Joxean Lasa eta Joxi Zabala, GALen lehen biktimak

  • 436 hitz
  • Albistea entzun

1983ko urriaren 15eko gauean Baionan bahitu, Donostian torturatu eta Alacanten hil zituzten, Busoten (Herrialde Katalanak), buruan tiroa jota. Hamabi urte egon ziren desagertuta, harik eta Alacanteko hilerrian gordetako gorpuzkiak identifikatu zituzten arte.

Enrique Rodriguez Galindo (71 urteko espetxe zigorra), Julen Elgorriaga (71 urtekoa), Angel Vaquero (69 urte), Enrique Dorado (67 urte) eta Felipe Bayo (67 urte) zigortu zituzten, bahiketa eta hilketa delituengatik.

Joxean Lasa Arostegi (1963) eta Joxi Zabala Artano (1962) elkarrekin hazi ziren Tolosako Olarrain auzoan (Gipuzkoa). Bat egin zuten militantzia politikoan, eta ihesari ere batera ekin zioten. Baionan bizi zirela, biak batera ikusten zituzten beti beste errefuxiatuek. Lasak eta Zabalak ondotxo zekiten Baiona Ttipian poliziak zebiltzala, baina bi gazteak lasai ibiltzen ziren.

Gau hartan, Lasa eta Zabala Mariano Martinez Kolomo errefuxiatuarekin eta haren bikotekidearekin egon ziren, eta elkarrekin abiatu ziren Tonneliers kalera. Bertan bizi zen Martinez Kolomo. Errefuxiatuak epaiketan kontatu zuenez, zelatan zeuzkatela sumatu zuten. «Donostiako matrikuladun auto bat pasatu zen han hitz egiten ari ginela. Joxi eta Joxeanek esan zidaten poliziak zirela, eta arratsalde horretan hainbat polizia ikusi zituztela Baiona Ttipian. [...] Stop batean zegoen geldituta autoa, baina denbora luzea egin zuen geldirik, eta barrukoak guri begira zeuden». 01:00 aldera, Martinez Kolomok etxera igo eta bere autoko giltzak bota zizkien leihotik. Larunbat gaua zen, eta Arrangoitzeko jaietara joan nahi zuten Lasak eta Zabalak; Martinez Kolomok bere Renault 4L autoa utzi zien. Leihotik begira, urruntzen ikusi zituen, Tonneliers kaletik trinket aldera, autoa trinket atzeko orube batean baitzegoen aparkatuta. Hura izan zen bizirik ikusi zituzten azken aldia.

Joxean Lasa. BERRIA

Joxi Zabala. BERRIA

«Donostiako matrikuladun auto bat pasatu zen han hitz egiten ari ginela. Joxi eta Joxeanek esan zidaten poliziak zirela, eta arratsalde horretan hainbat polizia ikusi zituztela Baiona Ttipian».

Mariano Martinez Kolomo (Lasa eta Zabala azkenekoz bizirik ikusi zituen errefuxiatua)

Hurrengo goizean ziren autoa itzultzekoak, igandean. Astelehenean Martinez Kolomok lanera joan behar zuen, baina Lasa eta Zabala azaltzen ez zirela ikusita, aparkaleku aldera joan zen, autoa han ote zegoen ikustera. Berak utzi zuen leku berean topatu zuen autoa Martinez Kolomok, ateak irekita eta lehen adina gasolina zuela. Autoan Joxi Zabalaren zamarra zegoen, eta ile xerlo bat aurkitu zuten.

Bahituak, atxilotuak eta torturatuak

Hortik aurrerakoa Lasa eta Zabala bahitu zituztenek bakarrik dakite zehatz, nahiz eta hainbat gauza argitzeko aukera izan den urteen poderioz. Lasa-Zabala auziko epaiak gertakariak berregin ditu nolabait, eta «frogatutako gertakariak» kontatu. Horren arabera, autora sartzera zihoazela gaztengana gerturatu, eta bahitu egin zituzten. Autoan topatutako ileek eta bestelako aztarnek indarrez eraman zituztela adierazten dute.

Lasa eta Zabalaren senideak, Donostiako La Cumbre jauregiaren aurrealdean. BERRIA

Bi gazte tolosarrak La Cumbre jauregira eraman zituzten, Donostiara. «1983ko urriaren 16tik, Jose Antonio Lasa Arostegi eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta, eta haien zaintza, Enrique Rodriguez Galindo komandantearen aginduei jarraituz, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak. Txandak egiten zituzten, eta beste zenbaitek ere parte hartu zuten», dio epaiak hitzez hitz.

Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen —torturarik ez zuten frogatutzat jo epaian, argudiaturik hezurrak bakarrik gelditzen zirela gorpuak aurkitu zirenerako, eta horrekin ezinezkoa zela baieztatzea torturatuak izan zirela—, eta Angel Vaquero kapitainak ere «maiztasunez» bisitatu zituen. «Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga Goyenechek ere bisitatu zituzten», dio epaiak.

