Behiek sortzen duten metanoa nola gutxitu ikertzen ari dira

Esne behiek sortzen eta isurtzen duten metanoa gutxitzeko ikerketa batean, ondorioztatu dute behien metano isuriak %20 gutxitu daitezkeela bai hautaketa genetikoaren bidez, bai elikaduran liho irina erabilita.

Behiek digestio prozesuan sortzen dute metanoa, eta gorputzetik kanporatzen dute gero. Horrek ondorio kaltegarriak sortzen ditu ingurumenean, berotegi efektua areagotuz.

Metanoak berotegi efektua eragiteko gaitasun handiagoa du karbono dioxidoak baino, baina karbono dioxidoak baino  gutxiago irauten du atmosferan —hamar bat urte—. Prozesu naturala, biologikoa da behiek metanoa sortzea: hartzidura prozesuacloseFermentazioa prozesua.
n sortzen dute. Metano kantitatea, ordea, baldintzatu eta gutxitu egin daiteke. Horretan ari dira lanean munduko hainbat ikerketa talde, baita Euskal Herrian ere: Neiker-Tecnalia. Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea da Neiker.

Esne behiek sortutako metanoa gutxitzeko, bi estrategia ikertu eta landu dituzte: alde batetik, hautaketa genetikoa, hau da, metano gutxiago sortuko luketen behiak identifikatzea; bestetik, elikadura, metano gutxiago sorraraziko luketen gehigarriak aurkitzea.

«Hautaketa genetikoaren bidez lortzea litzateke estrategiarik onena, estrategia iraunkorra eta etengabea baita»: horixe uste du Aser Garciak, Neikerreko agronomia ingeniari eta proiektuan Neikerrek izan duen arduradunak. «Baina arazoa da bide motela dela: gure kalkuluen arabera, hamar urte beharko genituzke metano isuriak %20 murrizteko». Metano gutxiago sortzen duten behiak identifikatu beharko lirateke, eta, haietatik abiatuta, txahalak sortu.

Hautaketa genetikoa sendotu eta zabaldu bitartean, beste estrategia batzuk behar dira, «azkarragoak»: elikadura, esaterako.  Aurkitu dute behien metanoa gutxitzen duen elikadura osagarri bat: liho irina, omega 3 gantzarekin aberastua. Metanoa sortzeko, hartzidurak gertatu behar du; hartzidurarik ez badago, ez da metanorik sortzen. Garciaren arabera, gantzek eta olioek hartzidura eragozten dute, «eta behiek gantz hori digeritu eta baliatu dezakete».

Metanoa sortzeko, hartzidurak gertatu behar du; hartzidurarik ez badago, ez da metanorik sortzen.

Liho irina erabiltzearen beste abantaila bat nabarmendu du: «Gantz asegabeek —mota horretakoak dauzka lihoak— bakterio jakin batzuen hazkundea bultzatzen dute, hain justu metano gutxien sortzen dutenena. Zera egiaztatu dugu: behien janariari liho irina gehituz gero, metano isuriak %20 murrizten dira».

Garciak uste du ganaduzaleak kontzientziatuta daudela, konturatu direla metano isuriak gero eta garrantzitsuagoak direla erabaki politikoetan, eta zerbait egin behar zutela: «Beti irabaziko dute; ez dute galtzen: behi batek metano gutxiago isurtzea lortzen baduzu, ingurumenarentzat ona da, bai, baina baita ganaduzalearentzat ere”.

Jatorrizko artikuluak