu gabe daudenak hodeiak eta prezipitazio datuak uztartzen dituzten horiek dira. Badaude horretan ari diren modelizazio adituak, eta asko aurreratu dute. Horietako bat da Christian Jakob». Aemeteko ordezkariak dio urte askoko lanaren emaitza dela Jakobena eta haren taldearena, begiratu dituztela modeloak, ikusi dituztela satelite bidezko irudiak, eta atera dituztela lehen ondorioak: «Hodeien estaldura murrizten ari dela. Eta hodeitzaren funtzioetako bat atmosfera freskatzea denez, funtzio hori galtzen ari dela. Hori egiaztatu dute». Eta Castrok ere haien ondorio berbera atera du: «Eguzkiaren erradiazioa lurrazalera iristen da, errebotatu egiten du, eta berotegi gasekin topo egiten du. Erradiazioak berriro egiten du behera, eta tenperatura igo egiten da. Orain, hodeirik ez badago, erradiazioak zuzenean eragindako hazkunde termikoa izango dugu». Peio Oriak horren adibide bat jarri du: «Hodei motak, altuera, latitudea, urtaroa... gauza asko hartu behar dira kontuan, baina agerikoa da, adibidez, Europan, udan, hodeien estaldura hori murriztu egin dela. Horrek eragin du Europako kontinentea munduko beste zona batzuk baino gehiago berotzea. Hortik datoz bero bolada zakar horiek ere: eguzkiaren erradiazioa askoz handiagoa da orain, duela 30 urte baino».

Cirrus hodeiak goi mailako hodeiak izaten dira, finak eta zuriak. Izotzezko kristalez osatuta egoten dira. Wokinghamekoa da argazkia (Ingalaterra). CLOUD ATLAS
Cirrus hodeiak goi mailako hodeiak izaten dira, finak eta zuriak. Izotzezko kristalez osatuta egoten dira. Wokinghamekoa da argazkia (Ingalaterra). CLOUD ATLAS

Kotoizko mundu eder bat

Castrorena da hausnarketa: «Hodeiak murriztea ez da albiste ona, inolaz ere, eta klima aldaketak ez du horren ondorioetan batere laguntzen». Alegia, afera honetan bi arazok egiten dute bat: hodeiak murrizteak erradiazioa gehitzea dakar, eta berotegi gasen hazkundeak ere erradiazioa gehitzea dakar. Ondorioa: Lurraren tenperatura gora eta gora ari da, etengabe. Hodeiak zergatik murriztu diren ez dago guztiz argi —haizearen patroiak aldatzen ari direlako, tropikoak hedatzen ari direlako, eta ekaitz sistemak hego eta ipar poloetara hedatzen ari direlako izan daiteke—, baina berotegi gasak zergatik ugaritu diren, bai, hori guztiz argi dago: «Klima aldaketa antropogenikoarengatik», esan dute ikerlariek. Bestela esanda, gizakiaren utzikeriarengatik.

«Meteorologoak entrenatu egiten gaituzte hodeiak bereizteko. Bakoitzak bere esanahia baitu. Interpretatu egiten dira»

PEIO ORIAMeteorologoa

Baina hodeiak murriztearen arrazoiez eta ondorioez harago, kotoizko mundu eder bat ere bada hodeiena. «Meteorologoak entrenatu egiten gaituzte hodeiak bereizteko. Eguraldiari begira, bakoitzak bere esanahia baitu. Adibidez, Atlantikotik fronte bat badator, badakizu lehenengo goi mailako hodeiak ikusiko dituzula, gero ertainak, gero lodiago bihurtzen diren horiek... Eta euria egingo du. Hodeiak interpretatu egiten dira», azaldu du Oriak.

Stratus hodeiak behe mailako hodeiak dira, grisak eta horizontalak. Euri langarraren iragarleak izaten dira. Taiwangoa da argazkia. CLOUD ATLAS
Stratus hodeiak behe mailako hodeiak dira, grisak eta horizontalak. Euri langarraren iragarleak izaten dira. Taiwangoa da argazkia. CLOUD ATLAS

Mundu eder bat da hodeiena, eta mundu hori Hodeien Nazioarteko Atlasean dago jasota. Munduko Meteorologia Elkarteak sortutako webgune liluragarri bat da: Cloudatlas.wmo.int. Azalpenak, definizioak, sailkapenak, argazkiak eta bideoak. Mundu osoko erabiltzaileek euren kamerekin jaso eta webgunera igotako hodeiak daude bertan. Zehaztasun harrigarriz datatuak denak: egilearen izena, tokia, koordenatu geografikoak, kameraren noranzkoa, eta hodei mota. Kotoizko mundu eder bat da hodeiena. Hamar generotan banatuta dagoena: cirrus, cirrucumulus, cirrostratus, altocumulus, altostratus, nimbostratus, stratocumulus, stratus, cumulus eta cumulonimbus. Eta elkarren artean nahasten dira, eta beste horrenbeste forma eder sortu. Begiratu gora: ez dira, oraingoz, denak desagertu. Ea asmatzen duzun bakoitza zein den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.