Tiroz hil eta kare bizian lurperatu

Oraingoz jakin ez dena da zenbat egunez galdekatu eta torturatu zituzten bi gazteak, ez eta zenbat egunez eduki zituzten ere La Cumbre jauregian; horrez gain, ez da jakin noiz eta nola eraman zituzten Alacantera, ez eta tartean beste norabait eraman zituzten ere. Epaiaren arabera, Doradok eta Bayok eraman zituzten bi gazteak Donostiatik Busot herriko Foya de Coves izeneko parajera (Alacant, Herrialde Katalanak). «Autoa utzi eta oinez egin zituzten 200 metro inguru, mendian. Han, Browning pistola batekin, tiro bat jo zioten Jose Antonio Lasari buruan, eta bi tiro Jose Ignacio Zabalari, buruan hari ere. Berehala hil ziren. Gero, aurretik prestatutako zulo batera bota zituzten gorpuak, arroparik gabe eta oraindik ahoa estalita eta lotuta. 180 zentimetro luze, 80 zentimetro zabal eta 90 zentimetro sakon zen zuloa. Lurra eta 50 kilo baino gehiago kare bizi bota zituzten gorpuak estaltzeko».

«Browning pistola batekin, tiro bat jo zioten Jose Antonio Lasari buruan, eta bi tiro Jose Ignacio Zabalari, buruan hari ere. Berehala hil ziren. Gero, aurretik prestatutako zulo batera bota zituzten gorpuak».

'Lasa-Zabala auziko' epaia

Bi gazteak desagertu eta hiru hilabetera, 1984ko urtarrilean, dei bat jaso zuten Alacanteko SER irratian. GALen izenean egin zuten deia, eta Joxean Lasa eta Joxi Zabala hilda zeudela adierazi zuen deitzaileak. «Gaur arratsaldeko hiruretan, Lasa eta Zabala ETAko kideak exekutatu ditugu. Hil aurretik apaiz bat eskatu dute, baina ez diegu eman, merezi ez zutelako». Joxiren amak etxeko sukaldean entzun zuen mezu hori, eta izoztuta utzi zuen. Hitz horiek epaiketan errepikatu zituzten gero. Baina bere garaian ez zen tira egin hari hartatik.

Gorpuzkiak, ongi gorderik

1983ko urritik 1994ko abendura arte ez zuten inolako aztarnarik izan. Baina Lasa eta Zabalaren gorpuak ordurako agertuak ziren. Bi gazteen gorpuak 1985eko urtarrilaren 20an topatu zituen Ramon Soriano Poveda ehiztariak, inguru hartan zebilela. Guardia Zibilari eman zion ehiztariak aurkikuntzaren berri, eta ikerketarik gabe artxibatu zuten bi gorpuen auzia. Desagertutako jendearen zerrendan begiratu ere ez zuten egin, bertsio ofizialaren arabera, ez eta beste polizia indarrekin harremanetan jarri ere. Epaileak ere berehala artxibatu zuen kasua, hildakoak identifikatu ezinda kasurik ez zegoelakoan.

Antonio Bru Brotons auzi medikuak autopsia egin zien Alacanten aurkitu zituzten bi hilotzei, eta, bi gorpu torturatu haien atzean «zerbait larri-larria» ezkutatzen zela iritzita, gordetzeko agindu zuen.

Antonio Bru Brotons auzi medikuari esker mantendu ziren bi gorpuzkiak baldintza onetan. Autopsia egin zien bi hilotzei, eta bi gorpu torturatu haien atzean «zerbait larri-larria» ezkutatzen zela iritzita, gordetzeko agindu zuen, eta hala egon ziren beste hamar urtez Alacanteko hilerrian.

Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak. BERRIA

Senitartekoek 1994. urtearen bukaeran izan zuten gorpu horien berri. Baltasar Garzonek bere bulegora deitu zituen; senideek gorpuak identifikatzea nahi zuen. Axun Lasa joan zen, besteak beste. «Madrilera joanarazi gintuzten; bulegora sartu, mahai handi batean hezurrak agertzen ziren argazki piloa ikusi, eta identifikatzeko eskatu ziguten, ea anaia ezagutzen genuen hezurrak agertzen ziren argazkietan. Esatea ere lotsagarria da. Oso gogorra izan zen hura».

«Madrilera joanarazi gintuzten; bulegora sartu, mahai handi batean hezurrak agertzen ziren argazki piloa ikusi, eta identifikatzeko eskatu ziguten».

Axun Lasa (Joxean Lasaren arreba)

1995eko martxoaren 22an jakinarazi zen Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu zirela Alacanten. Albistea zabaldu zenerako, Francisco Etxeberria auzi medikuak egina zuen bigarren autopsia. Hark baieztatu zuen haienak zirela Busoteko bi gorpuak. 

Komunikabideak jarriak ziren Enrique Rodriguez Galindorengana eta Intxaurrondora begira. Hari horri tiraka lortu zen 2000. urtean Espainiako Auzitegi Nazionalak Enrique Rodriguez Galindo (71 urteko espetxe zigorra), Julen Elgorriaga (71 urtekoa), Angel Vaquero (69 urte), Enrique Dorado (67 urte) eta Felipe Bayo (67 urte) zigortzea, bahiketa eta hilketa delituengatik.

Jatorrizko artikuluak