Instagram: sare sozialetan nagusi

  • 133 hitz |
  • 1 minutu

Munduan erabiltzaile gehien duten sare sozialetako bat da. Gazteak dira erabiltzaile gehienak, hau da, 18 eta 34 urte bitartekoak. Komunikazio adituen ustez, tresna azkar eta erraza da. Soiltasunak bermatu dio nagusitasuna.

Kevin Systrom eta Mike Kriegerstek 2010eko urriaren 6an aurkeztu zuten Instagram sare soziala. Hasieran, sakelakoekin egindako argazkiak erraz editatzeko asmoz sortu zen. Oso logika erraza zuen, eta du: irudiak dira nagusi. Argazki eta bideo bat aukeratu, iragazkicloseGalbahe. bat edo beste hautatuz irudia txukundu, eta irudia argitaratu. Testu oso gutxi, eta irudi zaparrada handia eta oso azkarra: horra hor Instagramen funtsa. 

Hamarkada bat igarota, hilero 1.000 milioi erabiltzaile aktibo ditu, eta sare sozialetan gehien erabilia bilakatu da –Facebook da, oraingoz, munduan erabiltzaile gehien duen sare soziala: 2.400 milioi erabiltzaile–.

Aplikazioa erraza eta azkarra da, eta etengabe gaurkotzen ari da. Dinamismo horretan asmatu du Instagramek, Amaia Arroyo Sagasta Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultateko irakasle eta ikertzailearen esanetan: «Irudiaren kontsumoa jarri du erdigunean; gainerako sare sozialetan testu gehiago dago. Instagramek esfortzu kognitibocloseAriketa mentala. gutxiago eskatzen duenez, errazago murgiltzen gara».

«Instagramek esfortzu kognitibo gutxiago eskatzen duenez, errazago murgiltzen gara».

Amaia Arroyo Sagasta (Mondragon Unibertsitateko irakaslea)

Angeriñe Elorriaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak nabarmendu du bat datorrela garai honen erritmoarekin: «Irudiaren garrantzia berreskuratu du, jakinda une honetan edonor dela gai argazkiak atera eta irudiak sortzeko».

Etengabe berritzen

Sare sozialaren erabilera esparrua ez da mugatu irudiak argitaratzera: bideo laburrak gehitzeko aukera zabaldu zuen; Instagram TV espazioaren bidez bideo luzeak egiteko aukera sortu zuen; mezularitza zerbitzua ere ezarri zuen, erabiltzaileen interakzioacloseHarremana. elikatzeko; aukera txertatu zuen zuzeneko bideoak eta story-ak plazaratzeko —istorioak, hau da, 24 orduan desagertzen den edukia—; eta, gainera, Reels izeneko bideo musikatuen kanala sortu du.

Berrikuntzen abiadan dago arrakasta: «Instagramek zerbitzu asko integratu ditu, oso erraza izan dadin bertan egon eta bertan kontsumitzea». Arroyok lau ezaugarri identifikatu ditu: bat, erraztasuna. «Irudiak kargatu eta ikustea segundo bateko kontua da». Bi: Facebooken ez bezala, pertsonalizatzeko aukera. «Ez dago harreman horizontalik; nik jarraitzen diodan norbaitek ez du zertan niri jarraitu». Hiru: komunikatzeko aukera: «Iruzkinak egitea izugarri erraza da: Instagramek berak zenbait ikur iradokitzen ditu; ez dago iruzkina idatzi beharrik ere». Ezaugarri hori gizartearen erritmo azkarrari lotuta dagoela esan du Arroyok: bat-batekotasunari. «Story-ak oso adibide garbia dira: eduki laburrak eta egun batean desagertzen direnak, azkar sortu eta azkar kontsumitzekoak».

Gazteen sare soziala

Sare sozialak egindako apustuak fruituak eman ditu. Erabiltzaile mordoa du, eta gazteak dira gehienak, hau da, 18 eta 34 urte bitartekoak. «Tarte horretan daude erabiltzaileen %70», azaldu du Elorriagak. Komunikazio irakasleak ohartarazi du oso erabiltzaile «aurreratuak» direla, sare sozialaren erabilera «ludikoa eta entretenimendura bideratua» egiten dutelako.

Baina zergatik erakartzen ditu Instagramek gazteak? Hainbat arrazoi egon daitezke. Esaterako, nor ez dagoen bertan. «Heldurik gabeko espazio bat da, gurasorik gabekoa, beraien eremua», baieztatu du Arroyok. Bestalde, zerbitzu aniztasuna: «Gazteek bertan dute behar duten guztia. Dena egiten dute Instagramen: argazkiak jarri, ikusi, hitz egin...», gehitu du Elorriagak. Miresten dituztenak ere bertan daude: influencer-ak eta pertsonaia ezagunak.

«Gazteek bertan dute behar duten guztia. Dena egiten dute Instagramen: argazkiak jarri, ikusi, hitz egin...»

Angeriñe Elorriaga (EHUko irakaslea)

Musikariak, aktoreak, futbolariak, marrazkilariak... Gehienek dute Instagram kontua. Euskal Herrian, esaterako, Zuriñe Hidalgo musikariak 22.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. Erreminta baliagarritzat dauka sare soziala: «Espazio bat da nire lana ezagutarazteko eta gainerakoei aurkezteko». Lan profesionalaz gain, bestelako edukia ere jartzen du. «Nire hausnarketak edo bizipenak konpartitzeko espazio bat ere bada».

Euskal Herrian, esaterako, Zuriñe Hidalgo musikariak 22.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. 

Halere, musikariak aitortu du buruhauste ugari sortzen dizkiola sare sozial hori erabiltzeak. «Benetan pentsatzen dut sare sozialak sistemaren arma bat direla, gu manipulatu eta kontrolatzeko. Kontraesanen mundu honetan, eta jabetuta egonik horretaz, saiatzen naiz  ahalik eta kontzienteen erabiltzen». Kontuz ibiltzeko deia ere egin du: «Duela urtebete, kontua hackeatu zidaten. Orduan, zer? Bat-batean desagertu egiten naiz mundutik? Horrek erakutsi zidan Instagramen arrakasta faltsua dela; edonoiz eror daiteke».


Jatorrizko artikuluak