Sai zuria, arriskuan den zeruetako altxorra

  • 747 hitz

Euskal Herriko zeruetan ikus daitekeen espezierik berezi eta mehatxuenetako bat da sai zuria. Azken urteotan haren habitatak babesteko egindako ahaleginak ez du espeziearen arriskua gainditu, hura mehatxatzen duten arrazoiak ere ez direlako desagertu.

Helduen lumaje zuria eta hegoetako luma beltzak direla-eta, sai zuria argi bereiz daiteke Euskal Herrian dauden gainerako saietatik. Euskal Herriko «espezie mehatxatuenetako bat» da gaur egun, eta «kontserbazio egoera txarra» duela nabarmendu du Juan Arizaga (Donostia, 1980) Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia Saileko zuzendariak. Sai zuriak dituen mehatxu nagusien artean nagusi dira gizakiek eragindakoak, eta horietako bat parke eolikoak dira, Nafarroan bereziki: «Parke eolikoetan izandako istripuak dira sai zuriaren lehen heriotza kausa Nafarroan», nabarmendu du Jose Antonio Donazar (Iruñea, 1958) biologo eta CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ikerlariak.

Gainerako lurraldeetan mehatxua txikiagoa da parke eolikoei dagokienez, baina, halere, hasiak dira neurriak hartzen: aurten parke eolikoen zenbait proiektu atzera bota dituzte, besteak beste, sai zuriari eragin diezazkioketen kalteengatik. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak espezie mehatxatuen zerrenda gorria egiten du. Zerrenda horretan dago sai zuria, «arriskuan» dauden espezieen artean. Haren populazioak beheranzko joera duela dio IUCNk, eta Euskal Herriko eremu batzuetan ere,  nabaritu da hegaztiaren populazioaren beherakada.

Gaur egun Nafarroa da Euskal Herrian sai zuri gehien dagoen lurraldea. Donazarrek azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak 2023 eta 2024 bitartean bildutako datuen arabera, 127 sai zuri bikote daude. Baina egoera aldatuz doa Nafarroako eremuaren arabera. CSICeko ikerlariak esan duenez, azken urteetan sai zuriaren populazioaren beherakada «handia» izan da Bardean eta ipar-ekialdeko Pirinioetan; ipar-mendebaldean, aldiz, populazioa handitu egin da. Sai zuriak Nafarroa osoan daude  sakabanatuta.

Ipar Euskal Herrian gaur egun 15 eta 20 sai zuri bikote artean daudela aipatu du Imanol Ameztoi (Donibane Lohizune, Lapurdi, 2000) Euskal Itsasbazterra elkarteko naturaguneen ondare kudeaketaren teknikari eta Saiak elkarteko boluntarioak. Hala ere, adierazi du «galtze handi bat» izan dela. Hori erakusteko, azaldu du Ipar Euskal Herriko saien lo egiteko leku komun batean duela hogei urte 70 sai zuri zirela, eta, aurten, 11 bakarrik zenbatu dituztela. Lo egiteko leku horretan sai zuriak «bizpahiru egunetan» elkartzen dira migrazioa amaitu ondoren, haien habietara itzuli aurretik. Ipar Euskal Herriko sai zuriak Nafarroa Beherean eta Zuberoan daude. 

Arizagak azaldu du Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian populazioa «pixka bat handitzen» ari dela, eta, guztira, 50 eta 60 bikote artean daudela. Azaldu du zer dela-eta gertatu den halako hazkundea: besteak beste, ahalegina egin da hegaztiarentzat kaltegarriak diren pozoiak eta bestelako produktuak landatik erretiratzen; arriskua zekarten linea elektriko batzuk ere zuzendu dira, eta sai zuriak izaten diren labarretancloseMalkar, horma edo aldapa bertikala. «babes aktiboa» egin da. Hala ere, sai zuria suspertzekocloseIndarberritzeko. prozesua «motela» da, eta «heriotza tasa» handia da oraindik. Sai zuriak daude, besteak beste, Valderejon, Aralarren, Aizkorrin, Gorbeian, Gorobelen eta Enkarterrin.

