Izotzik zaharrena aurkitzeko lanean ari dira Antartikan

  • 237 hitz
  • Albistea entzun

Duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina atera nahi dute: hiru kilometro luze eta hamar zentimetro zabal izango den izotz lagin bat. Gero, bai izotza bai izotz geruzetan harrapatuta geratutako aire burbuilak aztertuko dituzte adituek. Laginari esker, klimaren bilakaera zein izan den jakingo dute.

Lurreko klimaren eta ingurumenaren historia izotzetan gordeta dago. Izotzak, lurrak bezala, iraganaz hitz egiten du. Lurrean bezala izotzetan geruzaz geruza behera eginez gero, iraganaren berri jakin daiteke. Zenbat eta sakonago, orduan eta izotz zaharragoa, orduan eta datu zaharragoak. Paleoklimatologiak aztertzen du hori guztia, antzinako klimak ikertzeko zientziak.

Antartikako izotzetan behera eginda, duela milioi bat eta erdi urteko geruzetaraino iritsi nahi dute Beyond EPICA proiektuarekin. Nolako zuloa egin behar dute izotzetan? Zenbateko izotz zilindroa atera behar dute kanpora? Hiru kilometro luze eta hamar zentimetro zabal izango den izotzezko hestebetea edo txurroa.

Ikertzaileek, izotz horretatik, garaian garaiko egoeraren datuak bilduko dituzte: tenperatura, berotegi efektua eragiten duten gasak, eta abar. Non aukituko dituzte datu horiek? Izotzetan eta izotz geruzetan harrapatuta geratutako aire burbuila txikietan.

Ikertzaileek, izotz horretatik, garaian garaiko egoeraren datuak bilduko dituzte: tenperatura eta berotegi efektua eragiten duten gasen kopurua.

Garaian garaiko atmosferako aire burbuilak izaten dira, gasezko lekukoak eta informazio artxiboak. Ikertzaileek airearen osagaiak neurtzen dituzte, berotegi efektua eragiten duten gasen kantitatea jakiteko: karbono dioxidoa, metanoa... Era berean, burbuilaren inguruko ur molekulak aztertuta, orduko tenperatura ere zehaztu dezakete.

Izotz aroen maiztasuna zergatik aldatu ote zen jakiteko

Erdi Pleistozenoko trantsizio garaian, duela 800.000 eta 1,2 milioi urte artean, izotz aroen maiztasuna aldatu egin zen: 40.000 urtetik behin gertatzen zena 100.000 urtetik behin gertatzen hasi zen. Alegia, izotz aro batetik besterako denbora tartea bikoiztu egin zen, eta ziklo glaziarrak aldatu egin ziren.

Zergatik gertatu zen? Ez dakite. Teoria baten arabera, aldatu egin ziren, alde batetik, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten zuen orbita eta, bestetik, Eguzkiarekiko zuen inklinazioa. Horrek klima ere aldatu zuen. Baina horrek bakarrik eragin dezake izotz aroen zikloa aldatzea? Ez. Horregatik, aldaketaren kausak jakin nahi dituzte, garai hartako izotza aterata eta aztertuta. Horretarako, ikerketaren helburua 1,5 milioi urtera arteko —hiru kilometroko— erregistro edo lagin etengabe bat aurkitzea da, bilakaera etenik gabe ikusi eta aztertu ahal izateko. 

Izan ere, lehenago, 800.000 urtera arteko tenperaturaren eta atmosferako karbono dioxidoaren berri izan zuten. Ikusi zuten tenperatura eta karbono dioxidoa elkarri lotuta zeudela: izotz aroetan, tenperatura jaisten zenean, gutxitu egiten zen atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa ere; izotz aroen arteko urteetan, klima berriro berotzean, handitu egiten zen karbono dioxidoaren kontzentrazioa ere. Ikerketa berrien bitartez, hobeto ulertu nahi dute zer-nolako eragina zuen karbono dioxidoak garai hartako tenperaturan.

Ikerketa berrien bitartez, hobeto ulertu nahi dute zer-nolako eragina zuen karbono dioxidoak garai hartako tenperaturan.

Ikertzaileek iraganaren berri jakin nahi dute, zer gertatu zen argitzeko. Baina urte batzuk barru zer gertatuko den jakiteko ere baliatu nahi dute ikerketa, berotegi efektuko gasen isuria handitzen denean eta Lurreko tenperatura berotzen denean.

Zuloa, munduko lekurik hotzenenetakoan

Non egingo dute zuloa? Antartikako ekialdean, Little Dome C izeneko hamar kilometro koadroko eremuan. Domo bat da, kupula formako egitura geologiko bat. 1970eko hamarkadan hasi ziren hango izotzetan zuloak egiten. Itsas mailatik 3.233 metrora dago, eta kostaldetik 1.100 kilometrora. Munduko lekurik hotzenetakoa da: zero azpiko 25 gradu izaten dira udan, eta zero azpiko 80 gradu neguan.  Concordia basetik 40 bat kilometrora dago —Frantziako eta Italiako ikerketa taldeen basea da Concordia—.

Munduko lekurik hotzenetakoa da: zero azpiko 25 gradu izaten dira udan, eta zero azpiko 80 gradu neguan.

Horrek asko erraztuko du proiektuaren logistika: izotza lau metroko zatietan aterako dute kanpora, metro bateko zatietan moztuko dituzte, eta Concordia basera eraman. 40 kilometro ez dira asko izotzezko kontinentean. Ez da izango izotz zatien bidaia bakarra, Concordian erditik moztuko baitituzte, luzetara. Erdi bat basean gordeko dute; bestea, berriz, Europara bidaliko dute, ikertzeko.

Lan zaila eta korapilatsua da halako izotz laginak lortzea: zulatzeko orduan geruzak urtu eta nahastu daitezke; Lurraren berotasunak lur azpiko arrokatik gertuen dauden geruzak urtu ditzake; gainera, laginak eskuratu eta gero, ondo kontserbatu behar dira. Behin-behineko kobazulo bat prestatzen ari dira elurretan, lehen laginak gorde ahal izateko.

Jatorrizko artikuluak