Gorde eguna: abuztuaren 12ko eguzki eklipsean, bat-batean gaua etorriko da!
Euskal Herri osoan ikusi ahalko da eguzki eklipsea; hego-mendebaldean eklipsea osoa izango da. Une ederra izango da, baina adituek prebentzioa eskatu diete instituzioei eta herritarrei.
Gorde eguna: abuztuaren 12a. Eta ordua: 20:27. Euskal Herriaren ia erdia segundo gutxi batzuk edo minutu bat pasatxo iraungo duen «gauean» murgilduko da egun eta ordu horretan. Getxo (Bizkaia) eta Kaseda (Nafarroa) lerro batez lotuz gero mapan, eklipse oso batek ilunpean utziko ditu marra horretatik hegoaldera geratzen diren herri guztiak. Fenomeno astronomiko «ahaztezina», ordea, zertxobait lehenago hasiko da: 19:30 inguruan. Izan ere, ordu horretarako eguzki eklipse partzial bat ikusi ahalko da.
Eklipse hitzak grezieran du jatorri etimologikoa.closehitzen jatorria azaltzen duen linguistikaren adarra Hizkuntza horretan ékleipsis hitzak desagertze eta abandonu adiera du. Eta horixe gertatzen da, hain justu, gizakien begi bistan: Eguzkia edo Ilargia desagertu egiten da. Ezagunenak eguzki eta ilargi eklipseak izanagatik ere, aipatzekoa da eklipseak ez direla bi astro horiekin bakarrik gertatzen. Gertakari astronomiko hori, berez, hiru astroren lerrokatzea closelerro batean bata bestearen jarraian jartzea da, eta lerrokatze horri sizigia deritzo. Lurtarrentzat, eguzki eta ilargi eklipseak dira ezagunenak, begi bistaz atzeman daitezkeelako.
Dena ordena kontua da. Ilargia-Lurra-Eguzkia bada sizigiaren ordena, ilargi eklipsea da, Lurraren itzalak Ilargia «desagerrarazten» duelako. Eta eguzki eklipse deritzo alienazioa Lurra-Ilargia-Eguzkia ordenan gertatzen bada. Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak azaldu du bata eta bestearen arteko aldea: «Eguzkia Ilargia baino laurehun aldiz handiagoa da, baina Ilargia Eguzkia baino laurehun aldiz gertuago dago Lurretik. Hala, Lurretik begiratuta, biek neurri berekoak dirudite». Abuztuaren 12an Ilargiak Eguzkia bete-betean estaliko du.
«Eguzkia Ilargia baino laurehun aldiz handiagoa da, baina Ilargia Eguzkia baino laurehun aldiz gertuago dago Lurretik. Hala, Lurretik begiratuta, biek neurri berekoak dirudite».
Eta zergatik ikusiko da Euskal Herriaren hego-mendebaldean osoa eta ipar-ekialdean partziala? Bada, Lurraren kurbadurak eraginda, satelitea closebeste objektu baten inguruan grabitatzen ari den gorputza daezberdin ikusten da planetaren puntu bakoitzetik; horrenbestez, leku jakin batzuetan soilik ikusiko da nola Ilargiak Eguzkia bete-beteancloseerabat, osorik estaltzen duen. Euskal Herri osoan, beraz, ez da eklipse osoa ikusiko. Leku batzuetan, Ilargiak Eguzkiaren zati handi bat estaltzen duela ikusiko dute, %99, baina une oro eguzki izpiak ikusiz.
Agustin Arrieta Arabako Astronomoen Elkarteko lehendakariaren hitzetan gertaera «errepikaezina» izango da. Horren erakusle da lurraldean azken eguzki eklipse osoa 1860an ikusi ahal izan zela. «Warren de la Rue astronomo britainiarra Arabara etorri zen eklipse hura ikustera. Ribabellosara iritsi zen, eta orduko argazkia dugu. Eta hura ez da argazki bakarra, De la Ruek eklipseari atera ziona ere iritsi baitzaigu. Eta bertan atera zuen argazki horixe da inoiz eklipse bati atera zaion argazkirik zaharrena», kontatu du Arrietak.
«Araba eta Nafarroako Erriberatik ikusi ahalko da eklipse osoa, eta, ondorioz, hor pilatuko dira turista astronomiko guztiak».
Eklipseek lilura eragiten dute herritar gehienen artean, eta espero da ehunka mila turista etortzea eklipsea ikustera. Arrietak tentuz ibiltzeko deia egin du: «Araba eta Nafarroako Erriberatik ikusi ahalko da eklipse osoa, eta, ondorioz, hor pilatuko dira turista astronomiko guztiak. Gau historikoa izango da, baina trafikoan eromena izango da, eta zenbait gune jendez leporaino egongo dira. Oinarrizko baldintzak bermatu behar ditugu».
Herritarrei ere arduraz ibiltzeko eskatu die: «Oso arriskutsua da babeserako betaurrekoak ez janztea. Betaurreko horiek jantzi ezean, eguzki izpiek erretina erretzen dute. Segundo batzuk nahikoak dira: begirada urruntzean, minik sentitu gabe, jabetzen zara ez duzula ikusten». Arrietak adierazi du funtsezkoa dela betaurrekoek zigilu bat izatea, segurtasun kontrolak gainditu dituztela adierazten duena.
Eklipsearen garaia iristean, iparrorratzean 280 gradu neurtu, eta nahikoa izango da hara begiratzea, hau da, erabat mendebaldera. Orientazioan ez bazara trebea, lasai, ilunabarra gertatuko den puntura begiratzea nahikoa izango da eta. Izan ere, ordu horretarako Eguzkia jada ortzi mugatik oso gertu egongo da, 8 graduko altitudean, hain zuzen ere.
Jatorrizko artikuluak
-
Bat-batean gaua etorriko da
Maddi Iturriotz Alkorta |
|