Tiktok, nerabeen sakelakoen jabe

  • 402 hitz

Tiktok aplikazioak arrakasta handia lortu du nerabe eta gazteen artean. Bertan ikus daitezkeen 15 eta 60 segundo arteko bideo labur horiek Interneten jabe bilakatu dira, hilean 800 milioi erabiltzailetik gora lortzeraino. Aplikazioaren erabiltzaile gehienak nerabeak eta gazteak dira, eta emakumezkoak.

Tiktok aplikazioaren erabiltzaile gehienak nerabeak eta gazteak dira; %41ek 16 eta 24 urte bitartean dituzte. Eta, munduko datu orokorrik ez dagoen arren, eta salbuespenak salbuespen, gehienak emakumezkoak dira. Itsaso Cañada Lahia Nahia elkarteko psikologo eta sexu hezitzailearen arabera, hori ez da kasualitatea; «Emakumeoi erakutsi digute gure helburua dela ederrak egotea besteak erakartzeko. Hau, azken finean, erakusleiho bat da». Psikologoak gehitu du emakumezkoek eta gizonezkoek portaera oso desberdina izaten dutela aplikazioan eta oro har sare sozialetan: «Neskak, batez ere, beren burua edo gorputza erakusten agertzen dira, eta mutilak askoz gehiago agertzen dira ekintzak egiten; dela portuan salto bat egiten, dela bizikletan ibiltzen».

«Emakumeoi erakutsi digute ederrak egotea dela gure helburua, besteak erakartzeko. Hau, azken finean, erakusleiho bat da».

Itsaso Cañada (psikologoa eta sexu hezitzailea)

Tiktok ez da horrenbeste jende batu duen lehen sare soziala, ezta gutxiago ere. «Sare sozial bat da, besteak bezalaxe. Baina, kasu honetan, arriskua bikoiztu egiten da,  erabiltzaileak askoz ere gazteagoak direlako», azaldu du Maite Goñi konpetentzia digitaletako adituak. «Adin batean, kontrolatu egin behar dira [gazteak], eta gurasoek jakin behar dute non dauden eta baimenik baduten, hasteko, kontu hori sortzeko». Are urrunago joan da Cañada: «Segun zer adinetan dauden, onena izango litzateke gurasoekin batera ikustea sare sozialetan, telebistan eta Youtuben ikusten dutena. Egokia izan daiteke alboan pertsona heldu bat izatea, ikusten dutena modu kritikoan aztertzeko gai izango dena».

«Adin batean kontrolatu egin behar dira [gazteak], eta gurasoek jakin behar dute non dauden eta baimenik baduten, hasteko, kontu hori sortzeko».

Maite Goñi (konpetentzia digitalean aditua)

Biak bat datoz sare sozialek arrisku handiak dituztela oro har; argibiderik eta kontrolik gabe kaltegarriak izan daitezkeela. Adikzioa eta bullying arazoak sor ditzakete, Cañadaren arabera «sarearen anonimotasunean askoz errazagoa delako inori iseka edo kalte egitea». Goñik dio gazteek jarraibide argiak izan behar dituztela.

Euskarara hurbiltzeko erabili ote daiteke?

Nerabe eta gazte euskaldunentzat egoera okerragoa dela dio Goñik. Izan ere, Tiktok mundu osoko fenomenoa den heinean, erdarak dira nagusi. Maite Goñik nabaritu du Euskal Herrian ekoizten direnenean ere inguruko erdarak eta ingelesa erabiltzen direla gehien.

Baina zer gertatuko litzateke euskarak Tiktokeko gazteak mobilizatuko balitu? Horixe planteatu du Goñik: «Tiktoken egon beharko luke Euskaraldiak, adibidez?». Aplikazioak eskaintzen dituen «onurak» aprobetxatzeko aukera egon badagoela adierazi du Goñik, aurretik aipatutako arriskuetarako neurriak hartuta, betiere.

Gaztea Irratiaren adibidea aipatu du, aplikazioan 22.000 atsegitetik gora ditu eta: «Gazteak garbi ikusi du beraiek zer transmititu nahi duten, zein den bere helburua eta non egon beharko luketen». Abagune hori aztertzearen alde agertu da  Goñi, «eragiteko» aplikazioak eskaintzen dituen aukerei begiratua emateko: «Azken finean, gazteak non daude?».

Jatorrizko artikuluak