Arriskuan dagoen aparteko hegaztia

Euskal Herriko gainerako saiekin alderatuta, sai zuriak ezaugarri bereizgarriak ditu. Ezaugarri horietaz, Euskal Herrian duten egoeraz eta dituzten mehatxuez hitz egin dute Juan Arizagak, Imanol Ameztoik eta Jose Antonio Donazarrek.

Sai zuri heldu baten argazkia. JUAN ARIZAGA
Sai zuri heldu baten argazkia. JUAN ARIZAGA
2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helduek, lumaje zuria, ilerik gabeko aurpegi horia eta hegoetan luma beltzak; gazteek, berriz, lumaje marroia eta ilerik gabeko aurpegi gris urdinxka. Sai zuria argi bereiz daiteke Euskal Herrian dauden gainerako saietatik. Hala ere, gaur egun egoera zailean dago. Izan ere, Euskal Herriko «espezie mehatxatuenetako bat» da sai zuria, eta «kontserbazio egoera txarra» duela nabarmendu du Juan Arizaga (Donostia, 1980) Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia Saileko zuzendariak.

Sai zuriak dituen mehatxu nagusien artean nagusi dira gizakiek eragindakoak, eta horietako bat, nabarmena: parke eolikoak. Euskal Herria osoa kontuan harturik, batez ere Nafarroan ageri da arazo hori: «Parke eolikoetan izandako istripuak dira sai zuriaren lehen heriotza kausa Nafarroan», nabarmendu du Jose Antonio Donazar (Iruñea, 1958) biologo eta CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ikerlariak.

Gainerako lurraldeetan mehatxua txikiagoa da parke eolikoei dagokienez, baina, halere, hasiak dira neurriak hartzen: aurten parke eolikoen zenbait proiektu atzera bota dituzte, besteak beste, sai zuriari eragin diezazkioketen kalteengatik. Horietako bat, esaterako, Araban eta Gipuzkoan egin nahi zuten Itsaraz parke eolikoa izan da. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak espezie mehatxatuen zerrenda gorria egiten du. Zerrenda horretan dago sai zuria, «arriskuan» dauden espezieen artean. Haren populazioak beheranzko joera duela dio IUCNk, eta Euskal Herriko eremu batzuetan ere, azken hamarkadetan nabaritu da hegaztiaren populazioaren beherakada. 

Nafarroan gehien

Gaur egun Nafarroa da Euskal Herrian sai zuri gehien dagoen lurraldea. Donazarrek azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak 2023 eta 2024 bitartean bildutako datuen arabera, 127 sai zuri bikote daude. Baina egoera aldatuz doa Nafarroako eremuaren arabera. CSICeko ikerlariak esan duenez, azken urteetan sai zuriaren populazioaren beherakada «handia» izan da Bardean eta ipar-ekialdeko Pirinioetan; ipar-mendebaldean, aldiz, populazioa handitu egin da. Azaldu du populazioa handitze horiek konpentsatu egiten dutela galdu diren bikoteak, baina hegaztiaren egoera ez dela egonkorra Nafarroako eremu guztietan. Sai zuriak dauden tokiei dagokienez, biologoak esan du Nafarroa osoan daudela gaur egun: «Kantauri aldean, Pirinio Garaietan, Bardean eta Erriberako ibai haranetan aurki daiteke».

Ipar Euskal Herriari dagokionez, gaur egun 15 eta 20 sai zuri bikote artean daudela aipatu du Imanol Ameztoi (Donibane Lohizune, Lapurdi, 2000) Euskal Itsasbazterra elkarteko naturaguneen ondare kudeaketaren teknikari eta Saiak elkarteko boluntarioak. Hala ere, adierazi du «galtze handi bat» izan dela. Hori erakusteko, azaldu du Ipar Euskal Herriko saien lo egiteko leku komun batean duela hogei urtetik hona izandako aldaketa: «2005ean, lo egiteko leku horretan baziren 70 sai zuri, eta, aurten, 11 bakarrik dira». Esplikatu du lo egiteko leku horretan hegazti horiek «bizpahiru egunetan» elkartzen direla migrazioa amaitu ondoren, haien habietara itzuli aurretik. Ipar Euskal Herriko sai zuriak Nafarroa Beherean eta Zuberoan daude, gehienbat Pirinioetan edo horietatik gertu dauden guneetan. Lapurdiri dagokionez, Ameztoik esan du duela hogei urte Larhun mendian sai zuriaren habia bat zegoela, baina gaur egun Lapurdin ez dagoela hegazti bikoterik.

