Petronorreko bentzeno ihesak babestera behartu ditu Muskizko herritarrak
Petronorren isuri batek Muskizko herritarrei erasan die. Etxean geratzeko eskatu zien Jaurlaritzak otsailaren 26an, eta hilaren 27an, airearen kalitatea pitin bat hobetu arren, ahal dela ez irteteko gomendioa egin die. Zer den bentzenoa eta nola eragiten dien herritarrei; artikulu honetan galdera horiei erantzun die BERRIAk.
Zer da bentzenoa?
Konposatu kimiko bat da bentzenoa, likidoa eta kolore gabekoa. Industria kimikoan erabiltzen da, disolbatzaile gisa; edota industria farmazeutikoan, hasierako edo erdibideko produktu gisa, bestelako gaiekin nahasita. Plastiko, goma eta ehunak egiteko ere erabiltzen da, besteak beste. Oso suharberacloseSukoia, su erraz hartu eta erretzeko erraztasun handia duen gaia. da, eta asko erabiltzen dute, besteak beste, petrolioaren eraldatze katean. Naturan ere aurkitu daiteke, esate baterako, petrolio gordinean. Hain zuzen ere, haren sorreraren iturri nagusia horixe bera da, petrolioa. Sumendien eztandetan eta baso suteetan ere sortzen da bentzenoa, tabakoa erretzean ere bai.
Nola eragiten die pertsonei?
Bentzenoa minbizia eragilea da. Substantzia horrekin kontaktuan sarritan egoten direnek dute arriskurik handiena bentzenoaren kalteak pairatzeko. Bentzenoz kutsatutako airea arnasteak kalte handia eragin dezake; hori dela eta, besteak beste, gasolinan egon daitezkeen bentzeno molekulak gero eta gutxiago dira legez. Itsasgarrietan, garbitzeko produktuetan eta pinturak ezabatzeko produktuetan ere aurki daiteke. Tabakoa erretzea ere bentzeno sortzaile handia da. Hain justu ere, erretzaileek hamar aldiz bentzeno kantitate gehiago arnasten dute erretzen ez dutenek baino.
Bentzenoa maila handietan arnasteak heriotza eragin dezake, eta maila baxuetan, berriz, logura, zorabioa eta bihotz taupaden azkartzea, besteak beste. Botagura, urdaileko mina eta konbultsioak ere eragin ditzake.
Aireko bentzenoaren muga
Europako Batasunak, airearen kalitatea babesteko neurrien barnean, muga ezarri dio airean egon daitekeen bentzeno kantitateari. Gaur egun, horren arabera dago mugatuta Euskal Herriko aireko bentzeno kantitatea. Zehazki, metro kuboko bost mikrogramoko muga ez gainditzea gomendatzen du araudiak, aire osasungarria arnastuko bada. Muskizen, otsailaren 26 iluntzean 200 mikrogramokoa zen kontzentrazioa airean. Hilaren 27 goizean, berriz, 20-25 artekoa zen. Beraz, legeak eskatutakoa baino 40 aldiz altuagoa ere izan da Muskizen egun hauen zenbait unetan airean pilatu den bentzeno kontzentrazioa.
Jatorrizko artikuluak
-
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu Muskizko prebentzio neurri guztiak
Imanol Magro Eizmendi |
|