Iraia Iparragirre: «Diziplina, lana eta hobetzeko gogoa izan dira nire kirol ibilbideko zutarriak»

  • Albistea entzun

Ez da ohikoa futbolari batek 27 urterekin erretiroa hartzea. Hala hartu du Realeko jokalari Iraia Iparragirrek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995). «Nire gorputzari eta buruari entzun, eta atzetik datozenei lekua egiteko garaia dela sentitu dut».

Emakumeen futbolaren garapenaren lekuko eta protagonista izan da, baina uste du oraindik bide luzea geratzen dela.

Zein da baloi batekin duzun lehen oroitzapena?

Auzoko plazan, Zabaletan, jokatzen nuenekoa. Ikastolatik bueltan orduak ematen genituen bertan jokatzen. Edozein lekutara nindoala, baloia eramaten nuen. Jostailuzko aulkitxoan, panpina bat baino gehiago, baloia eramaten nuen.

Pilotan ere aritu zinen. Zergatik aukeratu zenuen azkenerako futbola?

Pilota asko gustatzen zitzaidan. Baina Lasarten emakume bakarra nintzen, eta lehiatzeko ere aukera oso gutxi zegoen. Futbolean askoz aukera gehiago ikusten nituen, eta Realera iristea zen nire ametsa. Zubieta ondoan ikasten nuen, Landaberrin, eta, jolas garaian, jokalariak ikusten nituenean, beti esaten nuen: «Nik hor bukatu nahi dut». Egun, pilotan gauzak asko aldatu dira, eta, ziurrenik, gehiago kostatuko litzaidake erabakia hartzea. Beti geratuko zait arantza hori. Pilotari lotutako modalitate guztiak asko gustatzen zaizkit. Pentsa, hemendik gutxira auzoko festak izango dira, eta dagoeneko izena eman dut pilota txapelketan.

«Zubieta ondoan ikasten nuen, Landaberrin, eta, jolas garaian, jokalariak ikusten nituenean, beti esaten nuen: 'Nik hor bukatu nahi dut'».

Iraia Iparragirre (Realeko jokalaria)

Hiru klubetan aritu zara : Ostadarren, Añorgan eta Realean. Zer eman dizu bakoitzak?

Hirurei esker izan naiz futbolari. Ostadarrek nuen ametsagatik borrokan hasteko aukera eta ilusioa eman zizkidan. Eskola kirola amaitu, eta denek nahi genuen Ostadarrek fitxatzea. Adina ez eduki arren, haiekin entrenatzeko deitu ninduten, eta niretzat izugarria izan zen. Añorgak pertsona eta kirolari moduan hazten lagundu zidan. Eta Reala, esan bezala, amets bat betetzea izan da, eta profesionala izateko aukera eman dit.

Dena den, Añorgan zinenean, futbola uztear egon zinen.

Argi nuen ezinezkoa zela futboletik bizitzea. Mendia ere asko gustatzen zaidanez, eskaladako monitore izateko ikastaro bat egitea erabaki nuen. Durangon zen. Beraz, futbola utzi behar nuen. Erabaki zaila izan zen, baina hartu nuen.

Baina orduan iritsi zen Garbiñe Etxeberria Realeko egungo kirol zuzendariaren deia. Zer izango zen zure bizitza deitu izan ez balizu?

Auskalo. Beharbada, Pirinioetan edo mendi aldeko beste lekuren batean arituko nintzen lanean.

Realak orain arte lortu dituen bi lorpen handienetakoren parte izan zara. Zer oroitzapen dituzu Kopako garaipenaz eta aurretik eta ondoren bizitakoaz?

Asko. Oso zaila zen, baina itxaropena genuen. Posible zela sinesten genuen. Aurretik egindako talde dinamiketan zerbait berezia ikusten zen, energia edo bibrazio berezi bat. Eta azkenerako lortu genuen. Izugarria izan zen.

Eta hantxe zeuden kuadrillakoak eta etxekoak. Nekez izango zuen beste jokalariren batek zuk harmailetan zenuen tamainako argazkirik.

