Damaris Egurrola: «Tituluak irabazteaz gainera, taldearentzat garrantzitsu sentitu naiz»

  • Albistea entzun

Txapeldunen Liga irabazi duen Euskal Herriko lehen emakumezkoa da Damaris Egurrola (Orlando, AEB, 1999). Olympique Lyoneko jokalariak Frantziako Liga ere irabazi du. Eta, ezusterik ezean, uztailean Eurokopa jokatuko du Herbehereekin.

Athleticekin Liga bat irabazi zenuen; orain, Olympique Lyonekin , Txapeldunen Liga bat eta Frantziako Liga bat. Oso desberdinak al dira ospakizunak leku batean eta bestean?

Nik oso modu ezberdinean bizi izan ditut. Athleticekin Liga irabazi nuenean, 16 urte besterik ez nuen. Taldeko gazteena nintzen, eta ia ezin nuen ezer egin. Denak zeuden ni zaintzen. Oraingo honetan, ordea, bete-betean ospatzen ari naiz gauzak. Txapeldunen Liga ez da egunero irabazten.

Jabetu zara lortutakoaz?

Ari naiz pixkanaka. Baina egun askotan kostatu egin zait. Pentsa, Txapeldunen Liga irabazteagatik eman ziguten domina etxeko sarrerako mahaian izan dut, irteten nintzen aldiro ikusteko. Sakelakoa alboratua izan dut egun batzuetan, eta jendearen mezuak ikustean sentipen asko sortzen zaizkit. Emozio handiko egunak izan dira, oso bereziak.

Zein izan ziren finala irabazteko gakoak?

Uste dut partida planteatzeko modua perfektua izan zela. Barrutik eta lerro artean jokatzeko espazioak oso ondo itxi genizkien [Bartzelonako jokalariei], eroso egon ez zitezen. Gainera, partida oso fisikoa, bizia eta oldarkorra jokatu genuen hasieratik, eta haiek ez daude ohituta horretara. Nik uste dut ez zutela espero hala irtengo ginenik. Lehen gola hain garaiz sartzeak ere eroso eta patxadaz jokatzeko aukera eman zigun.

«Uste dut partida planteatzeko modua perfektua izan zela. Barrutik eta lerro artean jokatzeko espazioak oso ondo itxi genizkien [Bartzelonako jokalariei], eroso egon ez zitezen».

Damaris Egurrola (Olympique Lyoneko jokalaria)

Txapeldunen Liga irabazi duen Euskal Herriko lehen emakumezkoa zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Egia esan, ez nuen horren berri. Baina harro egoteko moduko zerbait da. Bidea luzea izan da hona heltzeko. Oso une bereziak bizi izan ditut etxekoekin eta lagunekin, eta espero dut gehiago izatea.

Beste euskal jokalari batek ere jokatu zuen finala: Irene Paredesek. Biak elkarrekin aritu zineten Athleticen. Hitz egin zenuen harekin?

Irene finalaren bezperan ikusi nuen, entrenatu aurretik. Denbora neraman hura ikusi gabe. Tarte batez hitz egiteko aukera izan genuen. Partidaren ostean ere elkar agurtu genuen, baina apenas hitz egin genuen. Harekin nagoen aldiro, Athleticen pasatu genituen momentuekin gogoratzen naiz. Asko erakutsi zidan, baita lagundu ere.

Finalean minuturik jokatu ez izanaren arantza geratu zaizu?

Aste osoan egindako entrenamenduetan landu genituen hainbat gauza kontuan hartuta, banuen susmoa ez nuela jokatuko. Baina entrenatzaileak hamaikakoa esan arte, beti duzu jokatzeko itxaropena. Apur bat gogorra izan zen. Are gehiago kontuan hartuta denboraldi osoan dezente jokatu dudala eta garrantzitsu sentitu naizela. Niretzat lehen finala zen, Bartzelonako jokalari asko lagunak ditut, eta banuen ilusioa jokatzeko. Baina konturatzen naiz zer maila handiko taldean nagoen, eta nolako lehia dagoen jokatzeko. Garrantzitsuena da irabazi egin genuela, eta berdin-berdin sentitu naiz txapeldun. Buruan dudan bakarra lanean segitzea da, hurrengoa heltzen denean jokatzeko aukera izateko. Gainera, esan bezala, denboraldi osoan asko jokatu dut, garrantzitsu sentitu naiz taldearentzat, eta hartuko dut beti gogoan.

«Niretzat lehen finala zen, Bartzelonako jokalari asko lagunak ditut, eta banuen ilusioa jokatzeko. Baina konturatzen naiz zer maila handiko taldean nagoen, eta nolako lehia dagoen jokatzeko».

Damaris Egurrola (Olympique Lyoneko jokalaria)

Nola bizi izan zenuen finala?

Oso gaizki pasatu nuen. Ezin nion urduritasunari eutsi, ezta berotzen aritu nintzenean ere. Nire taldekideak oso harrituta geratu ziren, ni neurez oso lasaia bainaiz zelaian. Epaileak zazpi minutuko luzapena adierazi zuenean, irten besterik ez nuen nahi.

