Pirinioetako glaziarrak hamarkada honen amaierarako desagertuko dira
Pirinioetako glaziarrek batez beste bi metroko lodiera galdu dute azken urtean. Ossoue glaziarra izan da kaltetuena, 3,1 metroko lodiera galdu baitu.
Pirinioetako glaziarrak galzorian daude. Adituen arabera, litekeena da hamarkada honen amaieran ia denak desagertzea. 2025aren eta 2026aren arteko urte glaziarra oso txarra izan da. Pirinioetako Ekologia Institutuak egindako ikerketaren arabera, erregistroak daudenetik —2012tik— glaziarrek galerarik handienak izan dituzten hirugarren urtea da aurtengoa: batez beste bi metroko lodiera galdu baitute.
2021-2022ko eta 2022-2023ko sasoiak are okerragoak izan ziren, baina aurtengoa bereziki deigarria izan da, neguan eta udaberrian ohi baino elur gehiago pilatu delako. Hala ere, bero bolada goiztiarrak eta gogorrak izan dira aurten, eta azkenean glaziarrek masa asko galdu dute. Ikerketaren ondorio nagusia da neguan eta udaberrian elur eta izotz asko pilatzeak ez duela eragozten glaziarrek masa galtzea.
Aneto, Llardana, Monte Perdido eta Ossoueko glaziarrak aztertu dituzte xehe-xehe, eta Taillongo eta Gabietousko glaziarretako eta Infernuetako izoztegiko datuak ere hartu dituzte. Vignemale mendiko Ossoue glaziarra izan da kaltetuena: batez beste 3,1 metroko lodiera galdu du, eta ia bost metro leku batzuetan. Anetoko glaziarrak batez beste 2,4 metro galdu ditu. Monte Perdidokoak, berriz, 2,3 metro galdu ditu batez beste, baina hark izan du galerarik handiena eremu okerrenetako datuei begira: sei metro. Llardanako glaziarra izan da galera txikiena izan duena: batez beste 1,5 metro galdu ditu, eta 3,4 metro leku okerrenean.
Masa galtzen
Glaziarrak masa galduz doazen heinean, azaleraren eta masaren arteko indizea desorekatu egiten da, eta horrek azkarrago urtzea eragiten du. Bestalde, erdian arrokak agertu daitezke: horiek bero handiagoa pilatzen dute, eta glaziarrak azkarrago urtarazi. Batzuetan, azkar urtzen denean, glaziarra zatitu egin daiteke, gero eta izotz zati txiki gehiagotan, eta hori bera gertatu zaio Anetokoari. Lau zatitan banatu da aurten.
Monte Perdidoko glaziarrean arroka berriak agertzen ari direla nabaritu dute, eta glaziarraren mendebaldearen azpiko izotz zatia azkar urtzen ari dela; laster garrantzirik gabeko izoztegi bat izango da. Ossoue glaziarrean urteak daramatzate ikusten ez dagoela izotz mugimendurik, eta aurtengo urtea ere halakoa izan da. Llardanako glaziarrari dagokionez, degradazioa nabarmena dela azaldu dute, higakinezclosehigaduraren ondorioz sortutako klasto eta eta bestelako materialen multzoa betetzen ari baita gainazala. Hala ere, nabarmendu dute glaziar guztietan orokortua dela higakinen pilaketa eta arroken agerpena.
Pirinioetakoak dira Euskal Herritik gertuen dauden glaziarrak. Lehen bazeuden glaziarrak Euskal Herrian, azkenengo glaziazioan: Gorbeian, Aralarren... Pirinioetan hamabost glaziar geratzen dira; 2016an, berriz, 22 glaziar geratzen ziren.
Jatorrizko artikuluak
-
Pirinioetako glaziarrek batez beste bi metroko lodiera galdu dute azken urtean
Iñaut Matauko Rada |
|
-
Ibai Rico: «Pirinioetako glaziar gehienak 2030erako desagertuko dira»
Iñaut Matauko Rada |
|