Bat-batean gaua etorriko da

Abuztuaren 12an eklipse bat gertatuko da Euskal Herri osoan, eta eklipsea osoa izango da herrialdearen hego-mendebaldean. Adituek prebentzioa eskatu diete instituzioei eta herritarrei.

2024an Huntingtonen (AEB) eklipse osoari ateratako argazkia. CJ. GUNTHER / EFE
2024an Huntingtonen (AEB) eklipse osoari ateratako argazkia. CJ. GUNTHER / EFE
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorde data: abuztuaren 12a. Zehatzago esanda, abuztuaren 12ko 20:27. Hotza eta iluntasuna. Euskal Herriaren ia erdia segundo gutxi batzuk edo minutu bat pasatxo iraungo duen «gauean» murgilduko da. Donostiako Aste Nagusia ospakizun bete-betean egongo da, eta zenbaitzuk eklipsatuko ditu bertako festak; beste batzuk, ordea, literalki eklipsatuko dira. Izan ere, Getxo (Bizkaia) eta Kaseda (Nafarroa) lerro batez lotuz gero mapan, eklipse oso batek ilunpean utziko ditu marra horretatik hegoaldera geratzen diren herri guztiak.

Fenomeno astronomiko «ahaztezina», ordea, zertxobait lehenago hasiko da: 19:30 inguruan. Izan ere, ordu horretarako eguzki eklipse partzial bat ikusi ahalko da Euskal Herri osoan. Baina, zer alde dago batetik bestera? Eta zergatik dauka eguzki hitza aurretik? Bada bestelakorik?

Azalpenak ematen hasi aurretik, etimologiari erreparatu behar zaio. Euskaraz eklipse hitzak arbitrarioa —esanahiak eta hitzak loturarik ez dutela— dirudien arren, grezieran du jatorri etimologikoa. Hizkuntza horretan ékleipsis hitzak desagertze eta abandonu adiera du. Eta horixe gertatzen da, hain justu, gizakien begi bistan: Eguzkia edo Ilargia desagertu egiten da. Ezagunenak eguzki eta ilargi eklipseak izanagatik ere, aipatzekoa da eklipseak ez direla bi astro horiekin bakarrik gertatzen. Gertakari astronomiko hori, berez, hiru astroren lerrokatzea da, eta lerrokatze horri sizigia deritzo. Lurtarrentzat, eguzki eta ilargi eklipseak dira ezagunenak, begi bistaz atzeman daitezkeelako.

Eta zer alde dago bataren eta bestearen artean? Dena ordena kontua da. Ilargia-Lurra-Eguzkia bada sizigiaren ordena, ilargi eklipsea da, Lurraren itzalak Ilargia «desagerrarazten» duelako. Eta eguzki eklipse deritzo alienazioa Lurra-Ilargia-Eguzkia ordenan gertatzen bada. Elhuyar fundazioko Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak argi azaldu zuen: «Eguzkia Ilargia baino 400 aldiz handiagoa da, baina Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz gertuago dago Lurretik. Hala, Lurretik begiratuta, biek neurri berekoak dirudite». Eta abuztuaren 12an horixe gertatuko da: Ilargiak Eguzkia bete-betean estaliko du.

Partziala edo osoa

Eta zergatik ikusiko da Euskal Herriaren hego-mendebaldean osoa eta ipar-ekialdean partziala? Bada, Lurraren kurbadurak eraginda, satelitea ezberdin ikusten da planetaren puntu bakoitzetik; horrenbestez, leku jakin batzuetan soilik ikusiko da nola Ilargiak Eguzkia bete-betean estaltzen duen: Groenlandia ekialdean, Islandiako mendebaldeko muturrean, Galizian, hiru eremu horiek tartean duten Ozeano Atlantikoaren eremuan, Espainian, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan.

Baina aipatu moduan, eklipse osoa ez da Euskal Herri osoan ikusiko. Leku batzuetan, Ilargiak Eguzkiaren zati handi bat estaltzen duela ikusiko dute, «%99tik gertu, baina beti eguzki izpiak ikusiz», adierazi du Arabako Astronomoen Elkarteko lehendakariak, Agustin Arrietak. Eklipse partziala ikusiko dute ia Europa osoan, Afrika ipar-mendebaldean eta Amerika iparraldean.

