Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenean, haren lan osoa jaso dute webgune batean: 2.049 idazlan. Kazetaria, politikaria, idazlea izan zen Ugalde, eta ibilbide sendoa egin zuen alor guztietan. 

1936ko gerraren ondorioz erbesteratu, eta, Venezuelan ospe handiko kazetari bihurtuta, 1969an itzuli zen, jaioterriarekiko konpromisoarengatik, eta amets bat bete nahi zuelako: euskarazko egunkari bat sortzea.

"/>

Martin Ugalderen ekarpena sarean jarri dute

  • 56 hitz |
  • 1 minutu

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenean, haren lan osoa jaso dute webgune batean: 2.049 idazlan. Kazetaria, politikaria, idazlea izan zen Ugalde, eta ibilbide sendoa egin zuen alor guztietan. 

1936ko gerraren ondorioz erbesteratu, eta, Venezuelan ospe handiko kazetari bihurtuta, 1969an itzuli zen, jaioterriarekiko konpromisoarengatik, eta amets bat bete nahi zuelako: euskarazko egunkari bat sortzea.

Jakin.eus webgunean edonoren eskura dago orain Martin Ugalderen obra osoa (Andoain, Gipuzkoa, 1921 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2004). 58 urtez jardun zuen idazten: lehen artikulua 25 urte zituela eman zuen argitara, 1946an, sorterriko kronika bat. Eta azkena, berriz, 80 bete zituen egun berean argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-n, orain 20 urte, 2001ean.

Bizitzaren udazkenean zegoela bete zuen Ugaldek ametsa, bere burua kazetari eta euskaltzale ikusi zuen unetik buruan bueltaka eduki zuena: euskarazko egunkari bat egitea. Euskaldunon Egunkaria sortzeko egitasmoaren gurdira igo zen, eta, hura bideratzeko orduan, berebizikoa izan zen Ugalderen ekarria. «Euskararen bizia jokoan ikusi bainuen. Egunkaririk ez duen hizkuntza ezin da aurrera irten». 1980ko hamarkadaren amaiera zen.

«Euskararen bizia jokoan ikusi nuen. Egunkaririk ez duen hizkuntza ezin da aurrera irten».

Martin Ugalde

Mende erdi inguru lehenago, Donibane Lohizunen (Lapurdi), irakasle izan zituen Agustin Zumalabe matematikaria eta euskaltzalea, Joxemiel Barandiaran etnografoa eta Andoni Arozena kazetaria, besteak beste. Erbesteratuta zegoen ordurako, Ugalderen etxean jeltzaleak baitziren: aita EAJko zinegotzia Andoaingo Udalean. Hark Venezuelara ihes egitea lortu zuen 1939an. Martin Ugalde 1940an itzuli zen Andoainera, baina askorentzat nazionalista, separatista eta gorria zenez, inork ez zion lanik eman nahi; aitarena izandako aroztegian ere ez. Laborde torloju lantegian eman zioten lana azkenean, leihoak jartzen. Hain zuzen, lantoki hura zegoen tokian dago egun Martin Ugalde kultur parkea.

Baina Venezuelara begira zegoen Ugalde aspalditik, eta 1947ko udaberrian heldu zen hara. Venezuelan pasatutako 22 urteetan, ospe handiko kazetari bihurtu zen. «Kazetaritza zen nire betiko senacloseBokazioa.». Elite aldizkarian lan egin zuen, El Nacional egunkarian kolaboratu, eta El Farol eta Nosotros aldizkariak zuzendu. Sasoi hartan, gainera, AEBetan kazetaritza master bat osatu zuen bi urtez, eta, Venezuelara bueltatuta, unibertsitate batean hasi zen irakasle.

Venezuelan pasatutako 22 urteetan ospe handiko kazetari bihurtu zen.

Erbesteratu zenetik ari zen itzuleran pentsatzen. «Euskadin lan egin behar nuela pentsatu nuen beti, eta horretarako prestatu nintzen». Ardura bat sentitzen zuen. Eta Anamari Martinez Urreiztieta emaztea euskaldundu zuen bezala, ororen gainetik beste hainbeste egin nahi zuen seme-alabekin.


Euskal Herrira itzuli zenean, Hondarribira, baldintza bakarra jarri zioten: politika kontuetan ez zedila sartu. Segituan hartu zuen, ordea, Alderdi EAJren aldizkari klandestinoaren ardura, eta, 1972an, Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariaren kontseilari izateko deitu zuten. Franco hil arte jardun zuen kargu horretan, eta, urte batzuk geroago, 1982an, Eusko Jaurlaritzan euskara sustatzeko arduradun izendatu zuten, Carlos Garaikoetxeak hala eskatuta. 1985ean, EAJren haustura bazetorrela usainduta, utzi egin zuen postua. Gero, EAn sartu zen. Abertzaletasunak bultzatuta sartu zen politikan, ez berezko bokazioa zuelako. Kritiko eta independente fama zuen.

Euskaraz jarduteko erabakia

Ugalderi iruditzen zitzaion euskal herritarrek ez zutela beren errealitatearen berri. Kazetaritza ikuspegitik bideratutako lan dibulgatiboari ekin zion, eta horren emaitza dira Síntesis de la historia del País Vasco (1974), Hablando con los vascos (1974)... Sasoi hartan, Zeruko Argia aldizkarian idazten zuen, eta 1977an Deia egunkari sortu berriaren zuzendariorde izendatu zuten; nolanahi ere, handik gutxira utzi zuen kazeta hura, euskara aintzat hartzen ez zuelako.

'Iltzailleak' lana da, aditu askoren ustez, euskarazko ipuingintza modernoaren abiapuntua.

60 bat urterekin-edo erabaki zuen euskaraz nahi zuela sortu. Iltzailleak lana (1961), aditu askoren ustez euskarazko ipuingintza modernoaren abiapuntua izandakoa, ama hizkuntzan idatzi zuen, baina ordura arte gazteleraz idatzi zuen nagusiki. Ipuinak, antzezlanak, eleberriak, saiakerak, historia eta kazetaritza lanak...: guztira, 47 liburu argitaratu zituen.

Behin 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortuta eta 1999ra arte, astero zutabe bat idatzi zuen kazeta hartan. 1998ra bitartean, Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, eta ohorezko lehendakaria ordudanik, harik eta Juan del Olmo epaileak kazeta itxi eta zuzendaritzako kideak atxilotu zituen arte. Auzipetua izateko arriskuan eta banketxeko kontu guztiak blokeatuta zeuzkala hil zen. 

Jatorrizko artikuluak