Zientzia

Izotzik zaharrena nahi dute

Beyond EPICA ikerketa proiektua Antartikan lanean ari da, izotza zulatu eta duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina ateratzeko. Laginari esker, klimaren bilakaera ezagut dezakete.

Izotzik zaharrena nahi dute.
jakes goikoetxea
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Izotzak, lurrak bezala, iraganaz hitz egiten du. Izotzetan, lurrean bezala, geruzaz geruza behera eginez gero, iraganaren berri jakin daiteke. Adituek irakurri egin ditzakete, bai izotza, bai izotz geruzetan harrapatuta geratutako aire burbuilak. Zenbat eta sakonago, orduan eta izotz zaharragoa, orduan eta datu zaharragoak. Lurreko klimaren eta ingurumenaren historia izotzetan gordeta dago. Paleoklimatologiak aztertzen du, antzinako klimak ikertzeko zientziaren adarrak.

Antartikako izotzetan behera eginda duela milioi bat eta erdi urteraino iritsi nahi dute. Zenbat da hori? Zenbateko zuloa egin behar dute izotzetan? Zenbateko izotz zilindroa atera behar dute kanpora? Hiru kilometro luze eta hamar zentimetro zabaleko izotzezko hestebetea edo txurroa.

Ikertzaileek, izotz horretatik, garaian garaiko baldintzen datuak lor ditzakete: tenperatura eta berotegi efektua eragiten duten gasen kopurua. Izotzetan, eta izotz geruzetan harrapatuta geratutako aire burbuila txikietan.

Elurra elurraren gainean. Aurrena elurra zena, gero izotza. Eta izotz geruzen artean, aire burbuilak. Garaian garaiko atmosferako aire burbuilak izaten dira, gasezko lekukoak eta informazio artxiboak. Ikertzaileek airearen osagaiak neurtzen dituzte, berotegi efektua eragiten duten gasen kopurua jakiteko: karbono dioxidoa, metanoa... Era berean, burbuilaren inguruko ur molekulak aztertuta, orduko tenperatura ere zehaztu dezakete.

Beyond EPICA izena du duela 1,5 milioi urte arteko izotzetaraino iritsi nahi duen proiektuak. EPICA horrek izan dezake epikarik, baina laburtzapen bat da: European Project for Ice Coring in Antarctica (Antartikan Izotza Ateratzeko Europako Proiektua). EPICA izeneko proiektuaren jarraipena da. 2019an hasi zuten ikerketa berria, eta egunotan zuloa egiten hasteko prestatzen ari dira.

Carlo Barbante da koordinatzailea, Italiako Poloetako Zientzietako Institutuko zuzendaria eta Veneziako Ca' Foscari unibertsitateko irakaslea. Hamabi ikerketa institutuk parte hartzen dute, tartean Alemaniako Alfred-Wegenerrek eta Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroak (CNRS). Europako Batzordeak 11 milioi euro eman dizkie.

Erdi Pleistozenoko trantsizio garaian, duela 800.000 eta 1,2 milioi urte artean, aldaketa bat gertatu zen: izotz aroen maiztasuna aldatu egin zen: 40.000 urtetik behin gertatzen zena 100.000 urtetik behin gertatzen hasi zen. Alegia, izotz aro batetik besterako denbora tartea bikoiztu egin zen, ziklo glaziarrak aldatu egin ziren.

Zergatik gertatu zen? Ez dakite. Teoria baten arabera, aldatu egin ziren, alde batetik, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten zuen orbita eta, bestetik, Eguzkiarekiko zuen inklinazioa. Horrek bertako klima ere aldatu zuen. Baina horrek bakarrik azaldu dezake izotz aroen zikloa aldatzea? Ez. Horregatik, aldaketaren arrazoiak jakin nahi dituzte, garai hartako izotza aterata eta aztertuta.

