Astronomia

NASAk Ilargian ura dagoela baieztatu du

Azken behaketen arabera, satelitean izotz erreserba handiak daude, eta gakoak izan daitezke hara egingo diren misio tripulatuetan. (Bideoa euskaraz ikusteko, aukeratu ezarpenen gurpiltxoan 'Azpitituluak', 'Itzulpen automatikoa', eta hizkuntzaren atalean, 'Euskara')

Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 26a
17:29
Entzun

Ur izoztua dago Ilargian. Hori baieztatu du NASA AEBetako Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionalak; orain argitaratu ditu 2018ko abuztuaren 31n egindako behaketa batzuen emaitzak, eta, bi urte baino gehiago haiek aztertzen jardun ostean, «zalantzarik gabe» ur izoztua aurkitu dutela ondorioztatu du. Ez gutxi, gainera. Adierazi dutenez, gutxienez 40.000 kilometro koadro hartzen dituzte satelitean ur izoztua duten gainazalek. Nature Astronomy aldizkariak argitaratu ditu ondorio horiek azaltzen dituzten bi argitalpen. Aurkikuntza oso garrantzitsuak izan daitezke aurrerantzean Lurraren satelitera egingo dituzten misio tripulatuetarako; edateko ura eskuratzeko modua egongo dela uste dute orain ikertzaileek.
Gogora ekarri dute orain bi urte ja antzeman zituztela zantzuak ondorio honetara heltzeko, baina egiaztapena falta zitzaiela; orain erdietsi dute hori.Aurkikuntzotan erabakigarriak izan dira, besteak beste, Boeing 747SP batetik lortutako irudiak, munduko behaketa zentro altuenetik, 13.000 metroko garaieran; hegazkinean jarritako teleskopioak urak soilik isla dezakeen argi infragorri bat antzeman zuen. Ikertzaileen arabera, Ilargian ez dago isla hori egin dezakeen beste materialik: ura bakarrik. Teleskopioa Clavius kraterrera begira jarri zuten, 200 kilometroko diametroa duen zulo batera, Ilargiko hego polotik gertu. Esan dutenez, lur gramo bakoitzeko 200 mikrogramo ur daude, eta, ondorioz, Ilargian ur litro bat lortzeko astronautek bost tona lur beharko lituzkete. Hala esanda oso ur gutxi dela dirudi, baina zientzialariek nabarmendu egin  dute aurkikuntzaren garrantzia: «Ezer ez egotea baino gehiago da».
«Tranpa hotzak» dira
Kataluniako Espazioko Ikerketetako Institutu IECCko aditu Ignasi Ribasek Efe albiste agentziarentzat egindako adierazpenetan  azaldu du atzeman duten ura hauts aleetan eta kristaletan «harrapatuta» dagoela. Kraterretan ez du sekula jotzen Eguzkiak, eta horri esker ura egonkor manten daiteke haietan, izoztuta, betikotu. Tankera horretako lekuei «tranpa hotzak» esaten diete zientzialariek.  
Ilargian ura dagoela frogatzeko era behin betikoa bertara joatea dela onartu dute zientzialariek, baina ikerkuntzon emaitzek «esperantza handia» sorrarazten dutela. Ilargiko ura Lurrekoaren berdina dela ondorioztatu dute, eta erabilgarria izango dela: «Edan aurretik iragaztearekin nahikoa izango da». 2024. urtean NASAk Ilargirako misio bat egitean jarria du gogoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.