Ikus nuenean, ezin nuen sinetsi. Argazkiak, gainera, esanahi handia zuen. Realarekin sartu nuen lehen goletako bat zen. Lagun izugarriak ditut, eta bide hau ezingo nuke egin haiek eta etxekoak gabe. Nire funtsezko helduleku eta zutarri closePilare, oinarri.
izan dira. Momentu zail asko bizi izan ditut, eta sekulako babesa eta energia eman didate.

«Lagun izugarriak ditut, eta bide hau ezingo nuke egin haiek eta etxekoak gabe».

Iraia Iparragirre (Realeko jokalaria)

Garaikur horretaz gain, taldekideek kapitainetako bat izendatzea izan da zure kirol ibilbideko beste momentu berezia?

Bereziena ez nuke esango, baina bai esanahi handikoa. Zugan sinesten dutela esan nahi du.

Maiz hartu duzu mina, eta, tartean, bi lesio larri ere izan dituzu. Aldi horietan, zenbat lagundu dizu zure izaera baikorrak eta umoretsuak?

Sasoi horiek hobeto eramaten lagundu didate. Ez da erraza zelaitik eta taldearen egunerokotik urrun egotea. Baina horiei ere zerbait ona atera diet: psikologikoki lanketa bat egiteko aprobetxatu ditut, nire barrenari entzuteko.

Zure izateko era horrek lagundu al dizu erretiroaren erabakia errazago hartzen, eta etorkizunari heltzen?

Bai. Banekien halako erabaki bat ez zela erraza izango, baina naturaltasunez hartu dut. Beti saiatzen naiz gehien beteko nauten gauzak egiten, eta gauzen alde positiboei erreparatzen. Kasu honetan ere hala izan da. Balantza batean jarri nituen zer eman dudan fisikoki eta psikologikoki urte hauetan, eta zer eman nezakeen hemendik aurrera, eta ikusi nuen alde batera egin behar nuela, eta atzetik datozenei lekua egiteko garaia zela. Gainera, neure buruari esaten nionean utzi egingo nuela, lasai sentitzen nintzen. Lasaitasun hori seinale bat zen. Badakit pena izango dudala, baina oraingoz lasai eta ondo nago, eta oso pozik, harro eta asebeteta bizi izan ditudan gauza guztiekin.

«Badakit pena izango dudala, baina oraingoz lasai eta ondo nago, eta oso pozik, harro eta asebeteta bizi izan ditudan gauza guztiekin».

Iraia Iparragirre (Realeko jokalaria)

Zein ondare utzi nahi duzu aldagelan? Nork egingo du partida aurreko oihu hori?

Utzi nahi dudana da nire ibilbidean zutarri izan diren balioak: diziplina, lana eta hobetzeko gogoa. Hori helarazten saiatu naiz urte hauetan ere. Horrekin batera, nire umorea eta alaitasuna. Irribarreak, besarkadak.... Oihuari dagokionez, taldekideekin komentatu dut, beharbada haiek beste zerbait egiteko garaia izan daitekeela. Baina izan dadila betetzen dien zerbait.

Nola aldatu diren bai Zubieta, bai eta emakumeen futbola ere urte hauetan, ezta?

Izugarri. Orain zortzi urte genituen baliabideak ez dira oraingoak. Orduan, ez genituen zaintza psikologikoa eta nutrizionala, arratsaldez entrenatzen ginen... Horrek guztiak ezinbestean izan du eragina gure errendimenduan, eta emakumeen futbolak garapen bat izan badu, horri esker izan du, neurri handi batean. Baita ere, nahiz eta asko borrokatu behar izan garen horretarako, tartean greba bat, apustu ekonomiko handiago bat delako. Baina oraindik bide luzea geratzen da.

Ekintzaile feminista moduan, nola bizi izan duzu borroka hori?

Batetik, penaz. Izan ere, pena handia ematen du oraindik ere halako borrokak egin behar izatea gureak diren eskubide batzuk lortzeko.

Jatorrizko artikuluak