«Parke eolikoetan izandako istripuak dira sai zuriaren lehen heriotza kausa Nafarroan»

JOSE ANTONIO DONAZAR Biologoa eta CSICeko ikerlaria

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian sai zuriek duten egoeraren inguruan hitz egin du Arizagak. Esan du gaur egun hiru lurraldeetan populazioa «pixka bat handitzen» ari dela, eta, guztira, 50 eta 60 bikote artean daudela: «Esan daiteke azken hogei urteetan hemen gorantz doala eta hobetzen ari dela populazio kopurua». Azaldu du zer dela-eta gertatu den halako hazkunderik: besteak beste, ahalegina egin da hegaztiarentzat kaltegarriak diren pozoiak eta bestelako produktuak landatik erretiratzen; arriskua zekarten linea elektriko batzuk ere zuzendu dira, eta sai zuriak izaten diren labarretan «babes aktiboa» egin da. Hala ere, sai zuria suspertzeko prozesua «motela» da, eta «heriotza tasa» handia da oraindik. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian sai zuriak dauden guneei dagokienez, azaldu du, besteak beste, Valderejon, Aralarren, Aizkorrin, Gorbeian, Gorobelen eta Enkarterrin daudela.

Sarraskijalea, migratzailea eta independentea

Nahiz eta azken urteetan Euskal Herriko eremu batzuetan sai zuriaren populazioan ez den beherakada handirik izan, munduan asko jaitsi da, Donazarrek adierazi duenez. «Ugalketa moteleko espeziea» da, eta «oso kaltebera», erraz hiltzen baitira batez ere hegazti helduak. Arizagak nabarmendu du Europan gizakien eraginez ari direla halako beherakada pairatzen.

Aranzadiko kideak hiru kausa nabarmendu ditu: hegaztiek linea elektrikoekin izandako talkak, parke eolikoetan izandako istripuak eta pozoitzeak. Sai zurien elikaduran du eragina pozoitzeak. Izan ere, hegazti sarraskijalea da, eta karraskariak, azeriak edo beste animalia batzuk hiltzeko erabiltzen diren produktu toxikoek sai zuriei ere eragiten diete. Nahiz eta sarraskiez elikatu, ez da espezie harraparia. Beste sai batzuk gorpua zatitzeko zain egoten dira —esaterako, sai motzak edo sai arreak—, geratzen diren hondarrak jateko. Saiek sarraski horiek jatearen garrantzia azpimarratu du Arizagak: «Saiek oso zeregin garrantzitsua dute ekosisteman. Gorpuak jaten dituzte, eta esan dezakegu mendia garbitzen dutela, eta, horrela, ez dira gaixotasunak agertzen». Sarraskijalea izateaz gain, koprofagoa eta hondakin zalea da, eta zabortegietatik eta hondakindegietatik ere elikatzen da. 

«2005ean, lo egiteko leku horretan baziren 70 sai zuri, eta, aurten, hamaika bakarrik dira»

IMANOL AMEZTOI Saiak elkarteko boluntarioa

Sai zuriak Euskal Herrian ikus daitezkeen gainerako saiekiko beste ezaugarri bereizgarri bat du: urtero migratzen du. Arizagak esan du Euskal Herriko sai zuriak espezie transahararrak direla, eta Afrikarantz «oso goiz» joaten direla umatu ostean. Eztei ondoko migrazioak uztailetik eta abuztutik aurrera hasten dituzte —gazteak helduak baino lehen abiatzen dira—, abuztu eta irail artean Gibraltargo itsasartea zeharkatzen dute, eta gehienek negua Sahel eskualdean —Saharako desertuaren hegoaldeko eremua— igaro ondoren, Euskal Herrian lehenengo sai zuriak otsailean ikus daitezke. Dena den, gehienak martxoan eta apirilaren hasieran iristen dira. Arizagak azaldu duenez, Europa mendebaldeko sai zuri gehienek negua Afrika mendebaldean igarotzen badute ere, azken urteetan geroz eta sai zuri gehiagok pasatzen dute negua Iberiar penintsularen hegoaldean, «janaria eskuragarriago» baitute. Joera hori klima aldaketari loturikoa ere izan daiteke, Saiak elkartearen arabera. Horrez gain, migratzen ez duten eta sedentarioak diren sai zuriak daude Ozeano Atlantikoko zenbait irlatan —esaterako, Cabo Verden edo Kanarietan.