Nahiz eta azken urteetan Euskal Herriko eremu batzuetan sai zuriaren populazioan ez den beherakada handirik izan, munduan asko jaitsi da, Donazarrek adierazi duenez. «UgalketacloseEspezie bereko kide berriak sortzeko prozesua. moteleko espeziea» da, eta «oso kaltebera», erraz hiltzen baitira batez ere hegazti helduak. Arizagak nabarmendu du Europan gizakien eraginez ari direla halako beherakada pairatzencloseJasaten, nozitzen..

Gizakiaren erruz

Aranzadiko kideak hiru kausa nabarmendu ditu: hegaztiek linea elektrikoekin izandako talkak, parke eolikoetan izandako istripuak eta pozoitzeak. Sai zurien elikaduran du eragina pozoitzeak. Izan ere, hegazti sarraskijaleacloseAnimalia hilak jaten dituena. da, eta karraskariak, azeriak edo beste animalia batzuk hiltzeko erabiltzen diren produktu toxikoek sai zuriei ere eragiten diete. Arizagak dioenez, «saiek oso zeregin garrantzitsua dute ekosisteman. Gorpuak jaten dituzte, eta esan dezakegu mendia garbitzen dutela, eta, horrela, ez dira gaixotasunak agertzen». Sarraskijalea izateaz gain, koprofagoacloseBeste animalien gorotzez elikatzen direnak. eta hondakin zalea da, eta zabortegietatik ere elikatzen da. 

Sai zuriak beste ezaugarri bereizgarri bat du: urtero migratzen du. Euskal Herriko sai zuriak espezie transahararrakcloseEuren migrazioan Sahara basamortua zeharkatzen duten espezieak. direla, eta Afrikarantz «oso goiz» joaten direla umatucloseErditu.  ostean. Migrazioak uztail-abuztuetatik aurrera hasten dituzte —gazteak helduak baino lehen abiatzen dira—, eta gehienek negua SahelcloseSahara basamortuaren hegoaldeko mugaren azpian dagoen eskualdea, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorrirainokoa. eskualdean igaro ondoren, Euskal Herrian lehenengo sai zuriak otsailean ikus daitezke. Dena den, gehienak martxoan eta apirilaren hasieran iristen dira. Arizagak azaldu duenez, azken urteetan geroz eta sai zuri gehiagok pasatzen dute negua Iberiar penintsularen hegoaldean, «janaria eskuragarriago» baitute. Joera hori klima aldaketari loturikoa ere izan daiteke. Horrez gain, sai zuri sedentarioakcloseMigraziorik egiten ez dutenak. daude Ozeano Atlantikoko zenbait irlatan, esaterako, Cabo Verden edo Kanarietan.

Parke eolikoez, argindar azpiegiturez eta pozoiez gain, paisaiak eta erabilerak sinplifikatzearen ondorioz dagoen biodibertsitatearen galera eta habiak egiteko eremuetan egiten diren kirol jarduerak ere mehatxu bat dira eurentzat. Oro har, askoz sai arre gehiago daude eta horiek eremu handia hartzen dutenez, sai zuriek zailtasunak dituzte habiak egiteko.

Biodibertsitatearen galerari dagokionez, Donazarrek esan du horrek eragina duela, eta animalia txiki gutxiago izatea dakarrela. Horri loturik, sai zuria sarraskijalea denez, elikatzeko arazoak izaten ditu. Eta kirol jarduerek zer kalte egiten dieten ere nabarmendu dute; esaterako, mendiko lasterketek. Arizagak azaldu du jarduera horiek ez dituztela hegaztiak hiltzen, baina sai zuria animalia «oso kaltebera» dela, eta zeharka «ugalketari» eragin diezaiokeela, eta haren porrota ekarri. 


Jatorrizko artikuluak