Araban eklipse osoa ikusteko aukera izango da, eta hori «zorte handia» dela adierazi du Arrietak, eta gertakaria «errepikaezina» izango dela gaineratu. Ohikoa da urtero bi eguzki eklipse gertatzea, baina oso zaila da gune berean gertatzea biak. Eta horren erakusle da lurraldean azken eguzki eklipse osoa 1860an ikusi ahal izan zela. «Warren de la Rue astronomo britainiarra Arabara etorri zen eklipse hura ikustera. Ribabellosara iritsi zen, lantaldearekin batera, eta haien argazkiak ditugu. Eta hura ez da argazki bakarra, De la Ruek eklipseari atera ziona ere iritsi baitzaigu. Eta bertan atera zuen argazki horixe da inoiz eklipse bati atera zaion argazkirik zaharrena», kontatu du Arrietak, argazkia esku artean duela.

Izutik gozamenera

Eklipseen ikuspegi historikoa ere aipatu zuen Galarragak BERRIAn idatzitako testuan: «Antzinako kultura askotan, astronomoak gai ziren noiz gertatuko ziren aurreikusteko; nolanahi ere, horrek ez du esan nahi ez zituztenik eklipseak gizakiaz gaindiko kontuekin lotzen». Eta horixe bera azaldu du Arrietak ere: «Gizakiok sortzetik egon gara Eguzkiaren menpe: ehizatzeko, uzta ereiteko eta abar. Eguzkia bizitza zen, eta eklipsea denbora etetea. Lehen, izua eragiten zuten».

Egungo egoera zeharo bestelakoa da. Lehen, eklipseek izua eragiten zien jendeari; orain, aldiz, lilura. Hainbesteko lilura sortzen dute, non turismo astronomikoa deritzonak milioika pertsona mugiarazten dituen. «Gure elkarteko kide Jabierrek sei bat eklipse oso ikusi ditu». Eta tentuz ibili da horri buruz mintzatzean: «Jakinda gertakari historikoak direla, eta zer jende masa mugiarazten duten, ehunka mila turista etorriko dira. Izan ere, hau da eklipse osoa ikusiko den lur eremurik handiena, eta, ondorioz, hemen pilatuko dira turista astronomiko guztiak». Horregatik, instituzioei dei egin die prebentzio lanak egin ditzaten: «Trafikoan eromena izango da, eta zenbait gune jendez leporaino egongo dira. Oinarrizko baldintzak bermatu behar ditugu».

«Abuztua jada sasoi oso turistikoa izaten da; bada, aurtengoa are turistikoagoa izango da», ohartarazi du. Eta herritarrei ere arduraz ibiltzeko eskatu die: «Mesedez, aldez aurretik aukeratu eta prestatu eklipsea ikusteko gunea. Udan belardiak sasiz egon ohi dira, eta ezusteko batzuk ekidin daitezke. Ez da izango inprobisatzeko egun egokiena».

(ID_17706389814955) (/EZEZAGUNA) Warren de la Ruek Ribabellosan ekilpseari ateratako argazkia, historiako lehena
Warren de la Ruek Ribabellosan eklipseari ateratako argazkia, historiako lehena. BERRIA

Eta ezustekoen artean, ikusmenean gerta daitekeena da nagusia. Astronomoak azaldu duenez, berebiziko garrantzia du begien babeserako betaurrekoak ipintzeak: «Oso arriskutsua da babeserako betaurrekoak ez janztea. Betaurreko horiek jantzi ezean, norbera ohartu gabe, eguzki izpiek erretina erretzen dute». Eta adierazi du hori dela arriskutsuena, «ohartu ere egin gabe» gertatzen den kaltea: «Eguzkiari begira zaude, eta segundo batzuk nahikoak dira: begirada urruntzean, minik sentitu gabe, jabetzen zara ez duzula ikusten».