Nahiz eta sai zuria deitu, helduek hegoetan luma beltzak ere izaten dituzte. JUAN ARIZAGA
Nahiz eta sai zuria deitu, helduek hegoetan luma beltzak ere izaten dituzte. JUAN ARIZAGA

Eta ugalketa aldiari dagokionez, sai zuriek eztei aurreko migrazioa amaitzen dutenean hasten dute haien ohiko hazkuntza eremuetan. Arreak eta beste sai espezie batzuek ez bezala, Arizagak dio sai zuriek ez dutela kolonietan umatzen. Habiak mendialdeetan eta horien inguruetan izaten dituzte, eta bikoteak lurraldean zehar banatzen dira. Habia bat egiten dute, eta emeak arrautza bat edo bi jartzen ditu normalean. Kumea jaio ondoren, elikatu egiten dute. Baina hegan egiteko adina duenean, uztail aldera migrazioa hasten dute gazteek, eta, hala, esan daiteke hortik aurrera independenteak direla. Gazteek egiten duten moduan, bikoteek ere banaka egiten dituzte migrazioak. Bikotea umatze aldian elkarrekin egoten dela dio Arizagak, baina behin hori amaituta, banaka migratzen dutela sai zuriek. Dena den, aipatu du korronte termikoen mende daudenez garai eta toki bakoitzeko eguraldi baldintzen arabera sai zuriek elkartzeko joera dutela. Esan du ehunka ikusten direla batera Gibraltargo itsasartea zeharkatzen. Normalean, umatze toki berera itzultzen dira, horretan fidelak dira sai zuriak, eta bikoteak hor elkartzen dira, baina umatze alditik kanpo «nahiko bakartiak» dira. Gaineratu du saiak «nolabait gregarioak» direla, eta, esaterako, umatze garaitik kanpo zabortegietan edo lolekuetan elkartzen direla.

Parke eolikoen mehatxua

«Hemen dituen mehatxu guztiak gizakiek eragindakoak dira», azpimarratu du Arizagak. Donazarrek, Ameztoik eta Arizagak hizpide hartu dituzte. Nafarroaren kasuan, Donazarrek nabarmendu du lurraldean garapen eolikoa «oso handia dela», eta «izugarria» dela zenbat hiltzen diren parke eolikoetan. Donazarrek esan duenez, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, orain arte hamahiru sai zuri hil dira, eta Donazarrek azpimarratu nahi izan du kopuru hori «handia» dela. Nahiz eta gainerako lurraldeekin alderatuta parke eolikoak batez ere Nafarroan dauden, hainbat proiektu geldiarazi eta atzera bota dituzte Euskal Herrian. Itsaraz parke eolikoaz gain, horren aurretik geldiarazi dituzte, esaterako, Bizkaian kokatu nahi zituzten El Haya 1 eta 2 eta Artzentales-Sopuerta, eta Gipuzkoan eraikitzeko proposatu zuten Piaspe parke eolikoak. Erabaki horiek hartzeko arrazoien artean, besteak beste, sai zuriari eragin diezaioketen kaltea zegoen. 

«Jendea mendian korrika ibiltzen da hirian korrika ariko balitz bezala, eta mendia beste gauza bat da, ekosistema oso kalteberak daude»

JUAN ARIZAGA Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia Saileko zuzendaria

Parke eolikoez gain, beste zenbait mehatxu baditu sai zuriak: besteak beste, linea elektrikoak, animaliak hiltzeko erabiltzen diren pozoiak, paisaiak eta erabilerak sinplifikatzearen ondorioz dagoen biodibertsitatearen galera eta habiak egiteko eremuetan egiten diren kirol jarduerak. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Ameztoik aipatu du askoz sai arre gehiago daudela eta horiek eremu «anitz» hartzen dituztela. Horren ondorioz, sai zuriek zailtasunak dituzte habiak egiteko.

Biodibertsitatearen galerari dagokionez, Donazarrek esan du galera horrek eragina duela, eta animalia txiki gutxiago izatea dakarrela. Horri loturik, sai zuria sarraskijalea denez, elikatzeko arazoak izaten ditu. Eta kirol jarduerek zer kalte egiten dieten ere azaldu dute; esaterako, mendiko lasterketek. Arizagak azaldu du jarduera horiek ez dituztela hegaztiak hiltzen, baina sai zuria animalia «oso kaltebera» dela, eta zeharka «ugalketari» eragin diezaiokeela, eta haren porrota ekarri. Pertsona batzuek mendian izaten duten jarrera kritikatu du: «Mendia gimnasio bihurtu da. Jendea mendian korrika ibiltzen da hirian korrika ariko balitz bezala, eta mendia beste gauza bat da, ekosistema oso kalteberak daude». Hala ere, Arizagak nabarmendu du «lan oso ona» egiten ari dela mendi eta eskalada klubekin elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.