Pirinioetako glaziarrek batez beste bi metroko lodiera galdu dute azken urtean

2021-2022 eta 2022-2023 urteen osteko urte txarrena izan da aurtengoa, nahiz eta uda aurreko hilabeteetan elur eta izotz asko pilatu. Ossoue glaziarra izan da kaltetuena, 3,1 metroko lodiera galdu baitu batez beste.

Anetoko glaziarra, irailean, CSICen zuzeneko kameran. BERRIA
Anetoko glaziarra, irailean, CSICen zuzeneko kameran. BERRIA
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 4a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pirinioetako glaziarrek iraungitze data dute, eta ez dira urte asko falta denak desagertzeko. Adituen arabera, hamarkada honen amaieran ia denak desagertu daitezke. 2025aren eta 2026aren arteko urte glaziarra oso txarra izan da, Pirinioetako Ekologia Institutuak egindako ikerketaren arabera: erregistroak daudenetik —2012tik— Pirinioetako glaziarrek galera handienak izan dituen hirugarren urtea da aurtengoa, geratzen diren glaziarrek batez beste bi metroko lodiera galdu baitute.

2021-2022 eta 2022-2023 denboraldiak are okerragoak izan ziren, baina aurtengoa bereziki deigarria izan da, neguan eta udaberrian ohi baino elur gehiago pilatu delako. Hala ere, bero bolada goiztiarrak eta gogorrak izan dira aurten Europa mendebaldean, eta azkenean masa asko galdu dute glaziarrek. Hain zuzen, ikerketaren ondorio nagusia da neguan eta udaberrian elur eta izotz asko pilatzeak ez duela ekiditen glaziarren masen galera: «Horrek garbi uzten du Pirinioetako glaziarren sentikortasuna muturrekoa dela».

Aneto, Llardana, Monte Perdido eta Ossoue glaziarrak aztertu dituzte sakonean, eta Taillongo eta Gabietousko glaziarretako eta Infernuetako izoztegiko datuak ere hartu dituzte. Espainia eta Frantzia artean dagoen Vignemale mendiko Ossoue glaziarra da kaltetuena: batez beste 3,1 metroko lodiera galdu du, eta ia bost metroko galerak ere izan ditu leku batzuetan. Anetoko glaziarrak batez beste 2,4 metro galdu ditu, eta 4,8 metro leku okerrenean. Monte Perdidokoak, berriz, 2,3 metro galdu ditu batez beste, baina galera maximo okerrena hark izan du: sei metro.

Azkenik, Llardanako glaziarra izan da galera gutxien izan duena; ikertzaileek azaldu dute ondo kokatuta dagoela izotza pilatzeko, eta horregatik galdu duela gutxien: batez beste 1,5 metro galdu ditu, eta 3,4 metro leku okerrenean. Drone bidez egin dituzte neurketak, «glaziarren erliebearen erresoluzio handiko irudi tridimentsionalak lortzea ahalbidetzen dutelako».

Glaziarrak, dinamika galtzen

Glaziarren galera sorgin gurpil bat da: masa galtzen doazen heinean, azaleraren eta masaren arteko indizea desorekatu egiten da, eta horrek azkarrago urtzea eragiten du. Bestalde, erdian arrokak agertu daitezke, eta horiek bero gehiago pilatzen dute, glaziarrak azkarrago urtuaraziz. Batzuetan, azkar urtzen direnean glaziarra zati batean baino gehiagotan zatitu daitezke, eta hori bera gertatu zaio Anetokoari: baieztatu dute beste zatiketa bat izan duela, eta hori 2025ekoari batu zaio. «Glaziarrak bere zatiketa prozesuarekin jarraitzen du, gero eta izotz zati txiki gehiago baitaude», azaldu dute.

Monte Perdidoko glaziarrean arroka berriak agertzen ari direla nabaritu dute, eta glaziarraren mendebaldearen azpiko izotz gorputza azkar degradatzen ari dela; laster garrantzirik gabeko izoztegi bat izango da. Ossoue glaziarrean urteak daramatzate ikusten ez dagoela izotz mugimendurik, eta aurtengo urtea ere halakoa izan da: «Oraindik glaziar bat izaten jarraitzen du, batez ere duen tamainagatik, baina dituen fusio tasa handiak dinamika urriaren seinale dira».

Llardanako glaziarraren kasuan, degradazioa «nabarmena» dela azaldu dute, higakinez betetzen ari baita gainazala. Hala ere, nabarmendu dute glaziar guztietan orokortua dela higakinen pilaketa eta arroken agerpena.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA