Lur Errekondo: «Emakume dezente dago herri kiroletan»

  • Albistea entzun

Lur Errekondo (Usurbil, Gipuzkoa, 1995) urte askoan eskubaloian aritua da. Xabat Olaizolak harri jasotzearekin uztartu izan du kirol hori, eta hark proposatu zion Errekondori herri kiroletan hastea.

Belaunetako lesioek eskubaloiko bidean etena egitera behartu ondotik —bost ebakuntza egin dizkiote—, harria du kirolerako helduleku Lur Errekondok: «Eskubaloia oldar nahiko handiko kirola da, eta horrek ekarri dizkit oinaze denak. Harri jasotzean askoz gehiago kontrolatzen da gorputza». Besteak beste, Bera Beran eta Zarautzen jokatu zuen.

«Eskubaloia oldar nahiko handiko kirola da, eta horrek ekarri dizkit oinaze denak. Harri jasotzean askoz gehiago kontrolatzen da gorputza».

Lur Errekondo (harri jasotzailea)

Gogoan du izetatarrenera joan zen estreinako aldia: «Konpromisorik hartu gabe joan nintzen, eta Lierni Osa ere egun hartan ari zen probatzen». Hura da Zarauzko eskolan hasi den beste herri kirolarietako bat, eta biek aurrerako urratsa egin dute ordutik: «Gustura ari gara».

Azken boladan plazetara batu den emakume kopuru oparoaren erakusgarri bat da haiena: «Ni berria naiz, baina emakume dezente dago». Halaber, Usurbilgoak dio «oso gertuko mundu bat» aurkitu duela herri kiroletan: «Plazara joatean, batekin eta bestearekin hitz egiten dute, elkar animatu, eta gertukoa iruditu zait orain arte ikusi dudana».

Ikasketa prozesu betean dago Errekondo, baina jada egin du plazetarako urratsa. Egur Sporten txapelketan aritu da lehendabizikoz, urtarrilaren 23an, Iraetan (Zestoa, Gipuzkoa). 46 jasoaldi egin zituen. Azaldu duenez, «urduri» ekin zion plazako jardunari, baina kontent geratu zen egindako lanarekin: «Fisikoki, gustura aritu nintzen. Asko dut lantzeko, baina dezenteko indarra sentitu nuen; gogotsu nengoen plazara ateratzeko eta harriari heltzeko. Ondo sentitu nintzen». 

«Gogotsu nengoen plazara ateratzeko eta harriari heltzeko».

Lur Errekondo (harri jasotzailea)

Errekondo gazte mailako harriekin lehiatu zen: 50 kiloko zilindro zaharrarekin, kubikoarekin eta bolarekin. Azken molde horretako tresnarekin moldatzen da ondoen: «Bola gustatzen zait gehien. Zilindroa ere bai, baina teknikoki asko hobetu behar dut oraindik». 

Jatorrizko artikuluak