Etenik gabeko lagina

EPICAn duela 800.000 urteko izotzetaraino iritsi ziren: 2.774 metrora arte zulatu zuten. Beyond EPICAren helburua 1,5 milioi urtera arteko —hiru kilometroko— erregistro edo lagin etengabe bat aurkitzea da, bilakaera etenik gabe ikusi eta aztertu ahal izateko. Beste ikerketa talde batzuek lagin zaharragoak lortu dituzte, baina ez segidakoak edo geruzen artean etenik gabeak.

EPICAn 800.000 urtera arteko tenperaturaren eta atmosferako karbono dioxidoaren berri izan zuten. Ikusi zuten tenperatura eta karbono dioxidoa elkarri lotuta zeudela: izotz aroetan, tenperatura jaisten zenean, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa ere gutxitu egiten zen; izotz aroen arteko urteetan, klima berriro berotzean, karbono dioxidoaren kontzentrazioa ere handitu egiten zen. Ikerketa berriekin hobeto ulertu nahi dute zer-nolako eragina zuen karbono dioxidoak garai hartako tenperaturan.

Ikertzaileek iraganaren berri jakin nahi dute, zer gertatu zen argitzeko. Baina urte batzuk barru zer gertatu daitekeen jakiteko ere baliatu nahi dute ikerketa, berotegi efektuko gasen isuria handitzen denean eta Lurreko tenperatura berotzen denean.

Non egingo dute zuloa? Antartikako ekialdean, Little Dome C izeneko hamar kilometro koadroko eremuan. Domo bat da, kupula formako egitura geologiko bat. 1970eko hamarkadan hasi ziren bertako izotzetan zuloak egiten. Itsas mailatik 3.233 metrora dago, eta kostaldetik 1.100 kilometrora. Munduko lekurik hotzenetakoa da: zero azpiko 25 gradu izaten dira udan, eta zero azpiko 80 gradu neguan. Concordia basetik 40 bat kilometrora dago—Frantziako eta Italiako ikerketa taldeen basea da Concordia—.

Horrek asko erraztuko du proiektuaren logistika: izotza lau metroko zatietan aterako dute kanpora, metro bateko zatietan moztuko dituzte, eta Concordia basera eraman. 40 kilometro ez dira asko izotzezko kontinentean. Ez da izango izotz zatien bidaia bakarra, Concordian erditik moztuko baitituzte, luzetara. Erdi bat basean gordeko dute; bestea, berriz, Europara bidaliko dute, ikertzeko.

Azkeneko hiru urteetan radarrekin Antartikako izotz geruzak neurtzen eta aztertzen aritu dira, zulo sakonagoak egiteko leku egokienaren bila. 2019 bukaeran aukeratu zuten lekua, Little Dome Cn.

Nazioarteko lehia

Zuloa egiteko azpiegiturak prestatzen eta probatzen arituko dira urtarrilera arte. Barbantek esan du zuloa egiten hasteko moduan daudela. 170 metro izotz atera nahi dituzte astean. Twitterreko kontuan zabaldutako irudi batean ikus daiteke X bat ere jarri dutela zuloa egingo duten leku zehatzean.

Lan zaila eta korapilatsua da halako izotz laginak lortzea. Zulatzeko orduan geruzak urtu eta nahastu daitezke. Lurraren berotasunak lur azpiko arrokatik gertuen dauden geruzak urtu ditzake. Laginak eskuratu eta gero, ondo kontserbatu behar dira. Beyond EPICAko taldea behin-behineko kobazulo bat prestatzen ari da elurretan, lehen laginak gorde ahal izateko.

Izotz zaharrenarena ez da giza fosilik zaharrena aurkitzeko lehia. Ez da Martera iristeko eta Martetik informazio interesgarriena eskuratzeko lehia. Baina Artikoko izotzetan ere badago lehia. Herrialdeen arteko lehia. Beyond EPICAk ez ezik, nazioarteko beste bost taldek ere lortu nahi dute izotz zaharrena: Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Errusia, Japonia eta Txina. AEBek Izotz Zaharrena Esploratzeko Zentroa (Coldex) sortu berri dute. 25 milioi dolar izango ditu bost urterako (22 milioi euro inguru). Beyond EPICA da aurreratuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.