Betaurrekoak nola erabili azaldu du: «Betaurrekoak eguzki izpietatik babesteko dira. Soinean eduki behar dira, eta, eguzki eklipse osoa gertatzen denean, ken daitezke, eta izarrari so egin. Baina bueltan agertzen hasten denean, berriro jantzi behar dira». Eklipse partziala ikusiko duten tokietan, betaurrekoak ez kentzeko ohartarazi du.

Material ona eta egoera onean

Arrietak adierazi du funtsezkoa dela betaurrekoek zigilu bat izatea, segurtasun kontrolak gainditu dituztela adierazten duena. Azpimarratu du arriskutsuak izan daitezkeela zigilurik ez duten betaurrekoak. Eta marradurarik edo antzekorik atzemanez gero, betaurreko berriak erosteko deia egin du: «Betaurrekoek urraturen bat badute, betaurrekorik ez izatearen parekoa izan daiteke». Horrelakorik ez gertatzeko, mila betaurreko jarriko dituzte herritarren eskura.

Betaurrekoak eskaintzeaz gain, dibulgazio lanetan ere ari dira. Eta egun handiari begira, «prebentzio» hitza nabarmendu du astronomoen elkarteko kideak, bai instituzioei dagokienez, baita herritarrei dagokienez ere. Hainbat hitzaldi ematen ari dira: «Gutxi gara, baina ahal duguna egiten dugu». Eguna heldu bitartean, adituek adierazitako argibideei jarraitzea besterik ez dago, eta dena prest izatea ordurako. Eta eklipsearen garaia iristean, iparrorratzean 280 gradu neurtu, eta nahikoa izango da hara begiratzea, hau da, erabat mendebaldera. Orientazioan ez bazara trebea, lasai, ilunabarra gertatuko den puntura begiratzea nahikoa izango da eta. Izan ere, ordu horretarako Eguzkia jada ortzi mugatik oso gertu egongo da, 8 graduko altitudean, hain zuzen ere.

Memoria astinduz

Altitude baxuaren ondorioz, Arrietak gomendatu du altuera handiko guneren batera —mendiren bat edo parean besterik ez duen eraikin altu bat—, edo aldaparik ez duen landa eremu zabal batera joatea. Ikastetxean trigonometria lantzean, hots, sinu, kosinu eta tangentea zer diren ikastean, askok agian esango zuten inoiz ez zituztela erabiliko —eta seguruenik orain arte ez dituzte inoiz erabili—; bada, heldu da ikasitakoa praktikan jartzeko eguna. Izan ere, 8 graduko altitudea zer den irudikatzeko, kosinuaren formula erabili beharra dago.

Matematikako liburuko ariketa guztien modu berean hasiko da honako ariketa hau: demagun ehun metroko luzera duen belardi bat aukeratu duzula eklipsea ikusteko, eta dena prestatu aurretik, bertatik ikusiko den jakin nahi duzu. Oroitu kosinuaren formula: cos (𝛼) = alboko katetoa / hipotenusa. Jakinda eklipsea 8 gradutara gertatuko dela, kalkulagailua ateratzeko garaia da. Emaitza 100,98 da, eta matematikako jakinduria guztia baliatzeko, orain Pitagorasen teorema aplikatu behar da: kateto ber bi... Kateto bat ekuazioaren beste aldera igaro, kenketa ahaztu gabe... Eta kito! Emaitza: 14,05.

Hamalau metro besterik ez ehun metroko distantzian. Hau da, nahikoa dela ehun metrora lau pisu dituen eraikin bat izatea gertakari historikoa galtzeko. Beraz, hobe adituei kasu egin eta mendira edo parean ezer ez duen nonbaitera igotzea. Hala ere, baliteke zerua estalita egotea, eta gertakaria ezin ikustea. Baina, lasai, Arrietak adierazi duenez, egoera dena delakoa ere, «mereziko du»: «Pena izango da lainotuta badago, baina berdin-berdin ikusiko dugu zerua nola iluntzen den, eta berdin antzemango dugu tenperatura nola jaisten den».

Lainotuta edo oskarbi; eklipse osoa edo partziala; menditik, Arabako lautadatik edo Nafarroako Erriberatik ikusi, «gau historikoa» izango da abuztuaren 12koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.