Tentsioz betetako astea izan dute Muskizen. Petronorrek herrian duen findegiak bi istripu izan ditu, eta berriz agertu da mamua, halako industria baten alboan bizitzeak dakarren arriskua. Igandean, jarduera guztiz eten behar izan zuen findegiak, argindarrik gabe geratu zelako, eta segurtasun neurriek ke hodei oso handiak eragin zituzten. Orduan ez zuten osasuna babesteko neurririk hartu erakundeek; atzo eta gaur, ordea, bai: gasolina depositu batean izandako istripuaren ondorioz, bentzeno maila «nabarmen» handitu zen atzo goizean, eta iluntzean prebentzio neurriak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur bazkalorduan bertan behera geratu dira, baina 28 orduko krisiak galdera eta kezka asko utzi ditu airean, Muskizen.
Asteazken gauean hasi zen arazoa, Petronorreko langileek BERRIAri azaldu diotenez. 22:00ak aldera, gas ihes bat detektatu zuten findegiko gasolina deposituetako batean. Zehazki, ia hogei metro garai den depositu batean gertatu zen istripua: likidoa hartzeko prestaturiko ontzi batean likidoa eta gasa nahastu ziren, deposituak ezin izan zion gasari eutsi, eta gasarekin batera erregaia ere kanporatu zen. Krisia, ordea, atzo goizean piztu zen, 10:00ak aldera: eguzkiaren eta beroaren eraginez, erregaia lurruntzen hasi zen, eta horrek eragin zuen airean bentzenoa pilatzea; eta aldi berean, airearen norabidea aldatu egin zen, herrirantz.
Hala, bentzeno maila «nabarmen handiak» neurtu zituzten atzo goizean Muskizko San Julian auzoan: metro kubikoko 80 eta 132 mikrogramo bentzeno artean pilatu zen 10:15etik 11:00etara, eta gero murriztuz joan zen, baina arratsaldean berriz egin zuen gora, metro kubikoko 200 mikrogramo izateraino. Iluntzean eman zuen gomendioa Osasun Sailak: ahal den guztietan, leku itxietan egoteko, ateak eta leihoak itxita edukitzeko, aire zabalean jarduera fisikorik ez egiteko eta barrualdeko guneak denbora luzez ez egurasteko.
Gaur goizerako murriztua zegoen kutsadura, baina bentzeno balioak metro kubikoko zortzi mikrogramokoak ziren —arriskutik kanpo egoteko bost mikrogramotik behera behar du—. Hori dela eta, prebentzio gomendioei eutsi diete, baina ez dute itxialdirik agindu. Guillermo Herrero Osasun Publikoko zuzendariaren hitzetan, maila horiek ez dira «larritzeko modukoak», eta ez dago arriskurik herritarren osasunarentzat: «Ez dago alerta deirik. Ez dago itxialdirik ez dagoelako arriskurik herritarrentzat. Esan dugun gauza bakarra da kaleko jarduerak pixka bat mugatu ditzatela».
«Ez dago alerta deirik. Ez dago itxialdirik ez dagoelako arriskurik herritarrentzat. Eskatu dugun gauza bakarra da kaleko jarduerak pixka bat mugatu ditzatela»
GERARDO HERRERO Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendaria
14:00ak aldera, berriz, Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu aholku horiek. Izan ere, eguerdian eginiko neurketaren arabera, bentzeno kontzentrazioa metro kubikoko bi mikrogramotan egonkortu da, eta parametro horietan ohiko bizitza egin daiteke. Era berean, kontuan izan du Petronorrek kontrolpean duela egoera sorrarazi zuen gertaera. Dena den, Jaurlaritzak laginak hartzen eta airearen kalitatea neurtzen segituko du.
Neurriak Muskizko 7.500 herritarrentzat baino ez dira indarrean egon; izan ere, Zierbenako Udalak jakinarazi duenez, herrian eginiko neurketetan ez dute produktu arriskutsuen kontzentrazio handirik antzeman. Muskiz eta findegia elkarren alboan daude; Zierbena, berriz, bi kilometrora.

Edonola ere, atzo arratsean eta gauean urduritasun handia izan da Muskizen. Inor gutxik egin du lo lasai herrian. Edu Briones alkateak goizean adierazi duenez, dena den, osasun zerbitzuek ez dute inor artatu behar izan. Brionesek nabarmendu du atzoz geroztik etengabe harremanetan izan dela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin. Haren azalpenen arabera, atzo eguerdian Jaurlaritzaren ohartarazpen bat jaso zuten, goizean findegian bentzeno ihes bat izan zela eta. «Kiratsa nabarmena zen», zehaztu du. Arratsaldean bentzeno mailek behera egin zuten, baina 20:20 aldera, berriz ere gora; orduan eman zuten etxean ixteko aholkua.
azken egunetako gorabeherak muskizen
Goizean kutsadura apaltzen hasia zen arren, alkatea herriko ikastetxe guztiekin harremanetan jarria zen, gaurko jarduna bertan behera utz zezaten. Dena den, eskolak irekita egon dira, beste aukerarik ez duten gurasoek seme-alabak eraman zitzaten. Eguneko zentroak ere zabaldu dituzte, behar duten adinekoentzat.
