Sare sozialen onurez eta kalteez

Gizarte hiperkonektatua, menpekotasuna... ajeak ikusten dizkiete sare sozialei Nerea Aranburuk eta Maddi Kintanak; ordea, uste dute badutela eraldaketarako potentziala, talde proiektuak sortzekoa. Eurak dira eredu: 'Kabala' podcasta aurkezten du Kintanak, eta umorezko bideoak egiten ditu Aranburuk.


Zu, Nerea, antzerkian ere ibiltzen zara. Sare sozialek zer dute antzerkitik eta zer errealitatetik?

ARANBURU: Zertarako erabiltzen dituzun, horren araberakoa da dena. Nire Twitter nire islacloseErreflexu. da. Nahiko errealista da, baina dena dago esajeratua edo parodiatua, horrela erabaki dudalako eta beti naizelako oso parodiazalea, dena esajeratzekoa, minimizatzekoa edo umorez eramatekoa.

KINTANA: Beti da isla, baina baita proiektatu nahi duzuna ere. Oso argi daukat Instagramen zer jarri nahi dudan. Adibidez, ez nituzke Instagrameko argazki guztiak Twitterren jarriko.

ARANBURU: Nik ere ez. Erabaki nuen Twitterren ez jartzea nire ezagunen ezer.

KINTANA: Twitterren gutxiago, baina Instagramen ere ez. Hasteko, Instagram ez baldin badaukate, nik ez ditut igotzen. Haurren, gurasoen eta familiaren argazkiak igotzearen kontra nago; ez dut inoiz egin, eta ez dut inoiz egingo.

Zer da sareetan emakume izatea?

KINTANA: Bizitza errealean bezalakoa. Zure itxura fisikoari buruzko iruzkinak...

ARANBURU: Eta paternalismocloseAitatasun. handia. Aldi berean, baita kristoren babesa ere beste emakumeengandik.

KINTANA: Orain arte, ez zait ezer larririk gertatu.

ARANBURU: Niri ere ezer larririk ez, baina iritziak, pila bat. Askotan, gizon heldu eta heterosexualenak dira.

«Uste dut ondo dagoela saretzea neska gazteon artean, emakume gazteon artean».

Maddi Kintana 

KINTANA: Uste dut ondo dagoela saretzea neska gazteon artean, emakume gazteon artean. Askotan, planteatzen duzu: makillatuta agertuko naiz? Ondo dago edo ez? Zer ari naiz bultzatzen?

ARANBURU: Oso argi eduki behar duzu zergatik egiten duzun, zergatik esaten duzun... Oso argi baldin badaukazu, bestearen iritziak kalte gutxiago egingo dizu.

KINTANA: Eta, aldi berean, zergatik planteatu behar dugu hain argi edukitzea dena? Eta zergatik gizonei ez zaie hori eskatzen?


Gazteen ikuspuntutik, zer ekarpen egiten dute?

KINTANA: Gauza pila bat. Balio dute gazteak euren artean saretzeko, eta uste dut politizatzeko ere oso garrantzitsuak direla.

ARANBURU: Horrenbeste jende edukitzeak globalizazio bat sortzen du, eta alde negatiboak baditu, baina baita positiboak ere. Iritzi gehiago edukita, elikatu egiten duzu zeure burua. Esaten duzu: «Eztabaida honetan, ehun iritzi dauzkat. Denak irakurtzen ditut, eta hortik noa nire iritzi propioa sortuz, guztia ikusi ondoren».

KINTANA: Hala ere, uste dut horrek arriskua ere baduela. Adibidez, badaude diskurtso batzuk horrela jendea batzea lortzen dutenak.

ARANBURU: Eta gauza asko esan ditzakezu inongo oinarririk gabe, eta ez dakit zenbat pertsonarengana iristen zara.

KINTANA: Uste dut orain gazteen artean badagoela joera bat indibidualizaziorako. Gizarte kapitalista eta neoliberalista honetan, bidea eman dezake zure antzekoa den jendea ezagutzeko. Eta erakusteko euskara hizkuntza guay-a eta cool-a dela, ez dela herriko zaharren eta abereen hizkuntza.

Eta zuek aprobetxatu dituzue sare horiek talde proiektu batzuk sortzeko ere.

KINTANA: Klak da horren adierazle. Gazteek sortutako proiektu bat da, gazteok egina eta sarean egina. Beti hartzen da kontuan gazteek zer egin nahi duten, eta beti egiten dugu euskaraz, naziotasun ikuspuntu batetik.

Baina sareetatik bizi al daiteke?

ARANBURU ETA KINTANA: Euskaraz, ez.