16 urterekin irabazi zenuen lehen titulua goi mailan, eta 22rekin lortu duzu Txapeldunen Liga. Nola daramazu hain gaztea izanda hori guztia lortu izana?

Ondo. Pentsa, taldean badira ni baino gazteagoak diren jokalariak hiruzpalau Txapeldunen Liga irabazi dituztenak. Horrek indarra eta ilusioa ematen dit lanean segitzeko. Leku oso onean nago, jende apartaz inguratuta, eta, esan bezala, espero dut hau hasiera besterik ez izatea. Urteak pasatu ahala, beste pare bat lortu nahiko nituzke. Beti izan da nire ametsa Txapeldunen Liga irabaztea, eta kopa jasotzea izugarria izan zen.

Liga ere irabazita, Lyonik onena itzuli da?

Baietz uste dut. Aurreko denboraldia oso txarra izan zen. Sasoi asko zeramatzan taldeak dena irabazten, eta normala da halakoak gertatzea. Oso zaila da etengabe irabaztea. Gogorra izan zen. Baina horrek balio izan zigun pentsatzeko, modua aldatu eta denboraldi honi beste gogo eta ilusio batekin heltzeko. Denboraldiaurrean oso ondo egin genuen lan, eta begira zer lortu dugun.

Orain atseden gutxi izango duzu, ezusterik ezean selekzio arteko lehen txapelketa handia jokatuko baituzu Herbehereekin: Eurokopa.

Beste amets bat beteko dut. Denboraldi hasieran ez nuen halakorik espero. Baina, behin Herbehereekin jokatuko nuela erabaki nuenean, hauxe nahi nuen. Lehen deialdia oso berezia izan zen, amaren herrian egin bainuen debuta. Udan hara joan ohi ginen Herbehereen partidak ikustera. Gainera, selekziokideek, entrenatzaileak eta zaleek oso ondo hartu naute.

Zergatik erabaki duzu azkenean Herbehereekin jokatzea?

Ni, amerikarra bainoago, europarra sentitzen naiz. Txikia nintzenean joan ginen AEBetatik. Gainera, nire amaren herrialdearentzat jokatzea harro egoteko modukoa da. Haiek, gainera, hasieratik egin zuten nire aldeko apustua, eta horri balio handia ematen diot. Proposamena egin zidatenean, ez nuen bitan pentsatu. Herbehereetako selekzioa, gainera, goi mailako selekzioa da: egungo Europako txapelduna eta munduko txapeldunordea da.

«Ni, amerikarra bainoago, europarra sentitzen naiz. Txikia nintzenean joan ginen AEBetatik. Gainera, nire amaren herrialdearentzat jokatzea [Herbehereak] harro egoteko modukoa da».

Damaris Egurrola (Olympique Lyoneko jokalaria)

Hitz egin duzu hautatzailearekin? Zein izan daiteke zure rola?

Hitz egin dut, eta konfiantza handia eman dit; espero dut jokatzea. Nahiz eta badakidan iritsi berria naizela, eta egokitu behar dudala: taldekideak eta jokatzeko era hobeto ezagutu... Horrez gain, Herbehereekin jokatzea erabaki dut haien jokatzeko era oso egokia delako niretzat. Baloia izatea eta lerro artean jokatzea du oinarri, eta ni ondo moldatzen naiz. Martens, Miedema... kalitate handia dugu, eta uste dut haiekin hazten eta ikasten segituko dudala. Lyonen bezala, onenak izango ditut inguruan. Nahi dut Eurokopa beste mugarri bat izatea nire kirol ibilbidean.

Fisikoki nola zaude ia beste bi hilabetez lehiatzen segitzeko? Ebakuntza egin zizuten orkatila erabat ondo daukazu?

Argi dago denboraldia luze egingo dela. Baina sasoi betean nago. Fisikoki uste dut sekula ez naizela hain ondo egon. Oraindik gogoan dut denboraldiaurrea. Lehena zen Lyonekin. Asko sufritu nuen lehen egunetan, baina merezi izan du. Horri esker nago orain horren ondo. Sasoiari eusteko dena emango dut. Orkatila, berriz, oso ondo dago. Osatze prozesua bikain joan zen.

Zuk ez ezik, beste lau euskal jokalarik ere badute Eurokopa jokatzeko aukera, Espainiaren behin-behineko zerrendan baitaude: Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik, Ainhoa Vicente Morazak eta Lucia Garciak. Balio handia eman behar zaio horri, ezta?

Dudarik gabe. Euskal Herrian egiten den lan onaren seinale da. Amaiur eta Nerearekin urte askoan jokatu nuen euskal selekzioan. Nazioartean torneoak jokatzeko aukera izan genuen, eta, iritsi garen lekura iritsi bagara, horri esker ere iritsi gara.

Jatorrizko artikuluak