Gizadiak 11 urteko epean eten behar lituzke karbono isuriak

  • Albistea entzun

Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko eta klima aldaketaren ondorioak gehiago ez larritzeko eten behar lirateke isuriak 2032an. Oraingo erritmoan jarraituz gero, pandemiaren aurretik adina emisio izango dira aurten: herrialdeek iaz baino %4,9 karbono gehiago isuriko dute.

Mundu osoko zientzialari sare batek, Global Carbon Project egitasmoak, berotegi gasen isuriei buruzko datuak biltzen ditu, urte batetik besterako aldaketak neurtzeko. Horretaz gain, gizadiari gelditzen zaion «karbono aurrekontua» kalkulatzen du: zein den gizadiak isur dezakeen gehienezko karbono kantitatea Parisko Hitzarmeneko akordioak betetzeko.

Azken txostenaren ondorioak hauek dira: gizadiak 11 urteko epean eten behar lituzke karbono isuriak, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatu eta klima aldaketaren ondoriorik larrienak ez izateko, baldin eta isuriak gutxitzeko neurri eraldatzailerik hartzen ez badu.

Txostenean iragarri dutenez, pandemiaren aurretik adina isuri egingo dira aurten. Iazkoa sekula ikusi gabeko jaitsiera izan zen, COVID-19aren pandemiaren eraginez: %5,4 egin zuen behera erregai fosilen ondorioz isuritako karbono kantitateak, 2019ko datuekin alderatuta. Baina eten laburra izango dela dirudi: herrialdeek iaz baino %4,9 karbono gehiago isuriko dute. 


Jatorrizko artikuluak