KINTANA: Babesleak behar dituzu, eta, euskaraz egiten baduzu, ez daukazu audientzia handirik. EITB eta Eusko Jaurlaritza dira babesle handienak, eta eskas. Oso-oso prekario dago kontua, eta ez da baloratzen euskarazko eduki sortzaileen lana.


Administrazioen aldetik ikusten duzue edukiak euskaraz sortzen dituzuenen aldeko apustu nahikorik?

ARANBURU: Ez dago apusturik. Zuen podcastean jasotzen duzue laguntzaren bat?

KINTANA: Bai, baina komunikabidea izateagatik. Dena oso prekarioa da.

ARANBURU: Arreta beste nonbait dago jarrita, baina ez hemen: ez gazteengan, ez hizkuntzan, eta ez euskarazko entretenimenduan.

«Arreta beste nonbait dago jarrita, baina ez hemen: ez gazteengan, ez hizkuntzan, eta ez euskarazko entretenimenduan».

Nerea Aranburu

KINTANA: Eta, egiten dutenean, ikusten da ez dela gazteek egina. Ikusten da heldu batzuek esaten dutela: «Gazteei hau gustatuko zaie». Gero, auzo lotsa ematen dizu hori ikusteak.

Batak zein besteak umorea egiten duzue. Zergatik?

ARANBURU: Aspaldi konturatu nintzen gauzak umorez egiten ditudanean dibertigarriagoa dela.

KINTANA: Oso politikoa izateko aukera du, hala erabiltzen baduzu. Hain erraz esango ez genituzkeen gauza batzuk bota ditzakezu nahi gabe, eta barre egiten duzu, baina gogoeta egiten duzu. Uste dut belaunaldi honetan gai asko plazaratzeko modua dela umorea. Gainera, ez edozein umore mota, ez potrozimelen umorea: behetik gora egindako umore bat baizik. Hori ere aldarrikatu behar da, umorea ezin duzula edonola egin.

«Konturatu nintzen gauzak umorez egiten ditudanean dibertigarriagoa dela».

Nerea Aranburu

Mundu digitalean, zer erronka ikusten dituzue?

KINTANA: Bat, euskara. Eta nola kudeatu pantailetara edo sakelakoetara itsatsita dagoen gizarte bat.

ARANBURU: Aprobetxatu itsatsita jarraituko duela eta horri etekina atera? [kar-kar]

KINTANA: Ez, ez. Uste dut bide onetik goazela, baina [sareek] balio dezakete, adibidez, Euskal Herrian naziogintza lantzeko, eta jakin behar da hori nola kudeatu. LGTB mugimenduak ere kristoren indarra dauka, eta gauza onak aterako dira. Itxaropentsua izaten ari naiz oraintxe, baina orokorrean ezkorragoa naiz.

«Sareek balio dezakete, adibidez, Euskal Herrian naziogintza lantzeko, eta jakin behar da hori nola kudeatu».

Maddi Kintana

ARANBURU: Proiektuak sortu?

KINTANA: Bai. Nahi ez duguna da indibidualizazio handiagoa, hiperkonexioak, hiperkapitalismoa, hiperkontsumismoa... Eta erabateko apolitikotasuna —faltsua dena—. Kontrakoa lortzeko borrokatu behar dugu.

NEREA ARANBURU (Donostia, 1994)

Erizaina da ogibidez Nerea Aranburu, eta buru osasunean ari da lanean. Sare sozialak ez ditu ofiziorako erabiltzen, afizio gisa dituen umorerako eta antzerkirako baizik. Hirurak uztartzen ditu martxan dituen proiektuetan. 2018an sortu zen Barrexerka emankizunarekin dabil, beste zenbait lagunekin batera antzerkia, bakarrizketak eta umorezko esketxak tartekatuz. Gainera, Atzean Zuloa proiektuaren baitan, euskaraz umorezko bideoak ipintzen ditu Youtuben. 5.000 jarraitzaile pasatxo ditu Twitterren.

MADDI KINTANA (Zurich, Suitza, 1999)

Itzulpengintza ikasi zuen Kintanak, eta ikasten jarraitzeko asmoa dauka. Orain, Klak gazte proiektu komunikatiboaren Kabala podcasta aurkezten du. Spotifyren eta Youtuberen bidez zabaltzen dute haren edukia, eta urrian hasiko den hirugarren denboraldian du jarria burua. Gainera, aurten telebistan ere eman ditu pausoak, EITBko Zurekin bat programan parte hartu baitu, baita zakua irabazi ere. Twitterren aktiboki aritzen da, eta Tiktokerako euskarazko edukiak ere sortzen ditu.

Jatorrizko artikuluak