Gaur goizean bentzeno usaina oraindik nabarmena zen Muskizen; hala ere, herritarrak igandeaz geroztik ari ziren kexaka. Egun hartan, findegia argindarrik gabe gelditu zen hainbat orduz, eta ke beltza atera zen tximinietatik. Jesus Romon Muskizko Udaleko larrialdietako zinegotzia bera ere haserre mintzatu da Euskadi Irratian. Azaldu du azkenaldian istripuak ugaritu egin direla findegian, eta herritar asko ez daudela lasai. Halaber, gehitu du ihesaldi toxikoen berri emateko herrian duten alarmak ez zuela jo.
OSASUN SAILAK MUSKIZKO HERRITARREI EMANIKO AHOLKUAK
Ahal den heinean, espazio itxietan egotea.
Ateak eta leihoak itxita edukitzea.
Kalean jarduera fisiko biziak ez egitea.
Etxea aireztatzeko leihoak luzaroan ez irekitzea, eta, klimatizazio sistemarik izanez gero, birzirkulazio modua erabiltzea.
Krisia amaituta, Petronorrek oharra igorri du, «barkamena» eskatzeko «gorabehera honek eragindako eragozpenengatik». Nabarmendu du enpresak segurtasun protokoloetan ezarritako «neurri zuzentzaile guztiak» abiatu dituela, eta gaurko neurketek «erabateko normaltasuna» islatu dutela airearen kalitatean.
Hala ere, ordu horietan gertatutakoak zeresana ekarriko du datozen asteetan ere. EH Bilduk jakinarazi du Eusko Legebiltzarrean premiaz agertzeko eskatu diela Petronorreko ordezkariei eta Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariari. Koalizioaren aburuz, atzoko istripua «ez da gertaera bakana izan». Sumarrek ere hainbat galdera erregistratu ditu, azalpen «zehatzak» jasotze aldera. Bizkaiko Batzar Nagusietako Elkarrekin Ahal Dugu-k ere Arantxa Atutxa Ingurumen diputatuaren agerraldia galdegin du.

Toluenoa, goraka
Petronorren findegiko airearen kalitatearen neurgailuek arduratzeko moduko datuak jaso dituzte gaur goizean. Tolueno, bentzeno eta xileno kantitate handiak atzeman dituzte. Hirurak jardun industrialarekin harremana duten hidrokarburoak dira. Esaterako, San Juliango estazioan, tolueno kantitatea metro kubikoko 217,48 mikrogramoraino iritsi da —kantitate hori ohikoa baino askoz handiagoa da—. Toluenoa, dena den, ez da bentzenoa bezain arriskutsua osasunarentzat. Hala ere, estazioko datuen arabera, airearen kalitatea oso ona da. Abantoko Las Carrerasko estazioko neurketen arabera, berriz, airearen kalitatea erdipurdikoa da. Hori, bai, neurketa horretan eragina izan du Saharatik iritsitako hautsak.
GAKOAk
Zer da bentzenoa?
Konposatu kimiko bat da bentzenoa, likidoa eta kolore gabekoa. Industria kimikoan erabiltzen da, disolbatzaile gisa; edota industria farmazeutikoan, hasierako edo erdibideko produktu gisa, bestelako gaiekin nahasita. Plastiko, goma eta ehunak egiteko ere erabiltzen da, besteak beste. Oso suharbera da, eta oso erabilia da, besteak beste, petrolioaren eraldatze katean. Naturan ere aurkitu daiteke, esate baterako, petrolio gordinean. Hain zuzen ere, haren sorreraren iturri nagusia horixe bera da, petrolioa. Sumendien eztandetan eta baso suteetan ere sortzen da bentzenoa; tabakoa erretzen ere bai.
Nola eragin diezaieke pertsonei?
Bentzenoa minbizia eragilea da. Harekiko sarritan kontaktua duten pertsonek dute arriskurik handiena bentzenoaren kalteak pairatzeko. Bentzenoz kutsatutako airea arnasteak kalte handia eragin dezake; hori dela eta, besteak beste, gasolinan egon daitezkeen bentzeno molekulak gero eta gutxiago dira legez. Itsasgarrietan, garbitzeko produktuetan eta pinturak ezabatzeko produktuetan ere aurki daiteke. Tabakoa erretzea ere bentzeno sortzaile handia da. Hain justu ere, erretzaileek hamar aldiz bentzeno kantitate gehiago arnasten dute ez erretzaileek baino.
Bentzenoa maila handietan arnasteak heriotza eragin dezake, eta maila baxuetan, berriz, logura, zorabioa eta bihotz taupaden azkartzea, besteak beste. Botagura, urdaileko mina eta konbultsioak ere eragin ditzake.
Aireko bentzenoaren muga
. Europako Batasunak airearen kalitatea babesteko neurrien barne, muga ezarri dio airean egon daitekeen bentzeno kopuruari. Gaur egun horren arabera dago mugatuta Euskal Herriko aireko bentzeno kantitatea. Zehazki, metro kuboko bost mikrogramoko muga ez gainditzea gomendatzen du araudiak, aire osasungarria arnastuko bada. Muskizen kasuan, otsailaren 26ko iluntzean 200 mikrogramokoa zen kontzentrazioa airean. 27ko goizean 20-25 artekoa zen. Beraz, legeak eskatutakoa baino 40 aldiz handiagoa ere izan da Muskizen egun hauetako zenbait unetan airean pilatu den bentzeno kontzentrazioa.